- La Arenako hondartzan (Muskiz) egin den ariketan uretako erreskate bati eta hareatzako kutsadura-egoera bati aldi berean erantzun zaie.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzetako urteko simulakroa egin dute gaur Muskizeko La Arenako hondartzan, bainu-denboraldian Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren koordinazioa egiaztatzeko eta indartzeko.
Goizeko 11:00etan hasi den simulakroak ordubete inguruko iraupena izan du, eta ur gainean mantentzeko zailtasunak zituzten bi pertsonak eragindako larrialdiari eta, aldi berean, hareatzako marea-eremuan agertu den zikinkeria-orban bati erantzuteko jarduketa- eta komunikazio-protokoloak probatu dira.
SIMULAKROA
La Arenako hondartzako sorospen-zerbitzuaren abisua jaso duenean, 112 SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako baliabideak mobilizatu ditu, esku hartu duten zerbitzuen jarduketa koordinatuz. Ondoren, hareatzan zikinkeria-orbanak zeudela jakinarazi denean, Zentroak bigarren jarduketa bat aktibatu du itsas urei eta mareen eragin-eremuei erasan zaielako. Bien bitartean, lekuan bertan, Aginte Postu Aurreratu bat eratu da hondartzan, mobilizatutako zerbitzu operatiboen arduradunek osatu dutena, eta bertatik koordinatu da esku-hartzea.
Iritsi direnean, simulakroan parte hartu duten baliabideek bi bainulari erreskatatzen saiatu dira. Pertsonetako bat Gurutze Gorriko sorosleek erreskatatu dute eta ondoren, osasun-baliabideek artatu dute; bigarrena, berriz, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatearen baliabideekin koordinatuta erreskatatu da. Ariketan uretako baliabideak eta droneak erabiltzea ere aurreikusi da lokalizaziorako, jarraipena egiteko eta erreskate-lanetan laguntzeko.
Aldi berean, esku hartu duten zerbitzuek hondartzaren kutsadura bati aurre egiteko aurreikusitako prozedurak probatu dituzte, eta, Osasun Publikoak eragina baloratu du, eragindako eremua hesitu da eta Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzetako garbiketa- eta kontrol-zerbitzuek esku hartu dute.
HONDARTZETAN SEGURTASUNA INDARTZEKO KOORDINAZIOA
Simulakroan parte hartu dutenak izan dira: Gurutze Gorriko sorospen-zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko uretako atala eta aeronautikakoa, Osakidetza Emergentziak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila, Hondartzainak, hondartzetako garbiketa- eta kontrol-zerbitzuak, Muskizeko Udaltzaingoa eta laguntzako beste zerbitzu batzuk.
Horrelako ariketek ezarritako prozeduren funtzionamendua egiaztatzeko, inplikatutako administrazioen arteko koordinazio operatiboa hobetzeko eta hondartzetara jende gehien hurbiltzen den garaiari aurre egin aurretik hobetu daitezkeen alderdiak detektatzeko aukera ematen dute.
Simulakro horiek aldian behin egitea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzen denboraldi bakoitzaren hasieran egiten duten prebentzio-lanaren parte da, inplikatutako baliabide guztiek benetako larrialdi-egoeretan jarduteko protokoloak ezagutzen eta erabiltzen dituztela ziurtatzeko.






