20 euskal gaztek osatutako ordezkaritza bat Ipar Irlandara doa Etikasi programaren barruan, giza eskubideetan eta bizikidetzan trebatzeko

0
  • 120 gaztek baino gehiagok parte hartu dute 2019tik Etikasi programan. Ekimen horrek Ipar Irlandako eta Euskal AEko esperientziara hurbiltzen ditu unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleak. Halaber, programak Batxilergoko 1. mailako ikasleentzako modalitate bat eskaintzen du, Polonia eta Auschwitz bisitatuz.
  • Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria aldamenean izan dute gaur Loiutik irten direnean

18 eta 30 urte bitarteko 20 euskal gaztek osatutako ordezkaritza bat Ipar Irlandara joan da gaur, eta bertan egongo da uztailaren 7ra arte, Etikasi hezkuntza-programaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bultzatutako ekimenaren helburua gazteen artean bizikidetza, bakearen kultura eta giza eskubideen errespetua sustatzea da.

Parte-hartzaileek unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ikaskuntza teorikoa eta memoriari eta gatazkak gainditzeko prozesuei lotutako tokietara egindako bisitak konbinatzen dituen prestakuntza-esperientzia batean hartuko dute parte. Abiatu aurretik, ekainaren 27an, Baketik Fundazioak emandako prestakuntza-jardunaldi batean hartu zuen parte taldeak. Itzultzean, programa osatzeko, Pasaia eta Errenteria bisitatuko dituzte, eta Euskal AEren historia hurbilaren inguruko hausnarketa-saioak egingo dituzte.

María Jesús San José sailburuak zuzentzen duen Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak bultzatzen du Etikasi programa, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin lankidetzan.

Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Ainhoa Zugasti aireportura hurbildu da agur esatera. Bertan azaldu duenez, «programak hezkuntza-esperientzia paregabea eskaintzen die gazteei, non giza eskubideak lehen pertsonan ulertu eta bizi ditzaketen, enpatia, memoria eta bakearekiko konpromisoa sustatuz».

Zuzendariaren ustez, programa honen helburua da parte-hartzaileei gatazka politikoek markatutako prozesu historikoen ikuspegi kritikoa erakustea, baita prozesu horiek giza eskubideetan dituzten ondorioen ikuspegia ere, eztabaidetan, topaketetan eta memoria-lekuetara egindako bisitetan parte hartuz. Horrela, «balio demokratikoak indartzen eta justiziarekiko, bizikidetzarekiko eta giza eskubideen errespetuarekiko konpromiso kritikoa sustatzen laguntzen da belaunaldi gazteenetan, hezkuntza-tresna garrantzitsu bihurtuz».

Giza eskubideei eta bizikidetza demokratikoari buruzko sentsibilizazioa

 

Eusko Jaurlaritzak 2019tik du martxan Etikasi programa, gazteak giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren arloan sentsibilizatzeko apustu gisa. Ordutik, 120 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programan.

Gainera, Etikasik modalitate espezifiko bat bultzatzen du Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat. Aurtengo edizioan Sopelako Ander Deuna ikastolak parte hartu du, 30 ikasle eta bi irakaslerekin. Ekainaren 13tik 16ra bitartean Krakovia eta Auschwitzeko kontzentrazio-esparrua bisitatu zituzten, Polonian. Esperientzia horren helburua da, halaber, totalitarismoaren ondorioei eta memoria historikoak giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren defentsarako tresna gisa duen garrantziari buruzko hausnarketa sustatzea.