Nafarroako Gobernuak 137 etxebizitza babestu, 40 erosketa-erregimenean eta 97 alokairu-erregimenean esleitzeko prozedura berri bat irekiko du gaur. Horiek dira alokairu-erregimeneko etxebizitzen lehen sustapenak, eta zozketa baten bidez esleituko dira. Zozketa irailaren 22an egingo da (emaitzak hurrengo egunetan jakinaraziko dira), eta esteka honen bidez zuzenean jarraitu ahal izango da. Sustapenetako batean parte hartzeko prozesua irailaren 1etik 10era egongo da eskuragarri, modu telematikoan, izapideen katalogoko fitxan.
Erosteko 40 etxebizitzak Tuteran daude, 2. industrialdean, eta 2, 3, eta 4 logela dituzte. Higiezinen guztietatik 21 errenta txikirako bideratuta daude, eta 14 handirako. Horrez gain, bost etxebizitza gorde dira desgaitasuna dutenentzat, terrorismoaren biktimentzat, genero-indarkeriaren biktimentzat eta familia ugarientzat.
Alokairurako 97 etxebizitzak zozketa bidez esleituko diren lehenak izango dira. Altsasun (21 etxebizitza, Nasuvinsak bultzatuta), Antsoainen (6 etxebizitza, Orlan 2019k bultzatuta) eta Mutiloan (70 etxebizitza, Nasuvinsak bultzatuta) daude, eta logela bat eta lauren artean dituzte, sustapenaren arabera.
Etxebizitza horien zozketa jendaurrekoa izango da eta notario aurrean egingo da. Erreserba orokorrean daudenen artean egingo da zozketa, eta lau multzotan banatuko dira adinaren eta sustapeneko udalerrian erroldatuta dauden ala ez kontuan hartuta. Hala, bereiziko dira erroldatuta dauden gazteak (35 urte edo gutxiagokoak) eta 60 urte edo gehiagokoak; adin tarte horietakoak baina erroldatu gabeak; erroldatutakoak; eta gainerakoak. Eskatzaile bakoitzak dagokion taldean baino ezingo du parte hartu, eta errolda-eskaeran zehaztu zuen logela-kopuruarekin bat datozen etxebizitzak baino ezingo ditu eskuratu.
Aldaketak sarbide-baldintzetan
Etxebizitza babestuak sarbide-baldintza guztiak bete eta eskatzaileen erroldan izena emanda daudenen artean esleituko dira. Alokairu orokorreko etxebizitza guztiak zozketa bidez esleituko dira, hala ere, azpimarratu egin behar da erreserba bereziak mantenduko direla (desgaitasuna duten pertsonak, genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktimak, familia ugariak…), baremo bidez esleitzen jarraitzen baitute.
Esleipen-prozesu berri horrek, gainera, aldaketak ekarri ditu etxebizitza babestuen sarbide-baldintzetan. Hemendik aurrera, alokairu batera sarbidea izateko gutxienez 5.000 euroko diru-sarrerak izatea eskatuko da, babes ofizialeko etxeak erosi ahal izateko 19.000 eurokoak eta babes ofizialeko etxebizitza tasatuak erosteko 24.000 eurokoak. Gainera, 100.000 euroraino igo da eskatzaileek ondare-eskualdaketetatik izan ditzaketen diru-sarreren zenbatekoa.
Bestalde, familia-unitateen ikuskera ere zabaldu egin da, eta aintzat hartu dira, seme-alaba komun batekin batera elkarrekin bizi diren bizikideak, nahiz eta ezkontza-loturarik ez egon eta formalki bikote egonkorrik ez eratu.






