Osasun Sailak eta Osakidetzak Irungo Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro berriko obrak hasi dituzte

0
  • Lokalean aldi baterako egongo da pediatria-eremua, udalerrian proiektatutako bi ekipamendu berriak eraikitzen amaitu arte
  • Milioi bat euroko inbertsioa da, eta sei hilabeteko exekuzio-epea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gaur hasiko dituzte Irungo Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro berria gaitzeko obrak, eta horiek gauzatzeko sei hilabeteko epea izango dute. Herritarrei zerbitzu hobea emateko aldi baterako pediatria kontsultak egingo dira lokalean, milioi bat euroko inbertsioaren bidez  udalerrian proiektatutako osasun-ekipamendu berriak amaitzen diren bitartean. Zentro horiek honako hauek dira: Oinaurreko osasun-zentroa eta Irun erdigunekoa ordezkatuko duen anbulatorio berria.

Obra Bidasoako ESIaren 2025-2035 Plan Zuzentzaile berriaren barruan kokatzen da. Plan horren helburu nagusia eskualde osoko osasun-arreta eraldatzea eta hobetzea da, lehen mailako arreta eta ospitaleko arreta barne hartuta. Helburua da zerbitzuak hobeto integratzea, azpiegiturak modernizatzea eta laguntza-eskari berrietara egokitzea. Planaren funtsezko puntuen artean dago Lehen Mailako Arretako unitateak berritzea eta handitzea, bereziki Irunen, espazio zabalago eta funtzionalagoak sortzea planteatzen baita.

Irunek 67.759 laguni zerbitzua ematen dieten bi osasun-zentro ditu; Irungo erdialdeko anbulatorioa 1954an eraiki zen eta 37.759 laguni ematen die zerbitzua; eta Dunboako Osasun Zentroa 1994koa da, 30.000 laguni ematen die zerbitzua. Bi eraikinak, zaharrak direnez eta dituzten ezaugarri arkitektonikoengatik, dagoeneko ez dira eraikin funtzionalak asistentzia-premien ikuspegitik, eta, beraz, azpiegitura berriak eraiki behar dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Bidasoaldeko Udalen artean lortutako adostasunak, gaur egun, aukera ematen du Irungo herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko, Oinaurre eremuan osasun-zentro berri bat eraikiz (obrak 2027an hasiko dira) eta Irungo erdialdeko zentroa ordezkatuko duen anbulatorio bat eraikiz. Zentro horiek abian jarri arte, eta Irungo osasun-zentroko asistentzia hobetzeko, Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro bat egongo da behin-behinean, Pediatria arloa hartuko duena. Lokal hori Elizatxo etorbideko 3. zenbakian kokatuko da.

Lokal hori egokitzeko obrak gaur hasiko dira, eta sei hilabeteko epea izango dute obrak egiteko. Lanen emaitza solairu bakarreko eraikin bat izango da, 580 metro karratuko azalera eraikia izango duena. Bertan, medikuntzako eta erizaintzako 12 kontsultategi, larrialdietako gela bat, egokitutako jolas-gunea duen itxarongune bat eta pazienteari arreta emateko gunea egongo dira.

Eskualdean egindako beste inbertsio batzuk

Lehen Mailako Arretako azpiegiturak hobetzeko inbertsioak ez dira eskualdean jasotako jarduera bakarrak. Era berean, gogorarazi behar da Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriko obrak hasita daudela. Ekipamendu hori ere Plan Zuzentzailean sartuta dago, eta, zalantzarik gabe, aukera emango du Irungo eta Hondarribiko bizilagunei ematen zaien arreta modernizatzeko eta hobetzeko, kasu honetan ospitale-eremuan.   Osasun Sailak eta Osakidetzak 23 milioi euro inbertituko dituzte guztira, 11 milioi euro bloke kirurgiko berri hori eraikitzeko, eta gainerakoa goi-teknologiako ekipamendurako.