Osakidetzak 3.000 izen-emate jaso ditu 23-24-25eko EPEaren bigarren fasean, EPEaren lehen egunean soilik

0
  • Hiru kategoria gailentzen dira bigarren fase honetan izena emateko prozesuan: Erradiodiagnostikoko teknikari espezialista (522 pertsonak eman dute izena), gizarte-langilea (281 izangai) eta farmaziako laguntzailea (219 izangai)
  • Osakidetzako EPEaren bigarren fase honetan eskaintzen diren 41 kategorietan eskabideak aurkezteko epea ekainaren 29ko 14:00ak arte egongo da zabalik
  • Probak urrian eta azaroan egingo dira, eta EPEaren eredu berria txertatuko da: test motako azterketak eta hurrengo deialdietarako nota-erreserba
  • 2026an zehar, Osakidetzak 107 kategoriatako 5.425 plaza eskainiko ditu guztira, enplegu-deialdi arrunt batean inoiz eskaini den kopururik handiena, alegia

Atzo (asteartea), ekainak 2, Osakidetzak 23-24-25eko EPEaren bigarren fasean izena emateko prozesua abian jarri zuen. Eskabideak aurkezteko epearen lehen egunean, 2.969 pertsonak eman dute izena Osakidetzako Enplegu Publikoaren Eskaintza berrian.

Izena emateko prozedura erritmo onean doa bigarren fase honetan eskaintzen diren 41 lanbide-kategorietan. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren kategorian izena eman duten lagunen kopurua nabarmendu da, 522 hautagai baitira dagoeneko. Hala, Osakidetzaren aurreko hautaketa-prozesuan izena eman zutenen laurdenak baino gehiagok eskatu dute jada EPE berrian parte hartzea. Epearen lehen egunean izena eman duten pertsonen kopuru handiena duten bigarren eta hirugarren kategorien kasuan (gizarte-langilea, 281 eskatzailerekin, eta farmaziako laguntzailea, 219 pertsonarekin), erradiodiagnostikoko teknikariaren antzeko egoera gertatzen da; izan ere, epearen lehen egunean izena eman duten pertsonen kopurua Osakidetzaren aurreko hautaketa-prozesuetan izena eman duten guztien % 25 ingurukoa da.

23-24-25eko EPEaren bigarren fase honetako azterketak urritik azarora bitartean egingo dira.

23-24-25eko EPEaren bigarren fasean izena emateko prozesua atzo (asteartea) hasi zen, ekainaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bigarren faseko oinarri espezifikoak argitaratu ondoren. Izena emateko epea ekainaren 2tik 29ra egongo da zabalik, 14:00ak arte Osakidetzaren webgunean. Aurreko fasean bezala, Osakidetzak hautagaien eskura jarriko du kasuan kasuko izen-emateari dagokion kategoriako galdera-sorta.

Osakidetzaren Enplegu Publikoaren Eskaintza berriaren berrikuntza nagusietako bat da test motako proba bakarra egingo dela. Proba horrek zati teorikoa eta praktikoa (halakorik badago) bilduko ditu, eta hurrengo hiru urteetan nota hori gordetzeko aukera emango du.

23-24-25 EPEan 5.425 plaza eskainiko dira guztira, hiru fasetan banatuta, 107 lanbide-kategoriatarako. Deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Osakidetzako plantilla egonkortzearen eta sistema publikoa indartzearen alde egindako apustua sendotzen dute, Euskal Osasun Itunetik eratorritako konpromisoekin bat etorriz.