- 2023-2024-2025 EPEaN 5.425 plaza eskaintzen dira, hau da, Osakidetzaren historiako ohiko enplegu-deialdirik handiena da
- Izangaien % 75 baino gehiago emakumeak dira, eta talderik ugariena 40 eta 50 urte bitartekoa da
- Osakidetzak 600 egokitzapen baino gehiago aurreikusi ditu, premia bereziak dituzten pertsonek azterketa berdintasun-baldintzetan egin ahal izatea bermatzeko
- Entzuteko, ikusteko edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako gela espezifikoak, zeinu-hizkuntzako interpreteak, bularreko umeak dituzten amentzat egokitutako banakako kabinak nahiz ospitalizatuentzako egokitzapenak, besteak beste
- Prozesuak enplegu publikoaren egonkortasuna indartzen du, eta bat dator EAEko Osasun Itunarekin, 11.000 plaza baino gehiago finkatu ondoren
Osakidetzak ekainaren 19an (ostirala) hasiko ditu 2023-2024-2025 EPEaren lehen faseko hautaketa-probak. Prozesu historikoa da, bai eskainitako plaza kopuruagatik, bai aurreikusitako parte-hartzeagatik. Asteburuan zehar, ekainaren 19an, 20an eta 21ean, guztira 101.693 izangai joango dira Barakaldoko BECera, 9 kategoria profesionaletako 3.764 plaza eskuratzeko probetara.
Deialdi hau aurrekaririk gabeko Enplegu Publikoaren Eskaintza baten barruan sartzen da. Guztira 5.425 plaza eskainiko dira 107 kategoriatan, eta horietatik 2.160 sortu berriak dira. Osakidetzaren lan-eskaintza arruntik handiena da, eta funtsezko pausoa da enplegu publiko egonkorra eta kalitatezkoa finkatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskal Osasun Itunean hartutako konpromisoekin bat etorriz.
Antolaketa- eta langile-ahalegina
EPE hau egiteko, antolaketa- eta langile-ahalegin handia egin behar da. Osakidetzako 900 profesionalek lagunduko dute probak antolatzen, eta eginkizun erabakigarriak beteko dituzte: pabilioiak koordinatzea, sarbideak kontrolatzea, izangaien banaketa, laguntza logistikoa, informatikoa eta intendentziakoa… Era horretako hautaketa-prozesu batean inoiz mobilizatu den langile-kopuru handiena da.
Gomendioak
Gainera, Osakidetzak hilabeteak daramatza hainbat erakunderekin koordinatuta lan egiten, deialdi handi hori behar bezala garatzea bermatzeko. Metro Bilbaok zerbitzuen maiztasuna indartuko du, eta garraio publikoko zerbitzuak ere areagotuko dira. Era berean, Emergentzietako profesionalak, Ertzaintzakoak eta udaltzainak ere egongo dira, eta Barakaldoko Udalak espazio espezifikoak prestatuko ditu mugikortasuna errazteko, autobusentzako aparkaleku bat, besteak beste.
Osakidetzak BECera behar besteko aurrerapenaz joatea gomendatzen die izangaiei, probak hasi ondoren ez baita sartzen utziko. Pabiloiak azterketa bakoitza egin baino 45 minutu lehenago irekiko dira. Nahitaezkoa izango da nortasun-agiri ofizial bat aurkeztea eta boligrafo urdina edo beltza eramatea. Garraio publikoa erabiltzea ere gomendatzen da, inguruko aparkalekua mugatua izan daiteke eta.
Ordutegiei, abizenen araberako banaketari, pabiloien kokapenari eta sarbideei buruzko informazio zehatz guztia EPEaren webgunean dago eskuragarri, izena eman duten guztientzat.
Berdintasunaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromisoa
Gainera, Osakidetzak ekitatearen ikuspegi argiarekin diseinatu du hautaketa-prozesua, eta izangai guztiek benetako berdintasun-baldintzetan parte hartu ahal izatea bermatu du, inguruabar pertsonalak edo osasunekoak edozein direla ere. Guztira, 672 egokitzapen aurreikusi dira azterketak egiten diren bitartean sortzen diren beharrei erantzuteko.
