Retail Euskal Eskolaren VI. Kongresuak digitalizazioak tokiko merkataritzan giza konexioa nola indartu dezakeen aztertu du

0
  • Hurtadok azpimarratu duenez, eraldaketa digitalak baliagarria izan behar du pertsonei eman beharreko arreta hobetzeko eta hurbileko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko.
  • Topaketak adituak eta merkatariak bildu ditu Gasteizen, berrikuntzaren, lidergoaren eta sektorean aplikatutako digitalizazioaren inguruko esperientziak partekatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Eusko Ganberekin lankidetzan antolatutako Retail Euskal Eskolaren VI. Kongresua inauguratu du Gasteizen. Aurten, ekitaldiaren goiburua “ONLIFE Merkataritza. Pertsonekin konektatzeko teknologia” da, eta sektoreko adituak eta profesionalak bilduko dira, eraldaketa digitalak hurbileko merkataritzaren lehiakortasuna haren funtsa galdu gabe indartzen nola lagundu dezakeen aztertzeko.

Sailburuak azpimarratu duenez, “digitalizazioa ez da tratu pertsonala ordeztuko duen elementutzat hartu behar, tokiko merkataritza bereizten duena (hots, hurbiltasuna, bezeroen ezagutza, aholkuak eta komunitatea sortzeko ahalmena) indartzeko tresnatzat baizik”. Ildo horretan, benetako eraldaketa digitala teknologia erosketa-esperientzia osoagoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzeko erabiltzean datzala defendatu du.

 “Teknologiak bezeroak hobeto ezagutzeko, kudeaketa optimizatzeko, lehiakortasun handiagoa izateko eta benetan garrantzitsua denari (hots, pertsonei arreta emateari, entzuteari eta zaintzeari) denbora gehiago eskaintzeko aukera ematen die saltoki txikiei”, adierazi du. Era berean, nabarmendu du egungo kontsumitzaileak gero eta erosketa-esperientzia gehiago eskatzen dituela. Hortaz, berrikuntza eta egokitzapen digitala ezinbesteko elementuak dira sektorearen etorkizuna bermatzeko.

Testuinguru horretan, “merkataritzaren eraldaketak administrazioen, enpresen eta herritarren artean partekatutako erantzukizuna izan behar du”, adierazi du, eta gogorarazi duenez, “erakundeek sektoreari prozesu horretan laguntzeko laguntza- eta prestakuntza-programak bultzatzen jarraitu behar dute, eta saltokiek digitalizazioak beren zerbitzuen kalitatea hobetzeko eskaintzen dituen aukerak baliatu behar dituzte”. Era berean, kontsumitzaileen erantzukizuna eskatu du, eta haien erosketa-erabakiek eraiki nahi den hiri- eta merkataritza-eredua definitzen laguntzen dutela adierazi du.

Retail Euskal Eskolaren VI. Kongresuak estrategia digitalaren, lidergoaren, bezero-esperientziaren eta komunikazioaren inguruko espezialistak eta merkatariak bildu ditu jardunaldi osoan, eta berrikuntza teknologikoa hurbileko merkataritzaren ezaugarri bereizgarria den tratu hurbil eta pertsonalizatuari uko egin gabe integratzeko moduari lotutako kasu arrakastatsuak partekatu dituzte. Hizlarien artean, datuen analisian, lidergo humanistan, marketin digitalean eta omnikanalitatean adituak diren pertsonek parte hartu dute, baita tradizioa, identitatea eta presentzia digitala uztartzeko gaitasunagatik nabarmendu diren negozio-arduradunek ere.