Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako ikasleen eta irakasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzen du Erasmus+ programaren bidez

0
  • 500.000 euroko zuzkidura duen deialdiak 2026-2027 ikasturtean Lanbide Heziketako ikasleen eta irakasleen nazioarteko mugikortasunak kofinantzatuko ditu
  • Deialdi honen xede diren Erasmus+ proiektuetako mugikortasunen kopurua 854tik 1.324ra igo da 2022tik 2025era; hau da, %55etik gorako hazkundea izan du lau deialditan

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak proposatuta, 2026-2027 ikasturtean Erasmus+ programaren esparruan Lanbide Heziketako ikasleen eta irakasleen nazioarteko mugikortasunak kofinantzatzeko laguntzen deialdia. Deialdiak 500.000 euroko zuzkidura du.

Erasmus+ proiektuak garatzen dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek jasoko dituzte laguntza horiek. Eskabideak itunpeko ikastetxeek eta bi sareetako ikastetxeak ordezkatzen dituzten elkarteek aurkeztu ahal izango dituzte, eta erakunde horien bidez bideratuko da 2026-2027 ikasturteko nazioarteko mugikortasunen finantzaketa.

Deialdi hau Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horrek nazioartekotzea ikastetxeen berrikuntza bultzatzeko eta prestakuntza nahiz lanbide arloko beste ingurune batzuetara irekitzeko funtsezko palanketako bat dela ezartzen du.

Erasmus+ programaren bidez, ikasleek beren prestakuntzaren zati bat beste herrialde batzuetako enpresa eta erakundeetan egiteko aukera dute, nazioarteko inguruneetan lanbide-gaitasunak eskuratzeko eta lan-merkatuan txertatzea errazteko. Irakasleen kasuan, mugikortasun horiek metodologien trukea sustatzen dute, eta Europako esperientzia eta jardunbide egoki berriak ikastetxeetako hezkuntza-jardunean txertatzen laguntzen dute.

 

Mugikortasun gehiago Lanbide Heziketan

Deialdi honen xede diren Erasmus+ proiektuetako mugikortasunen kopurua %55 baino gehiago hazi da 2022tik, eta 854tik 1.324ra igo da 2025eko deialdian.

Erakunde interesdunek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.