- Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Lurralde arteko Biltzarrean baztertu egin ditu Ministerioak Euskadirentzat proposatu dituen 2023 eta 2024ko likidazioak, eta egungo konpentsazio-sistemaren “gabezia juridikoak eta prozedurazkoak” salatu ditu
- Euskadi izan zen Kohesio Funtsaren eta Laguntza Bermatzeko Funtsaren zorroztasun eta gardentasun faltaz ohartarazi zuen lehen erkidegoa, eta orain beste autonomia bat gehitu da, Madril
- Euskadik, Estatuko biztanleriaren % 5 inguru soilik izan arren, guztizkoaren % 60 inguru ordaindu du, hamahiru autonomia-erkidegoren batura ere gaindituz, eta hori neurriz kanpokoa dela uste du
- Arau argiak, arau-garapen osoa eta segurtasun juridikoa, gardentasuna, egonkortasuna eta ekitatea erkidego guztientzat bermatuko dituen eredua bakarrik babestuko du Eusko Jaurlaritzak
Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Biltzarrean (CISNS), Osasun Kohesiorako Funtsari (FCS) eta Laguntza Bermatzeko Funtsari (FOGA) lotutako konpentsazio-sistemari buruz gaur jorratutako puntuen aurka bozkatu du Euskadik, gabezia juridiko eta prozedurazko handiak dituela iritzita. Erabaki horren ondorioz, ez dira ordainduko Osasun Ministerioak Euskadirentzat proposatzen dituen 2023. eta 2024. urteetako likidazioei dagozkien 51 milioi euro.
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak kontrako botoa eman du, oinarri hartuta Osasun Kohesiorako Funtsaren eta Laguntza Bermatzeko Funtsaren likidazioak behar bezala araututa ez dagoen esparru batean oinarritzen direla ondorioztatzen duen txosten juridikoa. Horren arabera, segurtasun juridikoan, gardentasunean eta egonkortasunean hutsuneak ditu. “Ezin dugu babestu halako konpentsazio-eredu bat, hain lege-oinarri ahula eta ez-argia izanda; arduragabeki jokatuko genuke, Euskadi eta Osasun Sistema Nazionala bera kontuan hartuta”, adierazi du sailburuak.
“Denborak gure ohartarazpenak berretsi ditu”
Martínezek azpimarratu duenez, gaurko erabakiak berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak legealdiaren hasieratik izan duen jarreraren koherentzia. “Denborak berretsi egin ditu Euskadik Osasun Kohesiorako Funtsari eta Laguntza Bermatzeko Funtsari buruz egin dituen ohartarazpenak: hutsune juridiko handiak dituen sistema bati buruz ari gara, arau-garapen osorik ez duena eta mekanismo opakuak dituena”, adierazi du.
Sailburuak gogorarazi duenez, Euskadi izan da Osasun Kohesiorako Funtsa eta Laguntza Bermatzeko Funtsa osorik berrikustea eskatu duen lehen erkidegoa. “Hasieratik gauza bera defendatu dugu: arau argiak, babes nahikoa eta irizpide homogeneoak lurralde guztientzat; ez da egoeraren araberako desadostasuna, segurtasun juridikoa eta ekitatea bermatzea baizik”, azpimarratu du.
Ministerioak ez du aurrerapausorik eman
Komeni da gogoraraztea Estatuko arau-esparrua berrikusteko beharra ez dela oraintsuko aldarrikapena. Euskadik behin eta berriz adierazi du araudia egokitzea komeni dela.
Alde horretatik, esan beharra dago 2025eko urrian Osasun Batzordean egindako agerraldian, Javier Padilla Osasuneko estatu-idazkariak azpimarratu zuela «berebiziko garrantzia» duela Osasun Kohesiorako Funtsaren (FCS) eta Laguntza Bermatzeko Funtsaren (FOGA) araudi-garapenari ekiteak, erkidegoen arteko saldoak orekatu ondoren, autonomia-erkidegoek, horien artean Euskadik, behin eta berriz egindako eskariaren ildotik, dagoen desorekaren aurrean. Era berean, adierazi zuen Osasun Ministerioak konpromisoa hartzen zuela sistemaren ekitate eta kohesio handiagoa ahalbidetuko duen araudi batean aurrera egiteko, gaur egun erkidegoek behar bezala konpentsatuta geratzen ez diren prestazioak bere gain hartzen baitituzte. Hala ere, orain arte ez da aurrerapausorik eman arlo horretan.
Egoera hori bereziki nabarmena da Euskadiren kasuan, 169 milioi euro ordaindu baitizkio Kohesiorako Informazio Sistemari 2012 eta 2022 artean; izan ere, nahiz eta Estatuko biztanleriaren % 5 baino ez izan, guztizkoaren % 60 inguru ordaindu du, hamahiru autonomia-erkidegoren batura ere gaindituz. Hortik, 51 milioiko faktura gehigarri horren aurkako botoa, neurriz kanpokoa dela iritzita.
Gainera, Osasun Ministerioak, bere eskumenaren eta erantzukizunaren arabera, Laguntza Bermatzeko Funtsaren (FOGA) arau-garapena bultzatzeko betebeharra du, Kontuen Auzitegiak eskatu bezala, eta egoera hau inolako lege-estaldurarik gabe ez iraunaraztea.
