Osakidetza esku-azpietan, oin-azpietan eta azazkaletan agertzen den melanoma akralaren prebentzioan dihardu, horren detekzio goiztiarra indartuz

0

EKAINAREN 13A, LARRUAZALEKO MINBIZIA PREBENITZEKO EUROPAKO EGUNA

  • Osakidetzan, Barrualde-Galdakaoko ESIan egindako ikerlan batean, aztertu egin dituzte 20 urtez izan diren melanoma ezezagun horren kasuak, eta nork bere eskuak, oinak eta azazkalak miatzeak duen garrantzia azpimarratu dute
  • Melanomaren azpimota hori ez dago eguzki-esposizioarekin lotuta, eta edozein pertsonarengan ager daiteke; beraz, prebentzio-mezuak fotobabesetik harago zabaldu behar dira
  • Euskadiko Osasun Itunak ebidentzian oinarritutako prebentzioa, ikerketa publikoaren sustapena eta herritarren ahalduntzea sendotu nahi ditu, baita onkologiaren eremuan ere
  • Hori dela-eta, Larruazaleko Minbizia Prebenitzeko Europako Egunarekin bat eginez (ekainaren 13an, larunbatarekin), Osakidetzak melanoma akrala prebenitzearen eta horren inguruko ezagutza sustatzearen alde egingo du. Barrualde-Galdakaoko ESIko Dermatologiako Zerbitzuak azken 20 urteetan melanoma azpimota horretan diagnostikatutako kasuak aztertu ditu. Melanoma azpimota hori esku-azpietan, oin-azpietan eta azazkaletan soilik agertzen da.

Aldaera hori ez da hain agerikoa eta detektatzea zailagoa da; izan ere, beste melanoma batzuk ez bezala, ez dago lotuta eguzki-erradiazioarekiko esposizioarekin, eta ez die eragiten soilik azal argia duten pertsonei. Horri lotuta, espezialistek diote diagnostikoa egiteko denbora handia dela oraindik, eta horrek agerian uzten du zaintza eta detekzio goiztiarra indartzeko beharra.

Hala, Europako Eguna ospatzeko, Osakidetzak gaixotasun hori hobeto ezagutzen lagundu nahi die herritarrei. Melanoma gaiztoa larruazaleko hirugarren minbizi ohikoena da, baina baita agresiboena ere, goiz detektatzen ez bada.

Azterlanean 2005etik 2025era bitarteko aldia hartu dute ardatz, eta ebidentzia garrantzitsua eskuratu dute detekziorako eta gaixotasunari heltzeko. Ateratako ondorioak, gainera, bat datoz Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoekin, ebidentzia zientifikoan oinarritutako prebentzioa indartzera, ikerketa publikoa bultzatzera eta herritarren inplikazio aktiboa sustatzera bideratuta.

Keinu txiki bat funtsezkoa izan daiteke diagnostiko goiztiarra egiteko

Melanoma akrala fotobabeserako ohiko kanpainetatik kanpo gelditu den minbizia da, ez baitago eguzki-erradiazioaren mende. Horregatik, Osakidetzako espezialistek herritarrei arduratsu jokatzeko deia egiten diete «harago begiratzeko», esku-azpien, oin-azpien eta azazkalen azterketa aktiboa egitea barnera dezaten.

Osakidetzako profesionalek egindako azterlanean, azken bi hamarkadetan Barrualde-Galdakaoko eskualdean diagnostikatutako paziente guztiak aztertu dituzte, eta diagnostikatutako 49 kasuko lagina lortu dute. Emaitzek hiru ondorio nagusi ateratzeko aukera ematen dute:

  • Profil nagusia emakumeena da (% 63), eta 67 urteko batez besteko adina dute diagnostikoa egiteko unean.
  • Hamar kasutik zazpi (% 69) oin-azpietan (batez ere orpoan) edo esku-azpietan detektatu dira. Gainerako % 31 azazkaletan agertu ohi dira, eta batez ere lehen hatzean, bai eskuan, bai oinean.
  • Lesioaren batez besteko bilakaera, diagnostikatu aurretik, 5 urtekoa da, eta batez besteko tamaina ia bi zentimetrokoa da (1,9 cm). Diagnostikoaren ondoren, biziraupen-tasa orokorra % 70ekoa da 5 urteren buruan.

Barrualde-Galdakaoko ESIko profesionalek egindako ikerketari esker, hobeto uler daiteke melanoma akralaren portaera. Izan ere, melanoma horrek oso berezitasun zehatzak ditu larruazaleko beste tumore batzuekin alderatuta:

  • Eguzkiarekin loturarik ez du: Gainerako melanomak ez bezala, ez dago lotuta eguzki-esposizioarekin, ezta azal argiekin ere. Edozein pertsonarengan ager daiteke.
  • Detekzio-denborak: Azterketak erakusten duenez, gaur egun, 3-7 urte igarotzen dira lehen lesioa agertzen denetik diagnostikoa egin arte. Tarte hori aldatu egiten da tumore-zelulek mikroskopioan analizatzean erakusten dituzten ezaugarri berezien arabera.
  • Detekzio goiztiarra faktore erabakigarria da aldeko pronostikoa eta baliabide terapeutikoen iraunkortasun handiagoa lortzeko.

Automiaketa: inork begiratzen ez duen lekuan begiratzea

Gaixotasun horren pronostikoa aldatu nahi bada, diagnostikoa egiteko denbora zeharo murriztu behar da. Horregatik, Dermatologiako Zerbitzuak eskuak eta oinak ere orinen automiaketa-errutinan sartu behar direla azpimarratzen dute, eremu interdigitaletan (hatzen artean) eta azazkaletan arreta berezia jarrita.

Noiz kontsultatu behar da Lehen Mailako Arretan?

  • Esku-azpietan eta oin-azpietan: ABCDE araua betetzen duen orin bat agertzen bada: A Asimetria, B ertz irregularrak, C kolorazio heterogeneoa (zenbait tonu), D 6 milimetrotik gorako Diametroa, edo E Eboluzio arraroa (aldatzea, haztea, min ematea, azkura edo ultzerazioa).
  • Azazkaletan: Marra marroia edo beltza ikusten bada, batez ere 3 mm baino gehiagoko zabalera badu, kolore bat baino gehiago ditu edo pigmentu-orban bat badu kutikulan (arlo medikoan, Hutchinson-en zeinua).