Pedrosa: «Eskola publikoaren indarra ikastetxe bakoitzaren indarretik hasten da»

0
  • Sailburuak EHUren gobernantza hezitzaileari buruzko uda ikastaroaren lehen hitzaldia eskaini du, eta nabarmendu du datorren ikasturtean ikastetxe publikoen %88k zuzendaritza-proiektua duen zuzendaritza-talde egonkorra izango duela.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak adierazi du gaur “Eskola publikoaren indarra ikastetxe bakoitzaren indarretik hasten da”, eta ideia horrek laburbiltzen duela, haren esanetan, Sailak bultzatzen duen eskola publikoaren eredua.

Pedrosak EHUren “Eskola publikoan, gobernantzan hazi eta haziarazi” uda ikastaroaren lehen hitzaldia eskaini du. Ikastaroak ikastetxeen gobernantzaren, lidergoaren eta autonomiaren erronkak ditu aztergai, eta bertan nabarmendu du datorren ikasturtean ikastetxe publikoen %88k zuzendaritza-proiektua duen zuzendaritza-talde egonkorra izango duela. Datu horrek azken urteotan egindako aurrerapen nabarmena erakusten du; izan ere, 2009an euskal ikastetxeen %30ek baino ez zuen zuzendaritza egonkorra. Bilakaera horren atzean urte hauetan guztietan ikastetxeetako zuzendaritzak indartzeko eta hezkuntza-proiektuak egonkortzeko egindako lan jarraitua dago.

Hezkuntza saiburuaren esanetan, hezkuntza-sistemaren kalitatea, neurri handi batean, ikastetxe bakoitzak hezkuntza-proiektu sendo bat eraikitzeko, egonkortasunez garatzeko eta gero eta konplexuagoa den errealitateari erantzuteko duen gaitasunaren araberakoa da. Ildo horretan, zuzendaritzen lidergo pedagogikoa, hezkuntza-proiektu partekatuei lotutako autonomia eta etengabe ikasi, ebaluatu eta hobetzeko gai diren antolakundeak indartzearen alde egin du.

Pedrosak gogorarazi du gaur egungo ikastetxeek duela bi hamarkadakoek baino erronka oso bestelakoei egin behar dietela aurre. Ikasleen aniztasunak, irakasteko eta ikasteko metodologien bilakaerak, gaitasun berrien garapenak eta familiekin gero eta harreman estuagoak eskatzen dute erabakiak hartzeko, egoera berrietara egokitzeko eta hezkuntza-komunitate bakoitzaren beharrei erantzun egokia emateko gai diren antolakundeak izatea.

Pedrosak azaldu du ikuspegi hori dela Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoaren oinarria. Plan horrek lidergo pedagogikoa, ikastetxeen autonomia, lankidetza eta ebaluazioa kokatzen ditu sare publikoa indartzen jarraitzeko ardatz nagusien artean. Norabide horretan, Saila hainbat ekimen garatzen ari da, besteak beste, zuzendarientzako gaitasun-profil berria, hasierako eta etengabeko prestakuntza indartzea, berdinen arteko mentoring-programak, Autonomia Dekretu berria eta Hezkuntza Ikuskaritzaren akonpainamendu jarraitua.

Halaber, gobernantza ulertzeko modu bat defendatu du, konfiantzan, erantzukizun partekatuan eta ikastetxeen arteko ikaskuntzan oinarritua, sare publikoak metatutako ezagutza eta esperientzia hezkuntza-sistema osoaren hobekuntzaren mesedetan jartzeko.

Hitzaldiaren amaieran, Begoña Pedrosak bere ponentziaren ideia nagusietako batekin laburbildu du Sailak sustatzen duen gobernantza-eredua: ”Gobernantza onena da ikastetxeek gero eta gaitasun handiagoa izatea erabaki onak hartzeko”.