Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta gizarte eragileek helduen artean euskara ikastea sustatzen dute «Euskera ahora» kanpainarekin

0

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, «Euskera ahora» urteroko kanpaina berritu du, helduek euskara ikas dezaten bultzatzeko. Gaur egun, 5.800 pertsona helduk baino gehiagok parte hartzen dute prestakuntza honetan. Aurten, lehen aldiz, doakotasuna lortu da A1 eta A2 mailetan izena ematen duten pertsonentzat, kanpaina aurkezteko ostegun honetan egindako prentsaurrekoan jakinarazi den bezala.

Horrela, kanpaina helduei euskara irakasteko 35 toki entitaterekin eta eragilerekin elkarlanean egin da: Zubiarte euskaltegi publikoa, Hizkuntza Eskola Ofizialak, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Ofiziala, eta AEK, IKA eta bai & by euskaltegiak. «Euskera ahora» leloari jarraipena emanez, euskararen ikaskuntza edo ezagutza hobetzea bultzatu nahi da, kanpotik Nafarroara etorri diren herritarrak ere gonbidatuz, eta prozesuaren doakotasuna edo prestakuntza-maila ezberdinetan dagoen dirulaguntza publiko garrantzitsua azpimarratuz.

Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Nafaroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak, Marta Diez Antsoaingo alkateak toki entitateen izenean eta Aitziber Garralda IKAko ordezkariak gizarte entitateen izenean. Kanpainaren erakunde laguntzaileetako ordezkariak ere izan dira: Marisa Zubiri, Zubiarte euskaltegi publikoaren izenean; Xabier Martinez de Lezea, IKAren izenean; Beatriz Buldain eta Xabier Garcia, AEK erakundearen izenean; Carol Sáez de Albeniz eta Santi Leoné, Hizkuntza Eskola Ofizialen izenean; eta Esther Korres NUHOren izenean.

«Euskera ahora» irail osoan zehar garatuko da, sare sozialetan iragarkiak argitaratuz, Lizarrako, Tafallako, Tuterako eta Iruñerriko markesinetan, NUPeko campusaren inguruko publizitate-hesietan, Arrosadian, autobus eta tren geltokietan, Itaroa eta La Morea merkataritza-guneetan, irratian, egunkarietan eta tokiko aldizkarietan. Kanpaina honetan 60.000 euro inguru inbertitu dira.

Baterako lana

Ana Ollo lehendakariordeak helduen euskararen irakaskuntza bultzatzea hizkuntza politikaren ardatz estrategiko gisa kokatu du, hizkuntza propioa berreskuratzeko eta erabiltzeko giltzarria baita, hiztun berrien beste ildo batzuekin batera. «Mahai honek oso ondo irudikatzen du duela hamarkada bat baino gehiago, 2015ean, Euskarabideak hasitako elkarlan bateratua. Harrezkero, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen arteko lankidetzak, bai eta gizarte entitateekikoak ere, euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzeko, sinergiak sortzen ditu, politika publikoek euskararen inguruan duten eragina eraginkorra izateko. Nafarroako Gobernuak euskara ikasteko doakotasunean aurrera egiteko konpromisoa hartu zuen, Nafarroako herritarrek berezko hizkuntza ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidearen oinarri gisa. Azken bi urteetan, konpromiso horrek bermatu egin du ikasten hasten diren helduek ziurtatuta izatea prozesuaren doakotasuna».

«Azken ikasturte honetako matrikula-datuek erakutsi dute euskara sustatzeko politika publikoa eraginkorra dela. Azken 2025-2026 kurtso honetan, euskara ikasteko euskaltegiren batean matrikulatu ziren helduen kopurua % 32 igo da. Eta, hasierako mailan matrikulatutakoak bakarrik hartzen baditugu, A1 doakotasuna bermatu zen maila, igoera % 54koa izan da», adierazi du Ollo lehendakariordeak.

Antsoaingo alkate Marta Diezek, toki entitateen ordezkari gisa, «gure hizkuntza sustatzeko udaletako Euskara Zerbitzuen bitartez egiten den ahalegin handia» aitortu du. Nafarroako udalerrietan euskararen erabilera normalizatua lortzeko egiteke dagoela ere uste du.

Halaber, Diezek azpimarratu du «inoiz baino garrantzitsuagoa da helduen artean euskararen ezagutza eta ikaskuntza bultzatzea. Ziur nago euskararen ezagutzak aberastu egiten duela horietako bakoitzaren bizitza, gutako bakoitzarena. Bai harreman pertsonaletan, bai komunikazioan oro har. Horregatik, toki entitate gisa, euskara ikasi nahi dutenei laguntzen jarraituko dugu, eta gure hizkuntza bultzatuko duten ekimen eta programen aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Horregatik, mezu argia bidali nahi diet nafarrei euskara ikas dezaten. Gure hizkuntza da eta merezi du”.

