Indarraren erabilera polizia-jardunean, PAREZ PARE jardunaldi berri baten ardatz nagusia

0
  • Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak bere hitzaldian balioan jarri zuen Ertzaintza dela “Euskadin kontrol gehien dituen erakunde publikoa” eta, “zintzo jokatzeko”, baita Espainiako Estatuan ere.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak “Indarraren erabilera polizia-jardunean” izeneko jardunaldia hartu zuen atzo Arkauten. Topaketa tekniko eta akademiko horren helburua polizia-jardueran indarraren erabilerari lotutako oinarri juridikoak, mugak, jarduteko irizpideak eta kontrol-mekanismoak sakonago aztertzea izan zen.

Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak inauguratu zuen jardunaldia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Kriminologiaren Euskal Institutuarekin (IVAC-KREI) lankidetzan antolatua. Bere hitzaldian, Zupiriak nabarmendu zuen polizia-jardunean indarraren erabilera ikuspegi zorrotz, juridiko eta etiko batetik jorratzearen garrantzia.

Zupiriak adierazi zuenez, ertzainek eta udaltzainek, beste eskumen batzuen artean, bereziki garrantzitsua den bat dute: “indarra erabiltzeko zilegitasuna”. Haren esanetan, “beste herritarrok ez daukaguna” da, baina gizarteak ematen diena, “behar denean eta modu egokian” erabili ahal izateko.

Ildo horretan, sailburuak indarraren erabilera legitimoaren eta indarkeriaren erabileraren arteko aldea nabarmendu zuen. “Gauza bat da indarraren erabilera  eta beste bat da indarkeriaren erabilera”, adierazi zuen, eta ohartarazi zuen indarrak “arauak apurtzen dituenean, legeak apurtzen dituenean, edo guk dauzkagun instrukzioek gainetik jartzen denean”, zilegitasun demokratikoaren babesetik kanpo geratzen dela eta indarkeria bihurtzen dela. Zupiriak gogorarazi zuen, halaber, gizarte demokratiko batean, polizia-jardunak “beti egon behar duela lotuta ez soilik legeari”, baita zerbitzu publikoa gidatzen duten “kode etiko eta deontologikoei” ere.

Era berean, sailburuak balioan jarri zuen Ertzaintzak duen kontrol-maila handia. Adierazi zuenez, “Euskadin kontrol gehien dituen erakunde publikoa” da, eta, “zintzo jokatzeko”, gaineratu zuen, “Espainiako Estatuko beste inolako polizia-agentziarik ez dago Ertzaintzako agenteek jasaten dituzten adinako kontrolen mende”.

Topaketan unibertsitate-, zuzenbide- eta polizia-eremuetako adituak bildu ziren, eta indarraren erabilera ikuspegi osagarri desberdinetatik aztertu zuten: Zuzenbide Estatuaren esparru konstituzionala, polizia-esku-hartzeetan kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioak, jarduketa legitimoaren eta zigor-zuzenbidetik zigorgarria den gehiegikeriaren arteko bereizketa, bai eta polizia-jardueraren kontrola eta kontu-ematea ere.

MAHAI-INGURUAK

Jardunaldia bi mahai-ingurutan egituratu zen. Lehenengoan, poliziaren indarraren erabileraren oinarri konstituzionalak eta muga juridikoak aztertu ziren, Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle David Ruano Delgadoren parte-hartzearekin. Ondoren, David Antonio Cuesta Bárcenak, Kantabriako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasleak, polizia-esku-hartzeetan kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioak landu zituzten.

Bigarren mahai-ingurua indarraren erabilerara bideratu zen Zigor Zuzenbidearen ikuspegitik, bai eta kontrol instituzionaleko mekanismoetara ere. Bertan parte hartu zuten José Luis de la Cuesta Arzamendik, EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunak eta Zigor Zuzenbidearen Nazioarteko Elkarteko ohorezko presidenteak, eta José Julio González Zamanillok, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kideak.

LANKIDETZA

Jardunaldi hauek Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren artean sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen dira. Hitzarmen horren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) lankidetzan jarduten dute, kriminologiaren eta biktimologiaren arloko azterketa, dibulgazioa eta prestakuntza sustatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin lotutako jarduera akademikoak garatzeko ere.