- Maria Ubarretxena eta Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuek inauguratu dute «Euskal autogobernua 90 urte geroago. Tradizioa, berrikuntza eta Europako ikuspegia» udako ikastaroa.
- Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren esanetan, autogobernua da politika publiko propioak garatzeko tresnarik onena: «Autogobernuaz hitz egitea ongizateaz hitz egitea da. Horregatik, Gernikako Estatutua osatzea ez da bigarren mailako kontua, lehentasunezko helburua baizik».
- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak unibertsitatearen eta zientzia nahiz berrikuntza-politiken adibidea erabili du autogobernuaren eta ongizatearen arteko lotura azaltzeko: «Duela 90 urte autogobernuak gure herriko lehen unibertsitate publikoa ekarri zuen, eta duela 45 urte, autogobernua berreskuratzearekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zen, baita arrakasta handiko unibertsitate- eta zientzia-politikak garatzeko aukera ere».
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek inauguratu dute gaur goizean, Miramar Jauregian, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrenaren harira euskal autogobernuaren bilakaerari eskainitako udako ikastaroa. Irekiera-ekitaldian parte hartu dute, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak eta ikastaroko zuzendari Maite Zelaia Konstituzio Zuzenbideko eta Europar Batasuneko Zuzenbideko irakasle agregatuak.
Bi sailek antolatutako “Euskal autogobernua 90 urte geroago. Tradizioa, berrikuntza eta Europako ikuspegia” izeneko ikastaroaren helburua da ikuspegi diziplinarteko batetik euskal autogobernuak XX. mendean izan duen erakundetze politiko, juridiko eta sozialaren bilakaera aztertzea, baita gaur egungo proiekzioa ere.
Egitarauak hainbat gai jorratuko ditu: 1936ko Estatutuaren balio historiko eta juridikoa; Jose Antonio Agirre lehendakariak gidatutako lehen Eusko Jaurlaritzaren izaera berezia; autogobernuak demokrazia berreskuratu ondoren izan duen jarraipen instituzionala; eta gaur egungo erronkak, hala nola lurralde-aniztasuna, memoria demokratikoa eta autogobernuaren Europako dimentsioa. Ikastaroak, beraz, aukera emango du tradizio instituzionala, berrikuntza politikoa eta etorkizuneko ikuspegia uztartzeko.
Maria Ubarretxena sailburuak azpimarratu du autogobernua dela politika publiko propioak garatzeko tresnarik onena. «Autogobernuaz hitz egitea ongizateaz hitz egitea da. Horregatik, Gernikako Estatutua osatzea ez da bigarren mailako kontua, lehentasunezko helburua baizik. Estatutua osorik betetzetik gero eta gertuago gaude, baina oraindik bidea dago egiteko, eta negoziazioek eskumenen eskualdatzea eta herritarren zerbitzura egongo den kudeaketa-gaitasun handiagoa ekarri behar dute».
Ubarretxenak, era berean, Estatuarekiko nahiz Europarekiko harreman-eredu berriak defendatu ditu. «Euskadik tresna berriak behar ditu XXI. mendeko erronkei aurre egiteko, eta Europan dugun presentzia indartu egin behar dugu. Guregan eragina duten erabakiak hartzen diren guneetan parte hartu nahi dugu. Herri txikia gara, baina ibilbide instituzional sendoa dugu, konprometitutako gizartea, akordioak lortzeko gaitasuna eta etorkizuneko ikuspegia. Horixe da gure herriaren indargune nagusia».
Bestalde, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak nabarmendu duenez, «duela laurogeita hamar urte autogobernuak Euskadiko lehen unibertsitate publikoari bidea ireki zion bezala, 1980an, autogobernua berreskuratzearekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateak erakunde izaera propioa eskuratu zuen. Hortik aurrera, unibertsitatearen, zientziaren eta berrikuntzaren arloetako politika propioak garatu ahal izan ziren, eta horiek erabat eraldatu dute gure herrialdeko ezagutza aurreratuaren paisaia. 1980 baino lehenagoko basamortu zientifikotik Europako sistema aurreratuenen pareko zientzia, teknologia eta berrikuntza-sistema eraikitzera igaro gara».
