María Jesús San José: «Ez dezagun ahaztu orain, lehentasun nazionala ezarri nahi diegunak entzuten ditugunean, pertsonak aberririk gabeko pariak izatera kondenatzen dituztela, erbesteratu espainiarrak izan ziren bezala»

0
  • Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Erbesterako ibilbidea’ren 7. edizioaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du

 

Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu María Jesús San Josék ‘Erbesterako ibilbidea’ ren zazpigarren edizioaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean Bilbon, programa hau sustatu duen INJUVEko zuzendari nagusi Margarita Guerrero Calderónekin batera. Ekitaldian izan dira Alberto Alonso, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Laura Lobato, estatuko Gazteen Behatokiko zuzendaria.

Sailburua parte-hartzaileei zuzendu zaie (16 eta 17 urteko 40 gazte), eta gogoeta bat egitera animatu ditu, erbestera joan behar izan zuten pertsona guztiak gogoratzeko eta ez ahazteko, eta, batez ere, orain ez ahazteko migratzaileak beren herrialdeetako gerretatik eta miseriatik ihesi iristen direnean eta gorroto- eta bazterkeria-mezuak zabaltzen direnean.

«Ez dezagun ahaztu orain», esan du sailburuak, «ezberdintzat hartzen dituztenen aurkako gorrotoa zabaldu nahi dutenak entzuten ditugunean. Bizitza hobea izateko eskubidea nola ukatu nahi zaien ikusten dugunean, gerratik eta errepresio frankistatik ihesi Irungo zubitik irten eta munduan zehar alderrai ibili behar izan zutenei ukatu zitzaien bezala, etxetik milaka kilometrora sustraitu aurretik «.

«Ez dezagun ahaztu arraza-kutsua duen lehentasun nazional bat ezarri nahi dutenak entzuten ditugunean, muga zeharkatu nahi dutenak miseria gorrian jarraitzera kondenatzen dituena, aberririk gabeko pariak izatera kondenatzen dituztela, erbesteratu espainiarrak izan ziren bezala» gaineratu du Maria Jesus San Josek.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak inaugurazio-ekitaldia eta ongietorria egin die ‘Erbesterako Ibilbidearen’ 7. edizioan parte hartu dutenei. ‘Besar el Pan’ izenburupean, estatu osoko 16 eta 17 urte bitarteko 40 gaztek hezkuntza-ibilbide bat hasi dute Bilbon, uztailaren 28an Iruñean amaitzeko.

Gogora Institutuak lehen aldiz parte hartu du ekimen honetan, eta María Jesús San José sailburuak konpromisoa hartu du lankidetza datozen urteetara zabaltzeko, erbesteko ibilbideak Euskadi berriro ere zeharkatu dezan.

Dibulgazio-arloko ekimen honek gure iraganaren ezagutza eta hausnarketa kritikoa sustatzen ditu espazio informal batean, bizipen-esperientziarekin lotuta, memoria publiko gazteenari transmititzeko egokia.