Emakumeen sexualitatea konplexua da, ez konplikatua izateagatik, gure bizitzako arlo guztiak barne hartzen dituelako baizik. Hauexek dira gure sexualitatean eragiten duten alderdiak: gizarte-hezkuntza; bizi garen herrialdea; mitoak nahiz tabuak; geure buruari begiratzeko, hari buruz hausnartzeko eta hura sentitzeko dugun modua eraiki duten aurretiazko esperientziak; osasun-egoera; sexu-esperientziak; esperientzia erotikoak; eta jasandako indarkeriak. Faktore guzti horiek eta beste askok eragina dute gure gorputzari, sentimenduei, afektuei eta ohiturei dagokienez sentitzen dugun askatasunean.
Hala ere, beste mota bateko informazioa eskainiko dizuet, nahi duenak hausnartzeko, kuriositatea entretenitzeko edo terrazako hurrengo hizketaldian datuak eman ahal izateko.
Emakumeen sexualitateari buruzko diskurtsoa kontrolatu dutenen tradizio historikoko zenbait adibide aurkeztuko dizkizuet.
Erroma, K.a. IV. mendea Emakumeen definizioak txarto uzten gintuen jada. Uste zuten gizon eta emakumeak gorputz bera zirela; hala, sexu-desberdintasunak azaltzeko, adierazten zuten emakumea naturak ahalbidetutako akatsa zela, ugalketa gauzatze aldera. Haurtxo bat neska izateko arrazoia hauxe zen: umetokia behar beste ez berotzea —hau da, “irakinaldi bat falta zaizu” esaeraren aurrekoa—, eta Galenoren ustez (K.o. 129–216) klitoriaren eginkizunetako bat zen bero hori elikatzea. Hutsik ez duen teoria, ez al duzue uste?
Hipokrates (K.a. 460–370): umetokia gaixotasun guztien jatorria da.
Aristoteles (K.a. 384) ados zegoen emakumeen orgasmoa ugalketari lotzearekin, baina jakinarazi zuen arriskutsua zela orgasmoa gozamen hutsagatik edo bakarka izatea.
Avizenak (K.o. 980–1037) adierazi zuen emakumeen orgasmoa beharrezkoa zela haurdun geratzeko.
Hildegard Von Bingen (K.o. 1098–1179) abadesa beneditarrak emakumeen orgasmoa deskribatu zuen. Epifania bat izatetik gertu dagoela esan zuen, eta nahiko egokia izan zen adierazpena.
Isidoro Sibiliakoak (VI. mendea) eta Michele Savonarolak (XV. mendea) ziurtatu zuten himena birjintasunari lotuta zegoela. Ez ziguten inolako faborerik egin, eta gaur egun oraindik ordaintzen ditugu ondorioak.
XVII. mendearen hasierara arte, klitoriak ez zuen izen hori izan. Helkiah Crooke-i zor diogu hori, edo agian ezagunago egingo zaizue Regnier de Graaf, ginekologiari egindako ekarpenarengatik. Baina bereziki nabarmendu zen oso ezaguna den beste bat: Thomas Bartholin; izan ere, emakumeen plazererako funtsezkoa den aparatua izendatzeko “gizadiaren erdeinua” terminoa proposatu zuen klitoriaren ordez. Eta hura gehiegi erabiltzeak dakartzan arriskuez ohartarazi zuen.
Richard Von Craft Ebing (XIX. mendea) psikiatra alemaniarrak adierazi zuen ondo elikatuta dagoen eta ohiko adimen-garapena duen emakume batek sexu-grina gutxi duela.
Horrelako pasadizoz josita dugu historia, baina erdigunean jarri dezagun emakumeen orgasmoa. Paola Damontik argi eta garbi utzi zuen “orgasmo-arrakala” delakoari buruz aritzean. Sexu-kitzikadura eta -estimulazio handia izatean lortzen da orgasmoa, eta oso nabariak dira sexuaren araberako desberdintasunak. Arrazoiak: emakumeok ez dugu eredu propiorik gure sexualitatea askatzeko, ez dugu baimenik gure pasioak nahiz gorputzak esploratzeko, eta sozialki gure prozesuen gaineko ezjakintasuna sustatzen da. Laburbilduz: patriarkatua da arrazoia.
Datuak etsigarriak dira: Bost emakumetik batek ez du inoiz orgasmorik izango sexu-harremanak izan bitartean. Lau emakumetik hiruk askotan ez dute lortuko orgasmora heltzea. Emakumeen sexu-asebetetzea gizonena baino txikiagoa da, gizonek maiztasun eta erraztasun handiagoarekin lortzen baitute orgasmoa. Zergatik patriarkatua? Datuak oso bestelakoak direlako gizon zein emakumeen bikote homosexualetan.
Beraz, hauxe da nire gomendioa: emakumeen sexualitatea gozatu eta ikusarazi ezazue, tabuen aurka borrokatu zaitezte eta plazererako nahiz sexu-hezkuntzarako eskubidea sustatu ezazue.






