ERTIBIL BIZKAIAren 44. edizioak Rekalde aretoa eraldatu eta Bizkaiko ekoizpen artistiko garaikidearen topagune eta hausnarketarako eta zabalkunderako gune bihurtu du. Foru-erakustaretora itzuli da eraberritu ondoren, eta balio izan du artista sortzaile gazteekiko konpromisoa berresteko, bitartekaritza-programa baten eta jarduera publikoen laguntzaz.
Gaur, Rekalde aretoan, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek 2026 ERTIBIL BIZKAIA ikusizko arteen erakusketa ibiltaria aurkeztu du, erakusketako artelanak egin dituzten artistekin batera. Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua da eta lurraldeari lotutako 18 artista berriren lanak bildu ditu.
Erakusketaren ibilbidea Bilboko Rekalde aretoan hasi eta Barakaldoko, Basauriko eta Igorreko udal-aretoetara joango da, helburua baita arte garaikide gaztea lurraldeko zenbait txokotara hurbiltzea Bizkaiko arte-sortzaileen lana ezagutzera emateko.
1983an sortu zenetik, ERTIBIL BIZKAIAk bere bokazioari eutsi dio eta jarraitzen du Bizkaiko artista sortu berriei laguntzen eta sustatzen. Lau hamarkada baino gehiagotan zehar, sariketa hau izan da euskal sorkuntza garaikiderako erreferentziazko plataforma, eta egokitzen joan da sektorearen beharretara eta errealitate artistiko berrietara.
Elixabete Etxanobek aurkezpenean nabarmendu du Ertibilek aukera ematen digula «artisten belaunaldi berriak zer sortzen ari diren ezagutzeko» eta, aldi berean, «programaren helburu bikoitza» azpimarratu du: «artistei beren ibilbide profesionalaren hasieran laguntzea eta beren lana Bizkaia osoko herritarrei hurbiltzea».
Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, ERTIBILek «gure kultura-politikaren dimentsio hori ordezkatzen du: pertsona sortzaileen eta talentu gaztearen aldeko apustua». Era berean, nabarmendu du programa hau «etapa ezberdinetan sorkuntzan laguntzeko» programa bat dela: «talentua detektatzea, lehen aukera bat eskaintzea, haren garapena babestea eta nazioartean proiekzioa erraztea».
2026 ERTIBIL BIZKAIA edizioko artistak
2026 ERTIBIL BIZKAIA edizioko artista irabazleak lehenengo sariarekin Estela Miguel eta Markel González Elezkano, bigarren sariarekin Natalia Suárez Ortiz de Zárate eta hirugarren sariarekin Jone Elorriaga Soto dira. Erakusketan hauek ere batu dira: Argiñe Ceballos Gelozaga, Raimo Galí i Munt, Jorge Isla, Ibon Landa Amutxategi, Idoia Leache Olagüe, Clara Letón Gil, Izaro Mazo Zuloaga, Martzel do Nascimento Goiria, Javier Ozcoidi, Julen Sainz de Rozas González, Solonur, Kathy Udaondo, Carmen Valero Rodríguez, Judith Voet eta Andoni Zamora Txakartegi. Hau da, erakusketa horretan, arte-sorkuntza garaikidearen ordezkari asko bildu dira.
Epaimahaikideak hauek izan dira: 2025 ERTIBIL BIZKAIA edizioko artista irabazle Amaya Suberviola García, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako irakasle Natxo Rodríguez Arkaute, Durangoko Arte eta Historia Museoaren zuzendari Garazi Arrizabalaga Cabrerizo eta Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historiako doktore Ane Lekuona Mariscal, azken hau erakusketarako argitaratutako liburuaren testuen egilea ere bada.
Edizio honetan, Rekalde Aretoak Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduarekiko lankidetzari berrekin dio, eta Katrin Alberdi irakaslearen Ondare Kudeaketa, Erakusketa eta Erregistroa deritzon ikasgaiko ikasleek hartu dute parte.
