Udako Operazio Berezian egonkortu egin da nazioarteko trafikoa, pixka bat igo da barnekoa eta behera egin du istripuen tasak

0
  • Zazpi pertsona hil dira zirkulazio-istripuz Euskadiko bide-sarean uztailean eta abuztuan, iaz baino hiru gutxiago
  • Uda honetan, nazioarteko trafikoa iazko erregistro berdinetan mantendu da, eta barne-trafikoa ia %2 hazi da

2026ko Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia aurreikusitakoak baino mugikortasun-datu baxuagoekin amaitu da Euskadin, eta ezbeharren kopuruak behera egin du iazko udarekin alderatuta. Uztailean eta abuztuan, nazioarteko trafikoa egonkor mantendu da, aldaketarik gabe 2025eko datuekin alderatuta eta hasierako aurreikuspenen oso azpitik, %6ko hazkundea aurreikusten baitzen. Bestalde, barne-trafikoa ia %2 hazi da, kanpainaren hasieran zenbatetsitako %3,5etik behera.

Ezbehar-tasari dagokionez, bilakaera aldekoa izan da. Zazpi pertsona hil dira zirkulazio-istripuetan Euskadin uztailean eta abuztuan, 2025eko aldi berean baino hiru gutxiago. Era berean, behera egin dute epe horretan izandako istripuen kopuruak (%18,5 gutxiago; 1.027 istripu aurten, 1.261 iaz), zauritu larrien kopuruak (%26 gutxiago; 60 aurten; 81 iaz) eta zauritu arinen kopuruak (%8 gutxiago; 498 aurten, 540 iaz).

Aurreikusitakoa baino trafiko gutxiago

Oraindik iraileko datuak falta badira ere, 2026ko Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren balantzeak hasieran aurreikusitakoa baino mugikortasun moderatuagoa erakusten du. Nazioarteko trafikoa egonkortu egin da iazko udan izandako antzeko mailan, eta barneko trafikoa pixka bat igo da. Bi kasuetan, kanpainaren hasieran egindako aurreikuspenen azpitik kokatu dira datuak.

Nazioarteko trafikoari dagokionez, udako hilabeteetan Euskadi zeharkatu duten ibilbide luzeko ibilgailuen bolumena egonkor mantendu da, 2025eko maila berean, kanpainaren hasieran aurreikusitako %6ko igoeratik urrun. Kalkulatzen da, beraz, aurtengo udan ibilbide luzean egindako joan-etorriak 4.284.000 izan direla, hau da, 2.142.000 ibilgailu inguruk zeharkatu dute Euskadi irteeran eta beste horrenbeste itzuleran, iaz bezala. Nazioarteko joan-etorri horien intentsitatea bereziki bide-sareko puntu eta aldi jakin batzuetan kontzentratu da. Gipuzkoan, zirkulazioa bereziki handia izan da Biriatuko mugaldean, batez ere itzulera-operazioari lotutako mugikortasun handieneko egunetan eta, bereziki, abuztuko azken bi asteburuetan.

Ez da erraza zehaztasunez esatea zergatik mantendu den aldatu gabe nazioarteko trafikoa. Baina itxura guztien arabera, uztailean eta abuztuan Frantziako hego-mendebaldean izandako suteek eta han inguruan hainbat errepidetan izandako zirkulazio-etenek eragina izan zezaketen joan-etorrietan izandako bilakaeran. Trafiko murrizketa horien ondorioz, ibilgailu askok ibilbide alternatiboak bilatu behar izan zituzten eta Biriatuko muga saihestu.

Bestalde, barne-trafikoa ia %2 hazi da, %3,5eko aurreikuspenaren azpitik. A-8 autobidean Kantabriarako noranzkoan egiten diren joan-etorrien kasuan, udako egunetan zirkulazio-intentsitate handieneko puntuetako bat izan ohi dena, trafikoa apur bat murriztu da iazkoarekin alderatuta. Trafiko gutxiago ibiltzearen ondorioz, uda honetan ez da auto-ilara esanguratsurik izan Kantabriako mugan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 loturan, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, jarritako operatiba bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldietan.

A-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan, istripua edota matxura gertatuz gero zirkulazioa arintzeko eta bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako garabi bat jarri du seigarren urtez jarraian Barakaldo eta Kantabriako muga artean. Ba, udan, Garabi horrek 16 erreskate egin ditu guztira (15 matxuragatik eta 1 istripuagatik), eta 2025eko udan 14 erreskate egin zituen.

