Hondarribiko Udalak argi utzi du ez duela Damarri inguruko etxebizitzarik eraisteko asmorik

0

Hondarribiko Udalak bat egiten du Damarri inguruko etxebizitzen jabekideek egindako aldarrikapenarekin, eta argi utzi nahi du ez duela etxebizitza bakar bat ere eraisteko asmorik.

Azken egunotan Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) harira sortutako kezka ikusita, Udalak egoera argitu bere borondatea berresten du: bertako etxebizitzak babestea eta, aldi berean, Hondarribiko ondare historikoa zaindu eta balioan jartzea.

Egoeraren jatorria ez dago HAPO berrian. 2000. eta 2001. urteetan Eusko Jaurlaritzak onartutako bi dekretuk harresiaren inguruko hainbat eraikin desagerraraztea aurreikusten dute, tartean Damarri inguruko zenbait eraikin.

Indarrean jarraitzen duten dekretu horiek udal-plangintzaren gainetik daude. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailak HAPOaren tramitazioaren baitan Udalari helarazitako txosten lotesleak ezartzen du 2/2001 Dekretuan jasotakoa Plan Orokorrean txertatu behar dela.

Horrenbestez, Udalak legez eta administrazio-prozeduraren baitan jaso behar izan du xedapen hori HAPOan. Baina betebehar juridiko hori jasotzeak ez du esan nahi Hondarribiko Udalak etxebizitzak eraisteko borondatea duenik. Are gehiago, HAPOan bertan Damarri inguru hori auzobihotz gisa izendatu du Udalak, eremuak duen balioa eta Hondarribiaren nortasunean duen garrantzia aitortzeko helburuarekin.

Igor Enparan alkateak adierazi duenez, “bizilagunen kezka ulertzen dugu eta beraiekin bat egiten dugu. Argi utzi nahi dut Udal Gobernu honek ez duela etxebizitza horiek eraisteko asmorik. HAPOan jasotakoa indarrean dagoen araudiaren eta Eusko Jaurlaritzaren txosten loteslearen ondorio da, ez Udalaren borondate politikoaren ondorio”.

Udalaren jarrera ez da adierazpen hutsa. Izan ere, iaz Damarri inguruko etxebizitza bat erosi zuen herriko etxebizitza-parke publikoan txertatzeko. Ondorioz, Udala bera ere eremu horretako jabekide da eta zuzenean partekatzen du gainerako bizilagunen kezka.

Ez luke zentzurik Udalak etxebizitza bat erostea herriko etxebizitza-parke publikoan sartzeko eta, aldi berean, hura eraisteko borondatea izatea. Gure jardunak erakusten du zein den Udalaren benetako asmoa”, azpimarratu du Enparanek.

Ondarea berreskuratu, etxebizitzak eraitsi gabe

Udalaren konpromiso horren beste adibide garbia da San Nikolas Baluartearen erosketa. Udalak espazio hori eskuratu du harresia eta haren ingurua berreskuratu eta balioan jartzeko. Esku-hartze horren helburua Hondarribiko ondare historikoa leheneratzea eta herritarren eskura jartzea da, horretarako inguruko etxebizitzarik eraitsi gabe.

Udal gobernu taldearen jarrera argia da:  “Ez dugu uste etxebizitzaren eta ondarearen artean aukeratu behar denik. Hondarribiak bere ondare historikoa babestu eta berreskuratu behar du, baina hori bateragarria izan behar da bertan bizi diren pertsonen etxebizitzak babestearekin. Bi helburuak bateragarri egiteko irtenbidea bilatu behar dugu”.