Jomuga: Japonia
Aurreko edizioetan bezala, artista saridunek egonaldi artistiko bat izango dute Japonian 2027ko uztailean eta abuztuan, eta, esperientzia horri esker, honelakoak errazago eskuratuko dituzte: kultura-trukea, nazioarteko proiekzioa eta aukera profesional gehiagotara zabaltzeko aukera.
Horrela, ERTIBIL BIZKAIAk nazioarteko izaera gehitu dio programari, parte-hartzaile sortzaileen garapena eta kanpo-ikusgarritasuna bultzatu ditu eta.
Programa publikoa eta bitartekaritza
Bisita komentatuez eta ohiko tailerrez gain, Rekalde Aretoak bitartekaritza-programa publiko bat aktibatuko du, parte hartzen duten artisten lanak bertatik bertara ezagutzeko. Jaime Cuenca eta Nerea Ayerbe komisarioek koordinatuko dute programa hau eta iraila eta urria bitartean izango dira.
Topaketak hainbat formatutan egingo dira (elkarrizketak, mahai-ingurua, hitzaldiak, eztabaida, aurkezpena…), eta saio bakoitzean erakusketaren inguruko hausnarketa sustatzen duten beste dinamika batzuetarako tartea irekiko da, hainbat formatutatik: performancea, bideoak edo irudiak ikustea. Programa publikoaren helburua testuingurua eskaintzea eta ERTIBIL BIZKAIA 2026 erakusketarako hautatutako proposamen artistikoen inguruko elkarrizketa plurala sustatzea da.
Helburua ERTIBIL BIZKAIA 2026 erakusketan dauden artistak testuinguruan kokatzea, aztertzea, pentsatzea eta entzutea da.
2026 ERTIBIL-BIZKAIAren ibilbidea
Uztailaren 15etik urriaren 18ra bitartean, ERTIBIL BIZKAIA Rekalde aretoan bisitatu ahal izango da, eta, horren ostean, urriaren 21etik azaroaren 5era bitartean, Barakaldoko Ceferino del Olmo erakustaretoan jarriko da ikusgai.
Ondoren, Basauriko Arizko dorretxean aurkeztuko da, azaroaren 6tik 29ra, eta, azkenik, Igorreko Lasarte aretoan, azaroaren 30etik abenduaren 30era bitartean.
2026 ERTIBIL-BIZKAIA edizioko artistak
- saria
ESTELA MIGUEL (Cuenca, 1992) eta MARKEL GONZÁLEZ ELEZKANO (Bilbao, 1992)
Hala bazan ala ez bazan, 2025
Ehungailuak jantzien barruko espazioen eta kanpoko espazioen arteko erlazioa aztertzen du. Ipuin bat balitz bezala, Hala baza ala ez bazan lanak beste dimentsio baten barrena ibiltzeko aukera ematen du. Geldi dagoenean ere, barneratzera gonbidatzen du; esan liteke objektuak berak barnean hartzen duela fikziozko promes bat edo elkar topatzeko dei bat.
- saria
NATALIA SUÁREZ ORTIZ DE ZÁRATE (Vitoria-Gasteiz, 1994)
6356, 2025
Marrazki txiki eta azkarrak dira irudien abiapuntua, hortik oihalera bidaiatuta, bidean aldatu egin direla jakinda. Desfasea. Beste material batzuk –akrilikoa, espraia eta olioa–, beste izaera bat. Seguruenik, ametsen ideiara joko dugu Natalia Suarezen artelanari buruz hitz egiteko; izan ere, hori da daukagun esperientzia partekatu bakarra, non kontzientzia itzaltzen den eta irudiek hizkuntzaren gainetik agintzen duten.
- saria
JONE ELORRIAGA SOTO (Durango, 1993)
Contenida, 2026
Motor txikiaren botoia sakatuta, eskultura aktibatzen da. Airea ikusgarri bihurtzen da puzgarriaren barruan: triangelu metaliko bihurria gorpuzten da kontrolaren azpian. Contenida. Eutsia, atxikia, iraunarazia bere tokian. Femenino pentsatutako airea. Antzinako vanĭtas gaiaren bertsio eguneratu bat, agian, edo bizi dugun oreka prekarioaren oroigarri bat, gizarte-moldeen eta bakoitzaren barne-pultsioen artean negoziatua.