Irteera Operazioa

Bizkaian, auto-ilararik handienak, 11 km-rainokoak, uztailaren 17an, ostirala, izan ziren A-8an, Kantabriarako noranzkoan, Muskiz eta Ortuella artean, ostiraletako ibilgailuen joan-etorrien kopuru handiak eragindako egoera larriagotu egin zen hainbat matxura eta istripu baten ondorioz.

Gipuzkoan, uztailaren 3an, ostirala, 6 km-rainoko auto-ilarak izan ziren AP-8 autobidean, Irungo ordainlekuan, Kantabriarako noranzkoan, ibilgailu asko zihoazelako. Halaber, abuztuaren 10ean, astelehenean, 7 km-rainoko auto-ilarak izan ziren puntu horretan bertan, 10:32tik 15:00etara, zirkulazio-bolumen handiaren ondorioz. Erretentzio horien intentsitatea ez da oso ohikoa egun horretan Irteera Operazioaren barruan, eta, beraz, ez da baztertzen gehikuntza horren zati bat abuztuaren 12ko eklipsea ikusteko muga zeharkatu zuten ibilgailuen zirkulazioarekin lotuta egotea.

Araban, trafiko-dentsitate handiena uztailaren 12an, igandea, erregistratu zen A-1 errepidean, Madrilerako noranzkoan. Errei bat itxita egon zen, eta 4 km-rainoko auto-ilarak sortu ziren, auto baten eta kamioi baten arteko istripu baten ondorioz.

Itzulera Operazioa

Aurten, Itzulera Operazioan erregistratutako auto-ilara nagusiak eguzki-eklipsea dela-eta Euskadira etorritako ibilgailuen itzulerarekin lotuta egon dira.

Abuztuaren 12an, fenomeno astronomikoaren aurreko orduetan, errepide bidez egindako joan-etorriak mailaka egin ziren, eta, horri esker, ez zen auto-ilara esanguratsurik izan. Hala ere, eklipsea amaitu ondoren, 22:00etatik aurrera, lehenengo auto-ilarak sortzen hasi ziren, eklipsea ikustera joan ziren pertsonak itzulerarekin.

Auto-ilara handienak Gipuzkoan izan ziren, batez ere AP-8an, Frantziarako noranzkoan, mugaren beste aldera itzultzen ziren ibilgailu kopuru handia zela eta. Gau horretan bertan, 7 kilometroko auto-ilarak izan ziren Zarauzko ordainlekuan. Zailtasunak hurrengo egunean ere luzatu ziren. Abuztuaren 13an, AP-8 autobideak auto-ilara handiak izan zituen berriro Frantziako noranzkoan, 14 kilometrorainokoak, Biriatuko ordainlekuaren parean.

Eklipsea alde batera utzita, Gipuzkoan auto-ilara garrantzitsuenak abuztuaren 20an, osteguna, izan ziren, oporraldiaren ondoren nazioarteko itzulera-zirkulazio handia izan baitzen. AP-8an, Frantziako noranzkoan, Biriatuko ordainlekuan, ilarak 12 km-ra iritsi ziren, eta GI-636an, Irunen, Frantziarako noranzkoan, 8 km-rainoko ilarak izan ziren.

Araban, abuztuaren 21ean eta 28an, ostiralak biak, 5 km-ra iritsi ziren A-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean, Irungo noranzkoan, ibilgailu asko zihoazelako.

Azkenik, Bizkaian aurten ez da nabarmentzeko moduko auto-ilararik izan oporretako itzuleran.

Istripuen tasa

Uztailean eta abuztuan, 7 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan, 2025ean baino hiru gutxiago. Era berean, behera egin dute epe horretan izandako istripuen kopuruak (%18,5 gutxiago; 1.027 istripu aurten, 1.261 iaz), zauritu larrien kopuruak (%26 gutxiago; 60 aurten; 81 iaz) eta zauritu arinen kopuruak (%8 gutxiago; 498 aurten, 540 iaz).

Udan hildako zazpi pertsonetatik (2 Araban, 3 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan) bost kolektibo kalteberetakoak dira (3 motorzale eta 2 txirrindulari). Eta bide-moten arabera, 6 pertsona hil ziren errepide arruntetan, 1 herri barruko bideetan eta bat ere ez autobietan.

Urtea hasi denetik, 23 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan (11 Gipuzkoan, 7 Araban eta 5 Bizkaian).