- Hezkuntza Eraiki 2030 estrategian sartuta dagoen proiektu estrategikoetako bat da, eta udalerriari eta Busturialdea eskualdeari ikastetxe moderno, irisgarri eta jasangarri bat, ingurune naturalean integratua, emango die.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrera jarraitzen du Eako Haizeder HLHI berria eraikitzeko lanekin. Hezkuntza Eraiki 2030 estrategian jasota dagoen Bizkaiko proiektu estrategikoetako bat da, eta 8.538.131,78 euroko inbertsioa dakar. Ikastetxe berri horrek egungo instalazioak ordezkatuko ditu, eta eraikin moderno bat eskainiko du. Eraikinak espazio funtzionalak, irisgarriak, jasangarriak eta batez ere ingurunean integratuak izango ditu, eta, nortasun-ikur gisa, zurezko fatxada edo inguratzailea izango du.
21 hilabeteko exekuzio-epearekin, lanek ezarritako egutegiaren arabera jarraitzen dute aurrera, eta 2027ko udaberrian amaituko direla aurreikusten da. Hori horrela bada, CEIP Haizeder HLHI berriak 2027-2028 ikasturtearen hasieran irekiko ditu ateak.
Haizeder HLHIk Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lerro bat izango du, eta Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko ikasleei emango die zerbitzua, Busturialdeko hezkuntza publikoaren eskaintza indartuz.
INGURUNEAN INTEGRATUTAKO ARKITEKTURA
Eraikina Natxituako herrigunean jaso da, lurzatiaren topografiara egokituta eta inguruko paisaia errespetatuz integratuta. Proiektuak erabat berrantolatzen ditu irakaskuntza-espazioak funtzionamendu eraginkorragoa eskaintzeko, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza bereiziz eta hezkuntza-jarduera garatzen lagunduko duten instalazio berriak ezarriz.
Ikastetxeak gela zabalak eta argitsuak, irakasleentzako eta administrazioarentzako guneak, sukaldea eta jangela, gimnasioa eta ikasteko, jolaserako eta bizikidetzarako kanpoko eremuak izango ditu. Era berean, proiektuak esparru osoaren irisgarritasuna hobetuko du, ibilbide egokituen eta lurzatiko maila desberdinen arteko konexioen bidez, eta, gainera, sarbide independenteak izango ditu mantentze- eta hornidura-zerbitzuetarako.
Jarduketaren elementu berezietako bat da paisaian integratu dela eta lurzatian dagoen pilotaleku historikoa, Rufino Basañez arkitektoak egina eta DOCOMOMOk Mugimendu Modernoaren arkitekturaren erreferente gisa katalogatu duena, errespetatu dela. Ikastetxe berriaren diseinuak ondare-elementu horren protagonismoa babesten du, kanpoko eremuak zabaltzen ditu eta eraikinaren, jolaserako guneen eta ingurune naturalaren arteko konexioa hobetzen du.
Jasangarritasuna da proiektuaren ardatzetako bat. Eraikinak hormigoia eta zura uztartzen ditu egituran, eta zura du bere elementu bereizgarrienetako bat, bai paisaian integratzen delako bai hezkuntza-espazioei berotasuna eta erosotasuna ematen dielako. Gainera, geotermia- eta aerotermia-sistemak ditu klimatizaziorako, eguzki-plaken instalazio bat energia berriztagarria sortzeko eta euri-urak jasotzeko eta aprobetxatzeko sistema bat eraikineko hainbat erabileratarako. Horren guztiaren osagarri, eraikinaren diseinuak argi naturala aprobetxatzea, energia-efizientzia eta ikasteko ingurune osasungarriak, funtzionalak eta egungo hezkuntza-metodologietara egokituak sortzea lehenesten ditu.
JARDUKETA ESTRATEGIKOA BIZKAIARENTZAT
Eako Haizeder HLHI Hezkuntza Saila, Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren esparruan, Bizkaiko lurraldean garatzen ari den jarduera estrategikoetako bat da. Plan horrek 750 milioi euro mobilizatuko ditu 2030era arte, Euskadiko hezkuntza-azpiegiturak berritzeko eraikuntza berrien, birgaitze integralen eta ikastetxe publikoetako hobekuntza-jardueren bidez.
Bizkaian, Hezkuntza Sailak hezkuntza-azpiegituretako 30 jarduketa bultzatzen ditu plan horren barruan, eta horiei gehitu behar zaizkie Udaleraiki programaren eta udalekin egindako hitzarmenen bidez gauzatzen diren inbertsioak eta udan ikastetxeetan aurreikusitako beste hobekuntza-jarduera batzuk. Inbertsio horiek lurralde osoko udalerriak hartzen ditu: Bilbo, Ea, Muskiz, Mungia, Bakio, Ispaster, Gatika eta Etxeberria, lurralde historiko osoan hezkuntza-sare publikoa indartzen eta modernizatzen lagunduz.






