- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua buru duen erakunde-ordezkaritzak lan-bileren agenda izan du Europako Batzordeko eta Espainiak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorreko (REPER) arduradunekin.
- Pérez Iglesiasek azpimarratu du garrantzitsua dela goi-mailako hezkuntzaren, zientziaren eta berrikuntzaren arloko euskal politikak Europako agintari eskudunekin alderatzea eta Europar Batasunak arlo horietan dituen lehentasunak bertatik bertara ezagutzea.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias buru izan duen euskal erakunde-ordezkaritzak, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkari Marta Marín Sánchezek lagunduta, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP) eta BasQ Euskadiko Estrategia Kuantikoa aurkeztu ditu aste honetan Bruselan. Bisitaren helburua Europako Batzordearekiko lankidetza sendotzea eta Euskadik lehiakortasunerako eta subiranotasun teknologikorako estrategikoak diren eremuetan duen posizionamendua indartzea izan da, baita arlo horietan Europar Batasunak bultzatzen dituen agenda eta ekintza estrategikoekin lerrokatzen jarraitzea ere.
Europako Batzordeko hainbat komisario eta presidenteordeen kabineteetako arduradunekin, bertako zuzendaritza nagusietako ordezkariekin eta Espainiak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorreko (REPER) arduradunekin egindako lan-bilerei esker, Eusko Jaurlaritzak ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europako lehentasun berrien aurrean duen jarrera helarazi ahal izan du, eta, aldi berean, Europako politika eta programen garapenean lankidetzarako aukerak aztertu dira.
Pérez Iglesias sailburuak nabarmendu duenez, «funtsezkoa da goi-mailako hezkuntzaren, zientziaren eta berrikuntzaren arloko euskal politikak Europako agintari eskudunekin alderatzea, eta baita Europako erakundeek arlo horietan dituzten lehentasunak bertatik bertara ezagutzea ere».
Kualifikazio handiko pertsonen prestakuntza, erakartzea eta errotzea
Euskal ordezkaritzak bilera egin du Alina Ujupanekin, Europako Batzordeko presidenteorde eta Gaitasun, Hezkuntza, Kalitatezko Enplegu eta Gizarte Eskubideen arloko komisario Roxana Mînzaturen kabineteburuarekin. Bileran, sailburuak Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (Euskadi 2030 ZTBP) lehentasunak aurkeztu ditu, talentua garatu eta erakartzeko, gaitasun zientifiko eta teknologikoak indartzeko eta lehiakortasuna hobetzeko aurreikusitako jardun-ildoak azalduz. Halaber, planak Europako Gaitasunen Agendarekin eta Europako Hezkuntza Esparruarekin duen lerrokatzea azpimarratu du.
Pérez Iglesiasek azaldu du planaren helburua dela egungo testuinguruak eta etorkizun hurbilak planteatzen dituzten erronka zientifiko, teknologiko eta sozialei erantzutea. Horien artean aipatu ditu adimen artifizial sortzailearen garapena, bioteknologiaren aurrerapenak, material berriak eta teknologia disruptiboak, hala nola konputazio kuantikoa, baita nazioarteko testuinguruaren bilakaera eta Euskadiren nahiz Europaren erresilientzia eta jasangarritasuna indartzeko gero eta premia handiagoa ere.
Sailburuak azpimarratu du, halaber, kualifikazio handiko pertsonak prestatu, erakarri eta Euskadin errotzea helburu duen politika. Politika horrek talentu zientifiko eta teknologikoaren prestakuntza, erakartzea eta sendotzea sustatzen ditu, genero-berdintasuna bereziki kontuan hartuta. Horren adibide dira Ikasketa Aurreratuen Zentroa sortzea eta Ikerbasque programa indartzea, kualifikazio handiko ikertzaileak erakarri, berreskuratu eta Euskadin errotzeko.
Era berean, nabarmendu du planak gizarte-zientziak eta humanitateak berrikuntza-politikaren funtsezko osagai gisa txertatzen dituela, garapen teknozientifiko inklusiboagoa sustatzeko eta gizarte-kohesioa nahiz komunitatearen zentzua indartzeko.
Bestalde, Mînzatu komisarioaren kabineteburuak nabarmendu du Euskadi Europako eredua dela goi-mailako hezkuntzaren, zientziaren eta berrikuntzaren ekosistemarekin elkarlanean aritzeko eta lan bateratua sustatzeko orduan. Halaber, azpimarratu du euskal unibertsitate-sistema osoak parte hartzen duela Unibertsitateen Europako Aliantzetan eta horien curriculum-esparru europarrean. Era berean, Euskadik espezializazio-hubak bultzatzeko, baita talentua erakarri eta atxikitzeko ere, trakzio-lana egin dezakeela adierazi du.
