Eusko Jaurlaritzak ibilgailu astunen zirkulazioa debekatuko du abuztuaren 12an, eguzki-eklipsea dela eta

0
  • Murrizketa 00:00etatik 24:00etara egongo da indarrean, eta 7.500 kilogramotik gorako ibilgailuei eragingo die

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak debekatu egingo du 7.500 kilogramotik gorako ibilgailu astunek Euskadiko errepide-sare osoan zirkulatzea abuztuaren 12an, eguzki-eklipsea dela eta. Neurri honen helburua bide-segurtasuna bermatzea eta zirkulazioaren arintasuna erraztea da, egun horretarako aurreikusitako joan-etorrien gorakadaren aurrean.

Neurria gaur, uztailak 10, argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Abuztuaren 12ko 00:00etatik 24:00etara egongo da indarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan 7.500 kilogramotik gorako baimendutako gehieneko masa duten ibilgailuei edo ibilgailu-multzoei eragingo die.

Murrizketa horretatik kanpo geratzen dira autobusak eta autokarrak, bai eta 2026rako oro har aurreikusitako zirkulazio-mugetatik salbuetsita dauden ibilgailuak ere, horien artean funtsezko zerbitzuak emateko direnak.

Eguzki-eklipsea dela-eta egun horretan egingo diren joan-etorrien kopurua nabarmen handituko dela aurreikusi denez hartu da murrizketa hori. Salbuespenezko fenomenoa da, eta EAEko errepideetan trafiko handia pilatzea eragin dezake. Neurri horren bidez, zirkulazioari ahalik eta kalte gutxien eragin nahi zaio, eta bide-sareko erabiltzaile guztien segurtasuna indartu nahi da.

Ebazpenak, gainera, aurreikusten du Trafiko Zuzendaritzak, salbuespen gisa, zirkulatzeko baimena eman ahal izango diela ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpean dauden ibilgailuei. Kasu horretan, erabakia Trafiko Zuzendaritzaren webgunearen eta garraiolarien elkarte nagusien bidez jakinaraziko da. Halaber, Ertzaintzak erregulazio-neurri gehigarriak hartu ahal izango ditu trafikoaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko beharrezkoa denean.