EZEZKO sendo baten bost arrazoiak
Eusko Jaurlaritzak bost argudio nagusitan egituratzen du gaitzespena:
- Eztabaida eta aurrerapen erreformatzaile falta. Gaia ez zen jorratu uztailaren 3ko prestatzeko bileran, nahiz eta Lurralde arteko Biltzarrak, 2025eko urrian, Zaragozan egindako eskaerak izan. Gainera, oraindik ez da eratu funtsen arau-erreforma aztertzeko 2025ean adostu zen lan-taldea.
- Egungo sistemaren segurtasun juridikorik eza. Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeen bidez egin diren etengabeko aldaketek aldatu egin dute Osasun Kohesiorako Funtsen hasierako izaera. Hala, funtsaren erregulazioaren funtsezko alderdiak aurrekontu-xedapenetara eraman dira, eta sistema konplexua sortu da, metatutako saldoekin eta funtzionamenduari eta likidazioari buruzko ziurgabetasun handiarekin.
- Laguntza Bermatzeko Funtsa arauz garatu gabe egotea. 16/2012 Errege Lege Dekretua indarrean sartu zenetik, ez da onartu Laguntza Bermatzeko Funtsaren bidez likidatu beharreko zenbatekoak zehazteko aurreikusitako erregelamendu bidezko garapena; beraz, likidazioak jarraipen- eta koordinazio-organoen irizpideen arabera egiten dira, berariazko araudirik gabe.
- Eskumenen gehiegikeria gertatzeko arriskua. Zenbait administrazio-organok beren eskumenak gaindi ditzaketen funtzioak bereganatuko lituzkete, eta lege-estaldura nahikorik ez duten akordio edo aktei ondorio juridikoak eman; horrek arriskuan jartzen ditu sistemaren gardentasuna, egonkortasuna eta segurtasun juridikoa.
- Araubide iragankorra iraunkor bihurtzea. Indarrean dagoen konpentsazio-mekanismoa, aldi baterako konpentsazio gisa aurreikusia, de facto bihurtu da iraunkor, Estatuko Aurrekontu Orokorrak luzatu direlako; horrek eredua berrikustea eragozten du, eta egiturazko gabeziek bere horretan irauten dute.
“Aldi baterako sortu zen prozedura bat zen, eta, inertziaren ondorioz, likidaziorako ohiko mekanismo bihurtu da”, ohartarazi du Martínezek. “Ez dira zuzendu aipatutako gabeziak, eta eskatzen digute likidazio horiek onartzeko, nahiz eta oraindik ere uste dugun oinarri juridiko hori ez dela nahikoa”, gaineratu du sailburuak.
Legealdi hasieratik datorren aldarrikapena
Osasun-arloko lurralde arteko konpentsazio-sistema sakon berrikustea etengabe eskatu du Euskadik, legealdia bera hasi zenetik, hain zuzen. 2025eko urrian Zaragozan egindako Lurralde arteko Biltzarrean bertan, sailburuak erreforma sakon bat bultzatzeko beharra azaldu zuen, dauden gabeziez ohartarazi zuen eta autonomia erkidego guztientzat erregulazio sendo, garden eta egonkorragoa eskatu.
“Euskadiren jarrera irmoa eta koherentea izan da beti: ez dugu zalantzan jartzen kohesio- eta berme-mekanismoa bera, baizik eta nola ari diren kalkulatzen eta likidatzen, ondorio ekonomiko handiek eskatzen duten arau-zorroztasunik gabe”, azaldu du.
Madrilek EZrekin bat egin du
Gaur egungo egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, bereziki adierazgarria da Madrilgo Erkidegoak Euskadiren jarrerarekin bat egitea, tresna horien esparru juridikoa berrikusteko beharrari dagokionez.
“Hausnarketa hori beste erkidego batzuek ere partekatzeak adierazten du segurtasun juridikoarekiko, gardentasunarekiko eta konpentsazio-ereduaren ekitatearekiko kezka ez dela soilik Euskadirena”, adierazi du Martínezek. “Horrek indartu egiten du gure jarrerak ez diola interes partikular bati erantzuten; aldiz, guztiontzat bidezkoa den eta behar bezala araututa dagoen sistema defendatzen dugu”, gaineratu du.
Bermeak izango dituen erreforma egiteko deia
Euskadiren ustez, autonomia-erkidegoen arteko edozein likidazio edo konpentsazio lege-oinarri sendo, garden eta adostu batean oinarritu behar da, arau argi eta egonkorrekin eta araudi espezifiko batek erabat babestuta.
“Prest gaude lurralde arteko konpentsazio-sistema modernizatzeko eta indartzeko beharrezkoak diren lanetan konstruktiboki parte hartzeko”, esan du sailburuak. “Baina aipatutako hutsuneei heltzen ez zaien bitartean, eta beharrezko arau-erreformari ekiten ez zaion bitartean, ezin ditugu babestu ikuspegi juridikotik eta teknikotik zalantzan dagoen eredu bat iraunarazten duten akordioak”.






