URAk espezie inbaditzaileen kontrol lanak egin ditu Ballonti eta La Calera ibaietan

0
  • La Caleran, Lanestosa erdigunearen eta Kantauriko mugaren arteko tarte batean
  • Ballontin, kilometro batean zehar egin dira lanak, “hodien biribilgunearen” inguruan

Uraren Euskal Agentzia- URAk (Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailera atxikita) aurrera eraman ditu Fallopia japónica landare inbaditzailearen kontrol eta jarraipen lanak Bizkaiko zenbait ibaien inguruan, jabari publiko hidraulikoko mantentze eta lehengoratze ohiko lanen barruan.

Alde batetik, jarduketa horiek La Calera ibaian egin dira, Lanestosa udalerrian, ibaiaren 2.364 metrotan zehar, Lanestosa erdigunetik Kantauriko mugaraino. Tarte honetan Fallopiaren azalera 676 m²-koa zen.

Beste alde batetik, Ballonti ibaian jardun da, bai Ortuellan eskuineko ertzean, bai Portugaleten ezkerreko ertzean; espezie inbaditzailearen presentzia zegoela identifikatu duten eremuetan, hain zuzen ere. Zehazki, kilometroko luzerako tarte batean, Portugaleteko “hodien biribilgunearen” ingurunean. 283 m²-ko Fallopiako azaleran lan egin da. Landarearen kontrol lanek ere jarraipena izan dute ibaian behera, Nervacero instalazioetara ibilgua sartzen den tartean.

Bi kasuetan xedeak izan dira: espezie inbaditzailea tarte horietatik desagerraraztea eta, ondoren, inguru horretan erriberako espezieak landatzea. Urtearen amaierarako aurreikusita dago berrikuspen bat egitea lanak jarraitu behar diren ala ez aztertzeko. Lanak bukatutzat ematen dira espezie inbaditzailea desagertzen denean edo kontrolatuta dagoenean: egoera hori lortzen da  Fallopia japonicaren lekuan erriberako espezieak hazten direnean.

Fallopia japónica, “japoniar banbua” izenarekin ezaguna dena, hedatzeko gaitasun handia duen landare inbaditzailea da, bereziki aldatutako ibai eta ibaiertzeko inguruetan. Zenbait metroko altuerara irits daiteke, eta errizoma-sistema zabal baten bidez hazten da, horrek bere desagerraraztea zailtzen du.

Euskadiko ibaietako espezietako arriskutsuenetako bat da. Masa trinkoak sortzen dituenez, bertako landaredia lekualdatzen du, erriberako ekosistemak aldatzen ditu eta ertzak azkar okupatzen ditu. Gainera, zatietatik abiatuta ugaltzeko duten gaitasunak eta sustraien iraunkortasunak denboran zehar kontrol- eta jarraipen-estrategia jarraituak aplikatzera behartzen dute, hainbat teknika konbinatuz eta berragertzeak aldizka berrikusiz.

Ibilguen lehengoratze, mantentze- lanak eta inbaditzaileen jarraipena

URAk ibai sarean egiten dituen ohiko mantentze lanen artean espezie inbaditzaileen kontrola eta jarraipena aurkitzen dugu. Lanen horien helburu nagusia da ibaiak egoera onenean izatea eta euren funtzionaltasun ekologikoa. Jarduketa hauek eskuarki egiten dira eta URAren estrategia globalean biltzen dira, ibilguen mantentze, lehengoratze eta ingurune hobekuntzara bideratuta. Ikuspegi ekologikotik sentikorrenak diren tarteetan arreta berezia jarriz.