Neurri horien artean, entzumen-, ikusmen- edo mugikortasun-zailtasunak dituzten pertsonentzako gela espezifikoak daude, proba egiteko ingurune egokia eta lasaia izan dezaten. Aldez aurretik eskatutako laguntza teknikoak eta giza baliabideak ere eskainiko dira, hala nola zeinu-hizkuntzako interpreteak, material egokitua, testu-handitzea edo berariazko laguntza instrumentalak.
Era berean, egoera pertsonal zehatzetarako pentsatutako neurriak ere hartuko dira. Bularra ematen duten amek banakako kabina egokituak izango dituzte, azterketa egitea eta haurtxoei pribatutasunez eta erosotasunez arreta ematea bateragarri egiteko.
Orobat, Osakidetzak osasun-arrazoiengatik ospitalizatuta dauden pertsonen parte-hartzea bermatzen du, adibidez ebakuntza kirurgiko bat izan duten edo erditu diren pertsonentzat. Horretarako, ospitalizatuta daudenen kasuan, kasuan kasuko zentroak izendatutako langileak izango ditu, proba BECen aldi berean eta denbora eta modu berean egin ahal izateko.
Neurri sorta horri esker, EPE irisgarria, inklusiboa eta pertsonengan zentratua lortzeko konpromiso irmoa betetzen da, eta aukera-berdintasuna errealitate zehatz bihurtzen da.
Izangaien profila
Lehen fase honetan izena eman duten pertsonen % 75 baino gehiago emakumeak dira. Adin-talde ugariena 40 eta 50 urte artekoa da, guztizkoaren % 30. Hauek dira izangai gehien dituzten kategoriak: zeladorea (22.839 pertsona), administrari laguntzailea (17.945) eta erizaintzako laguntzailea (15.073).
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa enpleguaren egonkortasunaren alde
EPE honek jarraipena ematen dio Osasun Sailak eta Osakidetzak enplegua egonkortzeko bultzatutako estrategiari. Estrategia horri esker, 11.000 plaza baino gehiago finkatu ziren iaz, eta egiturazko behin-behinekotasuna % 11tik behera murriztu da.
Prozesua, gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak partekatzen duten ibilbide-orriaren barruan kokatzen da, osasun-sistema publikoa indartzeko, plantillen egonkortasuna hobetzeko eta eredu sendoago, jasangarriago eta pertsonei bideratuago bat lortzeko bidean aurrera egiteko.
Aldi berean, gogoratu behar da ekainaren 29ra arte irekita egongo dela 2023-2024-2025eko EPEko II. blokean izena emateko epea. Bertan, 41 lanbide-kategoria sartzen dira, eta 12.700 inskripzio baino gehiago erregistratu dira dagoeneko.
OSAKIDETZA EPEko azterketen egutegia – BEC
2026ko ekainaren 19ko (ostirala), 20ko (larunbata) eta 21eko (igandea) hautaprobak
| Kategoria | Eguna | Ordua | Pabiloia |
| Administrazioko eta Kudeaketako GMT | Ekainak 19 | 9:30 | 5 – Prentsa-aretoa |
| Fisioterapeuta | Ekainak 19 | 13:30 | 5 – Prentsa-aretoa |
| Laborategiko tek. esp. | Ekainak 19 | 17:30 | 5 – Prentsa-aretoa |
| Zeladorea | Ekainak 20 | 9:30 | 1, 2, 3, 5 eta 6 – Luxua aretoa |
| Erizaintzako Laguntzailea | Ekainak 20 | 13:30 | 1, 3 eta 5 – 2. eta 3. Atrioak |
| Zerbitzuetako langilea | Ekainak 20 | 17:30 | 1 eta 5 – Luxua aretoa |
| Erizaina | Ekainak 21 | 9:30 | 1, 3 eta 5 – 2. Atrioa |
| Administrari Laguntzailea | Ekainak 21 | 13:30 | 1, 3, 5 eta 6 – Luxua aretoa |
| Administraria | Ekainak 21 | 17:30 | 1, 3 eta 6 – 2. eta 3. Atrioak |






