Hondarribiko Udalak Hondartza futbol-zelaiko instalazioak hobetzeko jarduketak egingo ditu, herriko kirol-azpiegitura garrantzitsuenetako baten kontserbazioa, egokitzapen funtzionala eta segurtasun-baldintzak indartzeko helburuarekin.
Proiektuaren baitan, egungo belar naturala belar artifizialarekin ordezkatuko da, futbol-zelaiaren kalitatea, segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko. Era berean, drainatze-sistema mantentzeko, berrikusteko eta egokitzeko lanak ere egingo dira, euri-uren bilketari dagokionez ingurumen-kontrol egokia bermatzeko. Sistema hori “Higer”-eko araztegiarekin zuzenean lotzen duen kolektorera konektatuko da.
Egokitzapen-proiektu honen bidez, Hondarribiko Udalak erantzuna emango dio urte luzez herritarrek eta Hondarribia Futbol Elkarteak egindako eskaerari, eta kirol-jarduera garatzeko baldintza hobeak eskainiko ditu. “Esku-hartzeak eragin zuzena izango du bai kirol-praktikan, bai egunero bertara gerturatzen diren ehunka erabiltzaileen esperientzian, eta bereziki Hondarribia Futbol Elkartearen jardueran”, adierazi du Igor Enparan Araneta alkateak.
“Proiektua gauzatzeko Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaietako eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren baimena jaso berri du Udalak eta horrek aukera ematen du proiektuarekin aurrera egiteko. Izan ere, kokapenagatik, Hondartza futbol-zelaiak administrazio-baimen berezia behar du aurreikusitako jarduketak egin ahal izateko”, azaldu du alkateak.
Hondarribiko Udalak 2025eko abenduan aurkeztu zuen dagokion baimen-eskaera, proiektua aurrera eramateko beharrezko izapideak abiatzeko. Ordutik, espedientearen etengabeko jarraipena egin da, baimena ahalik eta azkarren lortzeko helburuarekin. «Hainbat bilera politiko, tekniko eta juridiko egin dira administrazio eskudunekin, bai eskaera aurkeztu aurretik, bai ondorengo hilabeteetan ere, espedientearen tramitazioa bultzatzeko eta beharrezko argibide guztiak izateko«, azpimarratu du Enparanek.
Orain, Udalak proiektua eguneratuko du, beharrezko finantzaketa zehaztuko du eta lizitazio-prozesua abiaraziko du, obrak martxan jarri ahal izateko. “Aurreikuspena da lanak urte amaierarako hastea”, azaldu du alkateak.
Hondarribiko Udalak berretsi du lanean jarraituko duela herriarentzat estrategikoak diren proiektuak gauzatzen eta herritarren beharrei erantzuten dieten azpiegitura moderno, seguru eta kalitatezkoak sustatzen.






