- Gutxienez 1970etik izandako ekainik beroena izan da, 1991-2020 aldiko batez bestekoarekiko 3,7 °C-ko anomalia termikoarekin.
- Ekainaren 21etik 27ra bitarteko muturreko bero-gertakaria ekainean inoiz erregistratutako luzeena izan da, eta urteko edozein garaitarako bigarren biziena.
- Prezipitazioak, oro har, urriak izan dira; hala ere, hilaren amaierako ekaitzek pilaketa oso handiak utzi zituzten Donostialdea eta Tolosaldea inguruan.
Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, joan den ekaina lehorra izan dela adierazi du, oro har, eta oso beroa tenperaturei dagokienez. Prezipitazioa zaparrada trumoitsuek baldintzatu dute oso modu irregularrean: zenbait eremutan balio normalak edo baita hezeak ere izan dira, bereziki Gipuzkoako kostaldean, Markina-Ondarroan, Tolosaldean eta Arabako Mendialdearen zati batean; beste eremu batzuetan, berriz, batez ere Arabako mendebaldeko erdian, izaera oso lehorra izan du.
TENPERATURA-ERREKORRA
Tenperaturei dagokienez, ekaina oso beroa izan da. Batez besteko tenperaturak 21 °C ingurukoak izan dira kostaldean, eta 20 °C-tik gorakoak Arabako Lautadan; hau da, 1991-2020 aldiko batez bestekoa baino 3,7 °C inguru altuagoak. Gutxienez 1970etik, erregistratutako ekainik beroena izan da, iazko errekorra eta 2003koa 0,6 °C-an gaindituz; bi urte horiek oso antzeko batez besteko balioak zituzten.
Portaera termikoa bereziki baldintzatu zuen hilaren bigarren erdiak. Lehen zatian egun bero eta hotzak txandakatu ondoren, hilaren 13tik aurrera tenperaturek goranzko joera argia hartu zuten, eta hilaren 21etik aurrera aparteko muturreko bero-gertakari bat izan zen. Ekainaren 21etik 27ra bitartean, Euskadik ekainean inoiz erregistratutako bero-gertakaririk luzeena bizi izan zuen, eta urteko edozein garaitarako bigarren biziena, bai maximoen batez besteko tenperaturari bai lortutako balio maximoei erreparatuta.
Ekainaren 21ean beroa orokorra izan zen, eta tenperaturek 40 °C-ak erraz gainditu zituzten Kantauri isurialdeko zenbait tokitan: Sodupe-Cadagua 42 °C, Gardea 41,7 °C, Jarralta 41,6 °C, Muxika 41,2 °C, Lasarte 41,1 °C edo Galdakao 41 °C. Egoera areagotu egin zen hurrengo egunetan, eta goia hilaren 24an jo zuen; egun horretan Euskalmeten sareko estazioen erdiek 40 °C-ko atalasea gainditu zuten, honako erregistro hauekin: Sodupe-Cadagua 44,1 °C, Jarralta 43,9 °C, Berna 43,4 °C, Muxika 43,3 °C, Gardea 43,2 °C eta Galdakao 43,1 °C.
Gainera, gauak salbuespenez beroak izan ziren. Lurralde osoan minimoen batez besteko tenperaturari erreparatuta, ekainaren 22ko eta 24ko balioak serie historikoen buruan egongo lirateke, 2003ko abuztuaren 4ko erregistroak ere gaindituta. Hezetasunak eta kalimak nabarmen handitu zuten sargori-sentsazioa, eta kokaleku askotan gaueko tenperaturak balio tropikaletan mantendu ziren, gauean ia arintzerik gabe.
PREZIPITAZIO URRIAK
Prezipitazioari dagokionez, ekaina mende honetan orain arte izan ditugun hilabeterik lehorrenen artean kokatu da. Pilaketa handienak oso eremu zehatzetan izan ziren, Donostialdean eta Tolosaldean, eta 100 l/m²-tik gorako erregistroak izan ziren zenbait estaziotan: Bidania 116,8 mm, Andoain 115,4 mm, Miramon 112,8 mm eta Ereñozu 102,1 mm. Mediterraneo isurialdean Kanpezu nabarmendu da, 53,6 mm-rekin. Aldiz, baliorik txikienak Arabako zenbait tokitan erregistratu ziren; han, pilaketak ez ziren 10 mm-ra iritsi Nanclaresen 5,8 mm, Trebiñun 7,4 mm, Espejon 7,5 mm eta Sarrian 9,2 mm.
Prezipitazio-egunen kopurua ohikoa baino txikiagoa izan da, bereziki Mediterraneo isurialdean, non batez besteko klimatologikoaren erdian kokatu baita gutxi gorabehera. Kostaldean 6 eta 11 egun artean izan dira; Arabako Lautadan, berriz, apenas izan dira 3 prezipitazio-egun. Egun bakar batek, hilaren 28ak, utzi zituen pilaketa oso handiak, eta lurraldearen ekialdeko erdian hileko guztizkoaren zati handi baten erantzule izan zen.
Prezipitazioari dagokionez, gertakaririk nabarmenena hilaren amaieran iritsi zen, aparteko bero-gertakariaren ondoren. Ekainaren 27ko eta 28ko arratsalde-gauetan zaparrada trumoitsu gogorrak eta oso gogorrak izan ziren. Hilaren 28an, ekaitzek Gipuzkoako kostaldeko eskualdeetan jo zuten, bereziki Donostialdea inguruan, eta intentsitate oso handiak izan ziren: Miramon 49,7 mm/h, Andoain 37 mm/h, Zizurkil 36,6 mm/h eta Bidania 32,6 mm/h. Egunaren amaieran pilaketa esanguratsuak izan ziren, 60 mm-tik gorakoak hainbat estaziotan, besteak beste Bidanian 83 mm, Miramonen 75,2 mm, Zizurkilen 69,4 mm eta Andoainen 68,9 mm.
MUTURREKO FENOMENOAK
Meteorologia txarrari dagokionez, hilaren bigarren erdian pilatu ziren emandako abisu eta alerta guztiak. Guztira, 24 abisu hori aktibatu ziren, prezipitazio handiengatik, tenperatura altu iraunkorrengatik, muturreko tenperatura altuengatik eta baso-sute arriskuagatik. Gainera, 12 alerta laranja eman ziren —tenperatura altu iraunkorrengatik, muturreko tenperatura altuengatik eta baso-sute arriskuagatik—, bai eta 3 alarma gorri ere muturreko tenperatura altuengatik.






