- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 28,56 milioi euro bideratuko ditu 2026-2027 ikasturteko beka-deialdira.
- Errenta-atalase osagarri berri bat sortzeak aukera emango du beste 1.500 ikasle inguruk beka eskuratzeko.
- Deialdiak hobekuntzak jasotzen ditu goi-mailako ikasketetan sartzea eta bertan jarraitzea errazteko, laguntzetan malgutasun handiagoa eskainiz eta desgaitasuna duten ikasleei babes handiagoa emanez.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2026-2027 ikasturteko unibertsitate-ikasketetarako eta goi-mailako beste ikasketa batzuetarako beka-deialdia. 28,56 milioi euroko aurrekontua duen deialdi berriak beste urrats bat eman du aukera-berdintasuna indartzeko, errenta-atalase osagarri berri bat gehituta. Neurri horri esker, laguntzak ikasle gehiagorengana iritsiko dira, eta beste 1.500 ikasle inguruk izango dute onura, hau da, aurreko ikasturtearekin alderatuta %16 inguruko igoera.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azpimarratu duenez, “deialdi honek helburu argi bati erantzuten dio: ikasle bakar batek ere ez dezala goi-mailako hezkuntzarako sarbidea galdu arrazoi ekonomikoengatik. Beka-sistema zabaltzen ari gara familien errealitatera hobeto egokitzeko eta erantzun bidezkoago eta malguago bat eskaintzeko”.
Deialdiaren berrikuntza nagusia errenta-atalase osagarri berri baten sorrera da; atalase hori egungo 3. atalasea baino %10 gorago kokatuko da. Horri esker, orain arte ezarritako mugak apur bat gainditu arren, goi-mailako ikasketen kostuari aurre egiteko zailtasunak dituzten familiek ere laguntzak eskuratu ahal izango dituzte.
Errenta-atalase berri horren barruan dauden bizikidetza-unitateetako ikasleek egungo 3. atalaserako aurreikusitako zenbateko berak jasotzeko eskubidea izango dute. Horrela, diru-sarreren alde txikiek ez dute gehiago beka galtzea ekarriko.
2025-2026 ikasturtean, guztira 8.915 ikaslek jaso zuten laguntza horietakoren bat, ia 21 milioi euroko zenbatekoarekin. Errenta-atalase berria indarrean jartzearekin batera, datorren deialdiak 1.500 pertsona gehiago hartzea aurreikusten da. Horrela, sendotu egingo da beka-sistema zabalago eta bidezkoagoa.
2026-2027 deialdiaren berrikuntzak
Laguntzak eskuratzeko aukera zabaltzeaz gain, deialdiak hainbat neurri jasotzen ditu goi-mailako ikasketetan jarraitzea errazteko. Besteak beste, bizileku-laguntza eta hiriarteko joan-etorrietarako laguntza bateragarri egiteko baldintzak malgutu egin dira, familiaren etxetik kanpo bizi izan beharra ikasturteko aldi jakin batera mugatzen denean; horrela, bi laguntzak proportzionalki jaso ahal izango dira.
Halaber, jada ez da beharrezkoa izango ikasketa-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan egotea hiriarteko joan-etorrietarako laguntza eskuratzeko. Datorren ikasturtetik aurrera, Euskadin bizi eta egunero gehienez 200 kilometrora dagoen ikastetxe batera joan behar duten ikasleek laguntza hori jaso ahal izango dute, ikasketak zein autonomia-erkidegotan egiten dituzten kontuan hartu gabe.
Deialdiak, gainera, indartu egiten du desgaitasuna duten ikasleei ematen zaien babesa. %25 eta %64 arteko desgaitasun-maila duten ikasleek ikas-karga %25era arte murriztu ahal izango dute bekaren osagaiak galdu gabe, eta urtebete gehiago izango dute laguntzaz baliatzen jarraitzeko. Horrela, ikasketak baldintza bidezkoagoetan amaitzea erraztuko da.
Bestalde, laguntza jakin batzuk eskuratzeko baldintza akademikoak ere samurtu egin dira. Graduko edo goi-mailako beste ikasketa batzuk lehen aldiz hasten dituztenek errendimendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa eskuratu ahal izango dute unibertsitaterako sarbideko 5eko notarekin; orain arte, gutxienez 6,5 eskatzen zen. Era berean, familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa eskuratzeko behar den batez besteko nota 6tik 5era jaisten da, eta horrek bekak eskuratzeko aukerak zabalduko ditu.
Deialdiak guztira 28,56 milioi euroko aurrekontua izango du. Horietatik, 28,46 milioi euro unibertsitate-ikasketetarako eta goi-mailako beste ikasketa batzuetarako beketara bideratuko dira, eta 100.000 euro desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzetara.