Euskadi, teknologia kuantikoetan erreferente
Euskadiko Ordezkaritzak, halaber, bilera egin du Silvia Bartolinirekin, Henna Virkkunen Europako Batzordeko presidenteorde exekutibo eta Teknologia Kuantikoen, Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren arloko komisarioaren kabineteko teknologia kuantikoen arduradunarekin. Bileran BasQ Euskadiko Estrategia Kuantikoa aurkeztu zaie, eta Euskadik bikaintasunezko ikerketa, lankidetza publiko-pribatua eta talentu espezializatuaren prestakuntza sustatzeko egiten duen apustua partekatu da. Halaber, Europako Batzordearen lehentasunak aztertu dituzte errendimendu handiko konputazioaren, teknologia kuantikoen eta subiranotasun teknologikoaren arloan, eta lankidetzarako aukerak identifikatu dituzte.
Testuinguru horretan, sailburuak aste honetan bertan BasQ Euskadiko Estrategia Kuantikoaren garapenerako emandako urrats berria azaldu du. Protokoloaren helburua da industriak eta erakunde publikoek industria-, gizarte- eta ekonomia-potentziala duten konputazio kuantikoaren aplikazio-kasuak aztertu eta garatzea. Horrez gain, ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia indartu, berrikuntza disruptiboa sustatu eta Euskadi Europako nahiz munduko teknologia kuantikoetako erreferentziazko eskualdeen artean kokatzea du xede.
Virkkunen presidenteordearen kabineteko ordezkariak badu Eusko Jaurlaritzak teknologia kuantikoaren arloan egiten duen lanaren eta abangoardiako ekosistema bat sendotu eta garatzeko egindako aurrerapenen berri. Era berean, Euskadik parte hartzen duen Europako ekimenak ere ezagutzen ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritza gonbidatu du datozen hilabeteetan Europako agendan izango diren berrikuntzen jarraipen estua egitera.
Euskadiko I+G+B ekosistema sendoa
Lan-agenda Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusian (DG RTD) eta Espainiak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorrean (REPER) gaur egindako bilerekin osatu da.
DG RTDko egoitzan, ordezkaritzak bilera egin du Jean-David Malorekin, Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko (DG RTD) Europako Ikerketa Esparruko (ERA) eta Berrikuntzako zuzendariarekin eta Euskadi 2030 ZTBPren eta Euskal Ikerketa eta Berrikuntza Esparruaren Europako Ikerketa Esparruarekiko (ERA) lerrokatzea aztertu dute.
Pérez Iglesias sailburuak, gainera, Euskadik bikaintasunezko ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta berrikuntza-ekosistema sendotzearen alde egiten duen apustua azaldu du. Horretarako, IKUR 2030 estrategiarekin, Euskadi 2030 Industria Planarekin eta Osasun Planarekin lerrokatutako erreferentziazko azpiegitura zientifiko eta teknologikoak sortzen ari direla nabarmendu du, haien garapena bultzatzeko eta ezarpena errazteko.
Bestalde, ERAko eta DG RTDko zuzendariak azpimarratu du Regional Innovation Scoreboard txostenak Euskadiko berrikuntza-ekosistemaren sendotasuna berresten duela. Haren hitzetan, “Strong Innovators eskualdeen taldean egoteak, Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik dagoen berrikuntza-mailarekin, eta, gainera, “pocket of excellence” gisa aitortua izateak, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren alde denboran zehar egindako apustu sendoaren eragina islatzen du. Bestalde, 2025eko edizioan aztertutako 241 eskualdeen artean Euskadi 81. postuan egoteak agerian uzten du Europako testuinguruan duen berrikuntza-gaitasunaren sendotasuna. Era berean, Euskadi 2030 ZTBPak Europan aitzindaria den estrategia planteatzen duela ere nabarmendu du».
Bisita Espainiak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorrean (REPER) amaitu da, David González Martínez Berrikuntza eta Ikerketako kontseilariarekin egindako bilerarekin hain zuzen. Bertan, I+G+B arloko Europako lehentasunak aztertu dituzte, eta Euskadik Europar Batasuneko programa estrategikoetan, bereziki hurrengo Esparru Programan, duen parte-hartzea indartzeko beharrezko den koordinazioaz ere aritu dira.






