
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Foruzaingoak Sanferminetako entzierroak estaltzeko mobilizatzen duten osasun eta segurtasun dispositiboaren zati bat bisitatu du gaur goizean. Itxialdiaren ondoren, Gurutze Gorriaren eta DYAren egoitzak ere bisitatu ditu, uztailaren 6tik 14ra Iruñean ezarritako osasun dispositiboarekin elkarlanean aritzen diren erakundeenak. Lehendakariarekin batera, Fernando Domínguez Osasuneko kontseilaria eta Inma Jurío Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria izan dira.
Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria gaur goizean izan da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (O-NOZ) eta Foruzaingoak San Fermin jaietako entzierroak estaltzeko osasun eta segurtasunaren arloan mobilizatzen duten dispositiboaren zati bat bisitatzen. Entzierroaren ondoren, Gurutze Gorriaren eta DYAren egoitzan ere izan da, uztailaren 6tik 14ra Iruñean ezarritako osasun-dispositiboarekin batera egiten baitute lan. Lehendakariarekin batera izan dira Osasuneko kontseilaria den Fernando Dominguez eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria den Inma Jurio.
Chivitek eskerrak eman dizkie osasun- eta segurtasun-arloko langile guztiei, egun hauetan ahalegin handia egiten baitute Iruñean dauden pertsona guztiak artatu eta jaietan seguru senti daitezen. “Alaitasun eta ospakizun handiko egunak dira, baina baita lan handikoak ere, profesional-talde batzuentzat, eta, beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duten lanarengatik eta hartzen duten konpromisoarengatik”, esan du Lehendakariak ibilbidean zehar.
Bisita 07:00etan hasi da San Martin Doktorearen zentroan; bertan, Osasunbideko Larrialdietako Zuzendariordetzako langileak biltzen dira egunero, osasun-ekipamendua prestatzeko eta irrati-sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko, 112-SOS Nafarroako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin etengabe komunikatzearren.
Ondoren, entzierroaren azken zatiraino joan dira, Telefonica aldera, eta, bertan, lasterketaren azken zatia estaltzen duten taldeak ezagutu ahal izan dituzte, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak. Entzierroa hasi baino minutu batzuk lehenago, Zezen-plazako erizaindegia ere bisitatu ahal izan dute, eta Angel Hidalgo zirujau-buruarekin eta gainerako kirurgia-taldearekin egon dira.
Bilera Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioekin
Entzierroa eta gero, Gurutze Gorriaren eta DYAren egoitzetara joan dira, entzierroan esku hartzen duten bi erakunde horietako boluntarioekin biltzeko.
Chivite Lehendakariak nabarmendu nahi izan du O-NOZek koordinatutako dispositiboan egunero parte hartzen duten pertsona guztiek egiten duten funtsezko lana, bai entzierroetarako, bai bi erakundeek hiriko hainbat puntutan zabaltzen dituzten arreta-puntu ezberdinetarako, dena ondo irten dadin, “Sanferminetan ezinbesteko zatia” baitira.
San Ferminetako segurtasun-dispositiboa 2.700 agente baino gehiagok osatzen dute
Bestalde, San Ferminetako jai guztietan zehar, segurtasun-arloko dispositibo garrantzitsua zabaltzen da, eta Foruzaingoko, Polizia Nazionaleko, Guardia Zibileko eta Iruñeko Udaltzaingoko 2.700 agente baino gehiagok osatzen dute.
Txupinazoa, entzierroak, prozesioa, su artifizialak, zezen-plazako sarrera eta irteerak edo erraldoien eta buruhandien desfileak bezalako ekitaldietan jende ugari biltzen da, eta lan hori guztia polizia-indar eta -kidegoen artean koordinatzen da jai guztietan.
Foruzaingoaren segurtasun-dispositiboari dagokionez, taldeak dituen ia espezialitate guztiak mobilizatu behar dira; hala nola, Herritarren Segurtasuna, Trafikoa eta Bide Segurtasuna, Barne Segurtasuna eta Polizia Administratiboa, Ikerketa Kriminala eta Ikuskaritza Orokorra.





