- Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua izan da lehen Enpleguaren Euskal Foroaren buru, eta azpimarratu du ez dela organo bat soilik, baizik eta “Euskadin enplegua gobernatzeko modu berri bat”
Mikel Torres Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua izan da lehen Enpleguaren Euskal Foroaren buru ostegun honetan. Bertan aldarrikatu duenez, “enplegu politikarik onenak ez dira bulego batean diseinatzen, baizik eta eraikitzen dira lan merkatua barrutik eta lan merkatuaren errealitatea ikuspegi ezberdin eta osagarrietatik ezagutzen dutenekin”.
Enpleguari buruzko Legean aurreikusitako organoa da Enpleguaren Euskal Foroa, eta erakundeen, gizarte eragileen, enpresaburuen eta sindikatuen, hirugarren sektoreko erakundeen, Prestakuntza eremuaren eta enplegu politika publikoen diseinuan eta jarraipenean adituak diren pertsonen arteko partehartzea, elkarrizketa eta lankidetza indartzeko sortu dute.
Foroa eratu eta lehen bilera egin bitartean, Torresek nabarmendu du “balio instituzionala” duela martxan jartzeak: “Gaur ez gara kide anitzeko organo berri bat soilik. Gaur, Euskadin enplegua gobernatzeko modu berri bat jarri dugu abian, enplegu politiken gobernantza ulertzeko modu berri bat”.
Lehendakariordeak gogorarazi du Enpleguari buruzko Legea “argi eta garbi» sortu zela enplegu politika publikoak “garrantzitsuegiak” direlako “ikuspegi bakar batetik diseinatzeko, eta elkarrizketa, kontrastea, ezagutza partekatua eta partehartze egonkorra behar dutelako”. Azaldu duenez, borondate horrek arau osoa zeharkatzen du, eta erabaki publikoak eraikitzeko ohiko modu gisa mantendu behar da.
Torresek gogorarazi du Euskadin inoiz ez dela izan Gizarte Segurantzan “hainbeste kotizatzaile”, 1.044.000 afiliatu baino gehiago zenbatuta, eta horretan eragina izan du migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuak, “bi hilabetetan 7.000 atzerritar inguru gehitu baitira eskubideak eta betebeharrak dituzten pertsonen kopuru horretara”.
Lehendakariordeak nabarmendu duenez, Lanbiden “duela hilabete batzuk hasi ginen pertsona horiei guztiei harrera egiten, horietako askok Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan prestakuntza jaso baitzuten aldez aurretik, eta, beraz, berehala sartu ahal izan dira lan merkatuan”.
Euskadin enpleguak bilakaera positiboa izan duen arren eta langabezia tasa 2008an erregistratutakoen antzeko minimoetan dagoen arren, Torresek dei egin du “konplazentzian” ez erortzeko eta lan merkatua eraldatzen ari diren aldaketetarako prestatzeko; hala nola, eraldaketa teknologikoa, trantsizio demografikoa, ekonomiaren deskarbonizazioa, kualifikazioen bilakaera edo nazioarteko ziurgabetasunak.
Ildo horretan, defendatu du “langileen gaitasunak indartzearen eta enpleguaren kalitatea hobetzearen” garrantzia, “euskal ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko eta etorkizuneko ziurgabetasunei hobeto aurre egin ahal izateko”. “Gaur egun kalitatezko enpleguan inbertitzea gizarte kohesioan, produktibitatean eta Euskadiren etorkizuneko ongizatean ere inbertitzea da”, adierazi du.
Foroaren funtzioa
Enpleguaren Euskal Foroaren eginkizunen artean dago Enpleguaren Euskal Estrategiari, enplegu planei eta arlo horretako xedapen orokorrei buruzko informazioa ematea, proposamenak eta gomendioak egitea eta lan merkatuaren bilakaera aztertzea. Torresek azpimarratu du espazio berri hori eztabaida sortzeko, ezagutza partekatzeko eta erabaki publikoak hobetzeko adostasun erabilgarriak lortzeko duen gaitasunagatik ere aitortu nahi duela.
“Foroak espazio bizia izan behar du, askatasunez eztabaidatzeko gunea, behar denean ekarpen kritikoak egingo dituena, ezagutza partekatuko duena eta adostasun erabilgarriak eraikitzeko gai izango dena. Azken batean, partehartzea ez da izapide administratibo bat, erabaki publikoak hobetzeko benetako tresna baizik”, adierazi du Mikel Torresek.
Era berean, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren konpromisoa berretsi du Euskadin enplegua indartzen diharduten eragile guztiekin “entzute aktiboa eta etengabeko elkarrizketa” izateko: “Ziur nago foro horrek politika hobeak diseinatzen lagunduko digula, pertsonen, enpresen eta gure ehun ekonomiko eta sozialaren beharretara egokituagoak”.