JULEN SAINZ DE ROZAS GONZÁLEZ (Bilbo, 1995)
Pieza La Plata hiritik irten den tren batetik hartutako irudien konposizioz osatzen da. Hemen, abiadurak ezarri du irudiaren erritmoa, eta paisaia ikusteko eta erregistratzeko modua. Frit band delakoak –leihoen perimetroan zehar jartzen diren puntu beltz txikien banda– ikus daitekeena eta ikusten dugun modua mugartzen ditu.
SOLONUR (Requena, Valentzia), 2003
Lan artistikoaren eta gaua nonbait igarotzearen artean ematen diren antzekotasunak pentsatzetik abiatzen da lan-prozedura. Zure etxeko ohea ingurune ezezagun batean kokatzen den esterila bihurtzen den modura, tailerrean pentsatu eta sortzen diren prozesu artistikoak beste nonbait eramatean gertatzen dena da artistaren interesgunea.
ARGIÑE CEBALLOS GELOZAGA (Ugao-Miraballes, 1999)
Azala geruza fina, iragazkorra, elastikoa eta aldakorra da, galtzerdiak ere bai. Hain zuzen ere, pieza hori ikerketa-lerro bat da gorputzaren eta ehungintzaren arteko harremanak eta elkarrekiko eraldaketa aztertzeko, biak ere eraldatu daitezkeen gainazaltzat hartuta.
RAIMO GALÍ I MUNT (Molins de Rei, Bartzelona, 2001)
Argazkiak gaitasun berezia du berez iragankorrak diren uneak harrapatzeko eta gordetzeko. Pintura, berriz, askeagoa da mundu errealetik urruntzeko, eta fikzioa eskuragarriago du. Polaroid-en bi generoen arteko lotura da aztergaia. Irudiak aukera ematen du deskribatutako eszena irudikatzeko, baina haratago doa.
JORGE ISLA (Huesca, 1992)
XYZ-XY lanak errealitatearen, haren errepresentazioaren eta aurreratu nahi duen begiradaren pertzepzioaren arteko tentsioa jorratzen du. Argazkien plastikotasunaren eta muntaketa-jokoaren bidez, beste topaketa bat proposatzen zaigu metalezko zutoinekin. Objektua ez dugu urrundik ikusten, hurbiletik baizik, eta horrek eskalaren pertzepzioa desitxuratu eta altzairuaren nolakotasun haptikoa nabarmentzen du.
IDOIA LEACHE OLAGÜE (Burlata, 1999)
Begi bi bikiak diruditen bi eskultura dira. Kolpe-leungailuetatik sortutako lana da; izatez, artistak ausaz lortutako objektuak dira, eta artelana erreferentzia horretatik edo erreferentzia horrekin sortua da. Material horiek atxikita dakartzaten imajinarioa eta ñabardurak esanahiaren parte dira. Ez da haien kontrako ezer egiten, mozorrotu ere ez; baina ez dira eurak bakarrik. Aurkitutako objektuen materialtasuna eta haien analisia dira artelanaren gidalerroak.
CLARA LETÓN GIL (Madril, 1998)
Clara Letónek beste denbora bat eta beste ikusmolde bat proposatzen dizkigu fluxu jarraituko irudien kontsumora inoiz baino ohituago dugun begirada garaikide baten aurrean. Gonbidapen bat da errealitateari modu zeihar batean begiratzeko, eta arreta emateko itxura batean hutsalak diren objektuei edo hondo gisa bakarrik ikusi ohi dugun arkitekturari.
IBON LANDA AMUTXATEGI (Vitoria-Gasteiz, 1994)
Ibon Landaren artelanen artean hautatutakoaren abiapuntua eskura izan dituen materialak izan dira; kasu honetan, hain zuzen, aldizkari-orriak. Hala ere, alde batera utzi ditu etxekotutako material horien funtzionaltasuna eta esangura, beste artikulazio-modu batzuk probatzeko. Piezan, aldizkari-orriek, berez koloretsuak, meheak eta dardarakorrak badira ere, beste izaera bat hartzen dute, eta performatibitate sendo eta egonkorra lortu.
