- Obrak 16 hilabeteko egikaritze-epea dute eta udazkenean hasiko dira
Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Construcciones Moyúa S.L.-ri esleitu dizkio, 2,5 milioi euroren truke eta 16 hilabeteko egikaritze-epearekin, udazkenean hasiko diren Topoaren Irungo Nazioarteko Zubiaren birgaitze-lanak.
Bidasoa ibaiaren gainetik igarotzen den eta mugako herria Hendaiako udalerriarekin lotzen duen Irungo Nazioarteko Zubia Topoaren sarrerako atea da Gipuzkoako lurralde historikoan. 2025ean, Lasarte Oria/Donostia/Hendaia linea ia 19 milioi pertsonak aukeratu zuten garraiobidea izan zen.
Jarduketa hori Euskal Trenbide Sareak Gipuzkoan eta Bizkaian kudeatzen duen trenbide-sarean egiten duen etengabeko azterketa eta analisiaren emaitza da. Hala, aurreko ikuskapen-lanetan ikusitako patologiak eta gabeziak zuzentzeko, proiektuak, hasierako fasean, P1 eta P4 pilareen zimenduen errefortzua jasotzen du. Ondoren, zubibidearen konponketarekin jarraituko da, zimenduetan bermatutako aldamioen bidez. Aldamio horiek, gainera, konponketetarako materiala biltzeko erabiliko dira.
Birgaitze-lanak, nagusiki, hormigoizko elementuak karbonataziotik babestea, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak kentzea, junturak berritzea eta kaltetutako harlanduak berreraikitzea eta baranda birjartzea izango dira. Halaber, tarteko trenbidea berrituko da eta taula iragazgaiztuko da.






