Indarkeria matxistaren biktimek bizi-baldintzak hobetzeko duten eskubideari buruz hitz egingo da Emakunderen uda ikastaroan

0
  • Irailaren 8an eta 9an hogei aditu inguru bilduko dira Donostiako Miramar jauregian
  • Bi egunetan zehar biktimen erreparazioan sakonduko da, arlo emozionaletik hasi eta arlo sozial edo ekonomikoraino

«Indarkeria matxistaren erronka berriak: biktimizaziotik erreparaziora» da Emakundek Donostiako Miramar Jauregian EHUren Udako Ikastaroen barruan antolatutako ikastaroaren izenburua.

Irailaren 8an eta 9an, hainbat arlotako hogei bat adituk aztertuko dute nola lagun dakiekeen indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako eskubidea bermatzen, kaltearen ordaina ematen, erabat sendatzen edo ez errepikatzeko bermeak ematen.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren arabera, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazioa, funtsean, «beren bizi-baldintzak hobetzean, birbiktimizazioa saihestean, beren egia zabaltzean eta indarkeria hori gainditzeko haien autonomia eta ahalduntzea indartzean datza”.

Horregatik, udako ikastaro honetan erreparaziorako eskubidea hainbat lerrotatik aztertuko da, juridikotik, psikologikotik, ekonomikotik edo dimentsio sozialetik, unibertsitate, justizia, erakunde eta elkarteen munduko hainbat adituren eskutik.

Programa esteka honetan kontsulta daiteke.