Gogoan izan behar da toki entitateek eta euren Euskara Zerbitzuek elaide.eus webgunean euskaltegiei eta dirulaguntzei buruzko informazio zehatza eskaintzen dutela.

Euskara irakasteko gizarte ekimeneko zentroen izenean, Aitziber Garralda IKAko euskaltegietako ordezkariak etxetik edo lantokitik gertu dauden euskaltegietara joateko deia egin die herritarrei: «Euskaraz ez dakiten herritar guztiei dei egin nahi diegu aurtengo urrian euskara ikasten has daitezen. Ziur gaude ez direla damutuko».

Garraldak gogorarazi duenez, euskaltegietan ikasle berriek «hitz egiten ikasteko aukera izango dute, egunerokoan gure hizkuntzan bizitzeko gaitasuna emango dien metodologia komunikatibo baten bidez, eskarmentu handiko irakasleen laguntzarekin eta giro atseginean”.

“Urtetik urtera gero eta gehiago dira Nafarroa osoan euskara ikasten ari diren gazte eta helduak, nafarren jatorrizko hizkuntza, lingua navarrorum, eskuratu nahi dutenak; umetan ukatu zitzaien nortasuna lortu nahi dutenak; gure herria benetan ezagutu nahi dutenak. Eta ikastaro honetan are gehiago izatea espero dugu, gure euskaltegiak jendez betetzea”, amaitu du Aitziber Garralda IKAko eta gizarte erakundeetako ordezkariak.

INGURA plataforma

Nafarroan euskara ikasi nahi duen edonoren eskura egoteko etengabeko lanaren isla, Ollo lehendakariordeak INGURA plataforma digital publikoaren garapenean gobernuak egindako lana azpimarratu du, A1, A2 eta B1 mailak dagoeneko egin daitezkeelako: «Online ikasteko modalitatea eskaintzea aurrerapauso handia da, zalantzarik gabe. Egia da euskaltegien kopuruak gora egin duela azken urteotan, baina badira mugitzeko modurik ez dutenak, edo linean ikasteak eskaintzen dien malgutasuna behar dutenak jauzia egin eta euskara ikasten hasteko. Beraz, ziur gaude modalitate berri honek batu egiten duela «.

INGURA plataforma EUSGUNEAK proiektuari esker garatu da. Bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk; Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak; eta Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez. Europar Batasunak proiektuaren % 65 batera finantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Programaren AFOMEF-POCTEFA mugaz gaindiko garapen iraunkorra sustatzeko deialdiaren bidez.

Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, 5.800 lagun inguruk egin zuten euskara ikasteko hautua 2025-2026 ikasturtean Nafarroako euskaltegi eta ikastetxeetan, azken urteetako goranzko joerarekin jarraituz. Nafarroako Gobernuaren helburua, Arakamak azpimarratu duenez, euskara ikastera animatzen diren pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzea da, eta, beraz, neurriak hartzen jarraituko dute bertako biztanleak eta Foru Erkidegora iritsi berriak euskarara erakartzeko.

Aurtengo aurrekontuetan, Arakamak azaldu duen bezala, 2.800.000 euro aurreikusi dira gizarte erakunde edo euskaltegientzako dirulaguntzen deialdian; eta 1.286.000 euro euskara ikasten duten helduentzako dirulaguntzetan, iazkoaren bikoitza. Nafarroako Gobernuak ematen dituen laguntza horiei toki entitateek emandakoak gehitu dakizkieke.

Ikasturte berrirako laguntzak, azaroaren 3ra arte

Kanpaina berri honekin, azken urtean egindako aurrerapenak aurkeztu dira. Ildo horretan, beste urrats bat eman da: datorren ikasturtean, A1 eta A2 mailetako euskara ikasleek matrikula-gastuaren % 100 jaso ahal izango dute. Gainerako mailetan, 475 eurorainoko dirulaguntzak jaso ahal izango dira aurrez aurreko ikastaroetarako, eta horiek bateragarriak izango dira toki-erakundeek ematen dituzten laguntzekin. 2026-2027 ikasturtean euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 1etik azaroaren 3ra arte egongo da zabalik.

Helduek euskara ikas dezaten azken urteotan ematen diren laguntzak eta baliabideak areagotzeko joerarekin, Administrazio publikoko langileek ere jaso ahal izango dituzte laguntza orokor horiek. Orain arteko laguntza espezifikoez gain, euskara-ikastaroen modalitateak ere diruz lagunduko dira, hala nola iraupen laburrekoak edo familia-barnetegiak.

Laguntza bi epetan ordainduko da, abenduan eta ikasturtearen amaieran.