IZARO MAZO ZULOAGA (Areatza, 2004)
Errariak ikus-entzunezko pieza bat da; haren sorburuan, nahi bat dago, batzuetan egunerokotasunean ustekabean sartzen den lilura-une horietako bat gorde nahia, eta efektu artifizialei uko egiten die.
MARTZEL DO NASCIMENTO GOIRIA (Bilbao, 1997)
Jainko bakarra artelanean, erosketen tiketa da beneratu beharreko ikono berria; izan ere, artearen historiak errepresentazioari eman dion izaera sakralizatuarekin jolasten da, eta tradizio piktorikoak historia-pinturari eman zion eskala handiaz jabetu. Eta ez da kalean topatzea espero genezakeen horma-irudi bat. Pintura arte garaikidearen erakusketa batean dago, kubo zuriaren logiken barruan.
JAVIER OZCOIDI (Pamplona / Iruña, 1999)
Alde batetik, urdin bizia beti-batekoa da artistaren ikusmintzaira plastikoan. Bestetik, metakrilatoak eskaintzen dituen gardentasunen, argi-jokoen eta arintasunaren konbinazioak identitate propioa ematen dio piezari. Badirudi metakrilatoak, nolabait, mugimendua txertatzen duela bere izaeran. Hau da, irudia gauzatzeko prozesuaren parte izan zen jokoaren luzapen koherente bat balitz bezala funtzionatzen du.
KATHY UDAONDO (Plentzia, 1998)
Kathy Udaondoren ikus-entzunezko pieza omenaldi bat da, Simone de Beauvoir-en Les Inséparables (1954) liburuari eskainia. Piezak liburuan landutako tentsioak eramaten ditu gorputz-mugimenduetara eta, batez ere, jantzien adierazkortasunera. Eszenan, bi gazte daude, jantziek lotuta, eta behin eta berriro egiten dituzte artisautzaren mundua gogorarazten duten mugimendu erritmiko eta koordinatuak. Badirudi hau esan nahi digutela: “Bata beti bestearekiko harremanetatik sortzen da”.
CARMEN VALERO RODRÍGUEZ (Elx, Alacant, 1999)
Arkatz-geruzetako keinu errepikatuen bidez, airearen pisua zabaltzen doa paperaren jatorrizko zuriaren gainean. Espazioa gero eta urrunago, eta irudimena lerroak horizontearekin bat egingo duelakoan. Formak agertzeko prozesu horrek zerikusi handia du Carmen Valerok marrazteko prozesuari ekiteko moduarekin. Lerroek sortutako irudiek ez dute nahi adierazpen hutsa izan; aitzitik, esanahiz beteriko geruzetako bakoitza aztertzen dute.
JUDITH VOET (Deinze, Belgika, 1993)
Gu zeharkatzen gaituzten gizarte-egituren gaineko hausnarketa batean murgiltzen da Elkaar obra. Eskultura abstraktu bat da, honela osatuta: zeramika esmaltatu bat, hari eusten dion argazki bat, eta azken hau zeharkatzen duten barra metalikoak. Ikerketa-prozesuan, artista autoerretratu bat egiten hasi zen, argazkiaz eta bideoaz baliaturik, emozioen ikusizko erregistro bat eraiki nahi zuen eta.
ANDONI ZAMORA TXAKARTEGI (Lekeitio, 1992)
Una torre en llamas ikus-entzunezko pieza bat da, Donostiako suhiltzaile-parkeko maniobra-dorrean kokatua. Suhiltzaileen brigada bat ageri da lanean. Denak anonimo bihurtu dira uniformearen atzean. Erreskate-maniobrak egiten dituzte hor, hormigoizko arkitektura horretan, zeina neutral izan nahi baitu. Koreografian, gora eta behera eskaileretan eta balaustretan. Irudiak eta soinua bateratuta, arriskua kontrolatzeko sortutako arkitektura horrek beste dimentsio emozional bat hartzen du.






