- Ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgiako espezialistak bere gain hartu du Zuzendaritza Medikoa, eta adierazi du helburutzat duela asistentzia sendotzea pazienteak erdigunean jartzeko nahiz profesionalak zaintzeko, bai eta erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko aukerak eskaintzea ere
Goiztidi Díaz Basterra doktorea izendatu dute Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari mediko berria. Ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgiako espezialista da eta bere lan-ibilbidearen zati handi bat Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin du, non orain arte Ahoko eta Aurpegi-masailetako Kirurgiako atalburu gisa aritu baita. Halaber, asistentzia-jarduera gauzatzeaz gain, irakaskuntzan dihardu, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle elkartu gisa, eta ikerketa-jarduera ere gauzatzen du Biobizkaian, non “Irudia eta osasunari aplikatutako teknologiak” izeneko taldeko kide baita.
Izendapen honekin etapa berriari ekingo diogu; xedea da kalitate asistentziala nahiz pazienteen segurtasuna sendotzen jarraitzea, bai eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentziazko zentro gisa nabarmentzea ere.
Ezarritako lehentasunen artean, hauexek dira aipatzekoak: batetik, pertsonak eta profesionalen zaintza nahiz garapena erdigunean jartzen dituen asistentzia sanitarioa sustatzea; bestetik, kudeaketa parte-hartzailea bultzatzea, adierazitako beharrizanak eta proposamenak txertatu ahal izateko etorkizunean izan nahi dugun erakundean.
Horrez gain, zuzendari mediko berriak apustu irmoa egin nahi du barne-komunikazioko kanalak eta askotariko lantaldeen arteko lankidetza indartzearen alde, osasun-arretaren etengabeko hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko eta erakundeak bete ditzan oraingo nahiz etorkizuneko erronkak.






