- Imanol Pradales, Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuarekin batera, EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioaren inaugurazio-ekitaldiaren buru izan da
- Ezagutza aurreratua indartzearen alde agertu da, lehiakortasunerako, gizarte-kohesiorako eta bizikidetza demokratikorako tresna den neurrian
Imanol Pradales Lehendakaria, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasekin batera, EHUren Uda Ikastaroen 45. edizioaren inaugurazio ekitaldi ofizialaren buru izan da gaur arratsaldean. Bertan, zientziak eta ezagutza aurreratuak egungo ziurgabetasunaren eta demokrazien gaineko presioaren testuinguruan betetzen duten zeregina aldarrikatu du.
Eskaini duen hitzaldian, Lehendakariak ohartarazi du nazioartean gero eta ezegonkortasun handiagoa dagoela, eta ezegonkortasun horrek zalantzan eta tentsioan jartzen dituela sistema demokratikoak hainbat esparrutan. Testuinguru horretan, eta jardunaldian parte hartu duen Daniel Innerarityk planteatutako gogoeten haritik, egungo erronkei aurre egiteko ezagutza gehiago, pentsamendu kritiko gehiago eta konplexutasuna ulertzeko eta gobernatzeko ahalmen kolektibo handiagoa behar direla adierazi du.
Errealitate horren aurrean, zientzia eta ezagutza aurreratua indartzearen alde agertu da, lehiakortasunerako, gizarte-kohesiorako eta bizi-kalitatea hobetzeko motorrak eta, aldi berean, bizikidetzari eusteko eta kultura demokratikoa sendotzeko funtsezko elementuak baitira.
Pradalesek, gainera, erantzukizun instituzionala eta politikoa eskatu du egungo erronken neurriko erantzunak behar diren garai honetan. Ildo horretan, azpimarratu du beharrezkoa dela ekintza politikoa egunero duintzea, demokraziaren zilegitasuna eta ospea indartzeko bidea baita.
Eskaini duen hitzaldian, Lehendakariak Uda Ikastaroen ibilbidea eta zentzua ere nabarmendu ditu, eta bere ustez ikastaro horien ekarpena definitzen duten hiru printzipio azpimarratu ditu: etengabeko ikaskuntzari emandako bultzada, konpromiso kolektiboaren indartzea eta jasangarritasunari lotutako identitatearen eraikuntza.






