Eusko Jaurlaritza Dublinera joango da, Kultura eta Sormen Industrien Europako Goi Bileran parte hartzeko

0
  • Kulturako sailburuordea: «Euskadik erakutsi du sormena dela berrikuntza, lehiakortasun eta gizarte-kohesiorako motorra. Elkarrizketa hori gidatzen jarraitu nahi dugu Europan».
  • 2026ko edizioak 2024an Bilbon egindakoari hartuko dio lekukoa. Bilboko biltzarrean Euskadi nazioarteko erreferente bihurtu zen kultura- eta sormen-industrien sustapenean.

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea Dublinera joango da aste honetan, European Creative Industries Summit (ECIS) 2026 ekimena abiarazteko ekitaldi ofizialean parte hartzeko. Kultura- eta sormen-industriei eskainitako Europako hitzordu nagusia, azaroaren 10etik 14ra bitartean egingo da Irlandako hiriburuan, «Fáilte Future Europe» lelopean.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi horretan parte hartzearekin sinbolizatu nahi da 2024an Bilbon egindako edizioaren eta Dublingo goi-bileraren arteko erreleboa. Abiarazte-ekitaldi instituzionalean, «pass the baton» tradizionala egingo da, eta, horren bidez, Design & Crafts Council Irelandek lekukoa emango dio hiri anfitrioiari, Euskadik berrikuntza sortzaileko Europako sare hori indartzeko egin duen ekarpena aitortuta.

Ekitaldian Micheál Martin Irlandako lehen ministroak parte hartuko du, sormen-sektoreko Europako antolakunde nagusietako ordezkariekin batera. Topaketa horrekin lotuta, Kulturako sailburuordeak nabarmendu duenez, «Euskadin egindako edizioari esker, gure herrialdea kultura- eta sormen-industrien zeregin estrategikoari buruzko Europako eztabaidaren erdigunean kokatu zen. Orain, bide horri jarraituko diogu, eta kultura berrikuntzaren eta garapenaren eragiletzat jotzen duen ikuspegi partekatua sendotuko duen eta lurraldeen arteko lankidetza indartuko duen hurrengo edizioa abiarazteko ekitaldian parte hartuko dugu».

Euskadin hasitako lanaren jarraipena

Dublingo edizioak jarraipena emango dio 2024an Bilbon hasitako lanari. Izan ere, Euskadik Europa osoko erakundeetako ordezkariak, enpresak eta profesionalak bildu zituen Bilbon, kultura- eta sormen-industrien etorkizunari buruz hausnartzeko.

«Fáilte Future Europe» lelopean, aurtengo biltzarrak sektorearen erronka nagusietako batzuk izango ditu aztergai, hala nola adimen artifiziala, berrikuntza, trantsizio ekologikoa, herritarren parte-hartzea edo hizkuntzak eta kulturak lurralde-garapenaren eragile gisa betetzen duten zeregina.

2026ko edizioak, gainera, Irlandaren eta Euskadiren arteko elkarlanari jarriko dio arreta, bi lurraldeek sormenaren, kultura-nortasunaren eta hizkuntza biziberritzeko politiken aldeko apustua egiten baitute.

Eusko Jaurlaritzak abiarazte-ekitaldi horretan parte hartzeak agerian uzten du Euskadik zernolako konpromisoa duen Europako lankidetzarekin eta gero eta berritzaileagoak, lehiakorragoak eta nazioartean konektatuagoak diren kultura- eta sormen-industriak bultzatzearekin.