Mikel Torresek hamarren bat igo du BPGren hazkundea 2027rako: “Hazkunde egonkorraren bideari eusten dio euskal ekonomiak”

0
  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak mantedu egin du % 1,9an euskal ekonomiaren 2026rako igoeraren aurreikuspena, eta hobetu egin du 2027rako zenbatespena hamarren batean, % 1,7ra arte igoko dela iragarriz
  • Estimatu du 2026an enplegua % 1,1 haziko dela eta 2027an % 0,9; horri esker, 20.000 lanpostu inguru sortuko dira datozen bi urteetan, eta langabezia tasa % 6,2ra jaitsiko da 2027an
  • Soldaten bilakaera positiboa azpimarratu du Torresek, inflazioaren gainetik hazi baitira, eta horrek “langileen erosteko ahalmena hobetzea dakar”

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eutsi egin die aurtengo hazkunde aurreikuspenei, eta hamarren bat igo du 2027rako iragarritakoa. “Hazkunde bide egonkor bat mantentzen du euskal ekonomiak, nahiz eta nazioarteko testuinguruak zalantza sortzen jarraitzen duen, batez ere eremu geopolitikoan eta energetikoan”, nabarmendu du.

Aurreikuspen makroekonomikoen aurkezpenean, Torresek azaldu du, azken aldiko bilakaera aztertu ondoren, Euskadik “erresistentziarako eta egokitzapenerako gaitasun argia” erakusten jarraitzen duela, “hazkunde ekonomikoarekin, enplegua sortzearekin eta familien erosteko ahalmena pixkanaka hobetzearekin”.

Esparru horretan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak % 1,9an mantentzen du 2026rako Barne Produktu Gordinaren hazkunde aurreikuspena, eta hamarren batean hobetu du 2027rako zenbatespena, % 1,7ra arte igoko dela iragarriz. “Hazkunde hori, batez ere, barne eskariaren sendotasunean oinarrituko da. Etxeetako kontsumoak jardueraren motor garrantzitsua izaten jarraituko du, erosteko ahalmenaren pixkanakako susperraldiak eta enpleguaren sendotasunak eutsita”, azpimarratu du.

Torres Lehendakariordeak nazioarteko testuinguruan kokatu ditu aurreikuspen horiek, oraindik ere gatazka geopolitikoen bilakaerak eta energía merkatuetako tentsioek baldintzatuta. Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko aurretiazko akordioak ziurgabetasuna murrizten lagundu duen arren, Torresek berretsi du “zuhurtzia eskatzen duen testuinguru batean” jarraitzen dugula, inflazio arriskuek bere horretan jarraitzen dutelako eta finantza baldintza zorrotzagoak dituztelako.

Inbertsioaren bilakaera positiboa

Bestalde, “inbertsioak hazten jarraituko du, erritmo apalagoan bada ere”, Lehendakariordearen hitzetan, “finantza baldintza zorrotzenak gogortu direlako eta Europako funtsei lotutako proiektu batzuk pixkanaka amaitu direlako”.

Oraindik ere zailtasun handienak kanpo sektorean ikusten dira, esportazioen ahultasunak eta ziurgabetasun globalak baldintzatuta, eta faktore horiek bereziki eragiten diote euskal industriari. Hala ere, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aurreikusten du 2027tik aurrera industria sektorea “pixkanaka suspertzea, Europako inguruneak suspertzea sendotzen badu”.

Horren aurrean, Mikel Torresek ziurtatu du zerbitzuen sektoreak “dinamismo handia erakusten jarraituko duela eta enplegua sortzeko motor nagusia izaten jarraituko duela”, bereziki merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu profesionalak bezalako jardueretan.

Enplegu gehiago eta erosteko ahalmena hobetzea

Enpleguaren arloan, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak positiboak dira oraindik. Zenbatespenen arabera, 2026an % 1,1 haziko da enplegua, eta 2027an % 0,9; horri esker, 20.000 lanpostu baliokide inguru sortuko dira datozen bi urteetan. Era berean, langabezia tasa maila baxuetan mantenduko da, % 6,5 inguruan 2026an, eta % 6,2ra arte hobetuko da 2027an.

Torresek nabarmendu duen alderdietako bat soldaten bilakaera positiboa izan da, inflazioaren gainetik hazi baitira. “Lehen hiruhilekoan, langile bakoitzeko soldata kostu arrunta % 4,6 igo zen, KPIaren gainetik. Horrek langileen erosteko ahalmena hobetzea dakar, eta gure aurreikuspenen arabera, susperraldi horrek pixkanaka jarraituko du”, adierazi du.

Datu horiekin guztiekin, Lehendakariordeak ziurtatu duenez, “Euskadik, beste behin ere, erresilientzia erakusten du”, hazteko gaitasunari eusten diolako, enpleguari eusten diolako eta nazioarteko ingurune konplexu batean lan merkatuaren egonkortasuna babesten duelako. “Gure erronka lehiakortasuna indartzea, gure industriari laguntzea eta herritarrentzat ongizatea eta aukerak sortuko dituen hazkundea finkatzea da”, gaineratu du.