Gizarte Segurantzako afiliazio errekor berria du Euskadik 1.044.686 pertsonarekin, ekainean 2.006 kotizatzaile irabazita

0
  • Maiatzean baino 479 langabe gehiago daude, hau da, % 0,46 gehiago, eta urte artean, 821 pertsona gehiago, 2025eko ekainean baino % 1,31 gehiago
  • 81.387 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 19.774 mugagabeak izan dira (% 24,3)

Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egiten jarraitzen du Euskadin. Ekainean 2.006 afiliatu gehiago erregistratu dira Gizarte Segurantzan, eta 1.045.000 kotizatzaileko errekorra lortu da.

Horrela, muga berri bat ezarri da, joan den maiatzean izandako gehieneko datu historikoa gaindituz. Urte arteko datuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko afiliazioa 15.541 kotizatzaile gehiago izan da 2025eko ekainarekin alderatuta, hau da, % 1,51 gehiago.

Bestalde, ekainean 104.212 langabe zeuden erregistratuta Euskadin, hau da, aurreko hilean baino 479 gehiago (% 0,46 gehiago). 2025eko ekainarekin alderatuta, langabeziak ere igoera txiki bat izan du, 821 pertsona gehiago inskribatu baitira Lanbideren bulegoetan (+ % 0,79).

Lurraldeka, bilakaera desberdina izan zen. Araban jaitsi egin zen langabezia, 157 langabe gutxiagorekin (- % 0,89); Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 245 eta 391 langabetu gehiago izan ziren, hurrenez hurren. Urte arteko datuei dagokienez, joera bera ikusten da. Araban jaitsi egin da, 504 langabetu gutxiagorekin (- % 2,81); Bizkaian igo egin da, 684 pertsonatan (+ % 1,17), eta Gipuzkoan 641 pertsonatan (+ % 2,36).

Sektoreka, langabeziak behera egin zuen Industrian (-146, – % 1,45) eta Eraikuntzan (- % 21, -% 0,40), baina gora Zerbitzuetan (+357, + % 0,50) eta aurretik enplegurik ez zutenen artean (+276, + % 1,87). Urte arteko saldoan, jaitsi egin da Eraikuntzan (-147, – % 2,73) eta lehen sektorean (-63, – % 3,45), baina igo egin da aurretik enplegurik ez zutenen artean (+738, + % 5,17), Zerbitzuetan (+266, + % 0,37) eta apur bat Industrian (+27, + % 0,27), eta horrek lan merkatuaren portaera heterogeneoa erakusten du.

Adierazle onuragarrienen artean, iraupen luzeko langabeziaren bilakaera nabarmentzen da, berriro jaitsi baita, bai hileko baliotan, bai urte artekoan (- % 0,49 urte artekoan). Portaera horrek adierazten du gero eta gehiago hobetzen dela enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen laneratzea.

Kontratazioak nabarmen egin du gora

Aldi berean, ekainean nabarmen igo zen kontratazioa. Joan den hilean, 81.387 kontratu erregistratu ziren, maiatzean baino % 23,7 gehiago eta aurreko urteko hil berean baino % 8,5 gehiago. Lan jardueraren gorakada nabarmena islatzen du hazkunde horrek, bereziki euskal ekonomiaren funtsezko sektoreen urtaroko portaerari lotuta.

Kontratu mugagabeak maila altuetan mantendu ziren, modalitate horretako 19.774 kontraturekin, guztizkoaren % 24,3. Datu horrek berresten du enplegu egonkorraren zati handi bat sendotu egin dela kontratazio berrien multzoan, tradizioz aldi baterako kontratazioak ezaugarri izan dituen udaldian.

Era berean, 60.342 pertsona kontratatu ziren, aurreko hilean baino % 31,4 gehiago, eta iaz baino % 9,7 gehiago. 30 urtetik beherakoek kontratazio berrien erdia baino gehiago egin zituzten, eta lan merkatuan sartzeko dinamikan zuten garrantzia indartu zuten.

Oro har, seinale mistoak dituen lan merkatua erakusten dute ekaineko datuek: langabeziaren gorakada txiki bat, kontratazioan dinamismo handia eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren gorakada handia, Euskadiko enpleguaren bilakaerari eusten dioten egonkortasun adierazleekin batera.