Pérez Iglesiasek, halaber, azpimarratu du “oinarrizko legeen eta Estatuko gero eta hedakorragoak diren dekretuen bidez mugatu egin dela unibertsitatearen arloan politika publiko propioak garatzeko aukera”. Haren esanetan, “seguruenik unibertsitatearen eremua da Estatuak autonomia-erkidegoei jarduteko tarterik estuena utzi diena. Horren ondorioz, Euskadik ongizatean hazten jarraitzeko funtsezko tresna bat galtzen du”.
Diziplinarteko ikuspegia
Ikastaroak Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren ibilbidea izango du ardatz. Gerra Zibilean eta ondorengo erbestean egindako lana euskal historia politiko garaikideko pasarterik esanguratsuenetako bat da. Ikuspegi diziplinarteko batetik, lehen autogobernu-egituren sorrera eta garapena, haien jarraipen instituzionala eta 1979ko Gernikako Estatutua onartu ondorengo berreskurapena aztertuko dira, gaur egun ere etengabe garatzen ari den autogobernu-eredu baten sendotzea agerian jarriz.
Era berean, XXI. mendeko euskal autogobernuak dituen erronkei buruzko gogoeta eta eztabaidarako gunea ere izan nahi du ikastaroak. Horien artean daude autonomia-eredua maila anitzeko gobernantzaren eskakizunetara egokitzea, autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko erabaki-prozesuetan duten parte-hartzea indartzea, lurralde-deszentralizazioan sakontzeko aukerak eta Europako esparruak eskaintzen dituen lankidetza- nahiz nazioarteko proiekzio-aukerak.
Saioetan, halaber, eskumen-sistemaren bilakaera, Estatuaren lurralde-antolaketa, autogobernuaren Europako dimentsioa, erakunde-erreforma eta deszentralizazioaren nazioarteko eredu konparatuak izango dira hizpide, euskal autogobernuak gaur egun eta etorkizunean dituen erronkei buruzko ikuspegi zorrotz eta eguneratua eskaintzeko.
Bi egunetan zehar, Konstituzio Zuzenbidean, Zientzia Politikoan, Historian eta Europako ikasketetan aditu diren hainbat erreferentziazko akademiko bilduko dira ikastarora. Horien artean izango dira Luis López Guerra, Konstituzio Auzitegiko eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratu ohia; Marc Carrillo López, Universitat Pompeu Fabrako Konstituzio Zuzenbideko katedraduna; Ana María Carmona Contreras, Sevillako Unibertsitateko katedraduna; eta Ludger Mees historialaria, euskal autogobernuaren jatorria eta bilakaera historikoa aztertuko dituena.
Nazioarteko eta ikuspegi konparatuko saioetan parte hartuko dute, besteak beste, Nicola McEwenek, Glasgowko Unibertsitateko irakasle eta maila anitzeko gobernantzaren Europako aditu nagusietako batek; Nicolas Levratek, Genevako Unibertsitateko irakasleak; eta Matthias Hartwigek, Max Planck Institutuko ikertzaileak. Europako deszentralizazio-ereduei, Europar Batasuneko integrazioari eta estatuaz azpiko erakundeek Europar Batasuneko erabaki-prozesuetan duten eginkizunari buruz eztabaidatuko dute.
Egitarauak Juan María Olloraren testigantza ere jasoko du. Senatari ohiak Ekonomia Itunaren garapenean eta euskal autogobernuaren sendotze-prozesuan izan zuen parte-hartzearen berri emango du, bere esperientzia politikoan oinarritutako ikuspegi instituzionala eskainiz.
Ikastaroari amaiera emateko, “Autogobernua eta estatus politiko eguneratua” izeneko mahai-ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Arkaitz Rodriguez (EH Bildu), Adrian Fernández (PSE-EE), Laura Garrido (PP) eta Jon Hernandez (SUMAR) legebiltzarkideek.






