Desfibriladore eramangarriak eskura izango ditu Hondarribiko Udaltzaingoak

0

Hondarribiko Udaltzaingoak kanpoko bi desfibriladore automatizatu (KDA) eramangarri izango ditu aurrerantzean agenteen eskura. Tamaina txikiko gailuak dira, eta udaltzainek eurekin eraman ahal izango dituzte zerbitzuan dauden bitartean, bihotz-biriketako geldialdiren bat gertatuz gero ahalik eta azkarren esku hartzeko.

Desfibriladoreak Jai Nagusietan izango dituzte lehen aldiz erabilgarri, eta, ondoren, Udaltzaingoaren eguneroko zerbitzuan txertatuko dira. Neurriaren helburua da larrialdi kardiakoen aurrean erantzuteko denbora murriztea eta, horrenbestez, pertsonaren bizia salbatzeko aukerak handitzea.

Bihotz-biriketako geldialdi batean, minutu bakoitzak garrantzi handia du. Horregatik, desfibriladorea ahalik eta lasterren erabiltzeak eta bihotz-biriketako bizkortzeko maniobrak (BBB) lehen unetik hastea funtsezkoak dira. Baliabide hori une oro eskura izateak erantzun-denbora are gehiago murrizten lagundu dezake, eta horrek bizitzak salbatzeko aukerak handitzen ditu”, azaldu du Iñaki Vielba Udaltzainburuak.

Udaltzaingoaren ibilgailuetan ere badira desfibriladore automatizatuak. Joan den abuztuan, gailu horietako bati esker, agente batek bihotz-biriketako geldialdia izan zuen korrikalari baten bizitza salbatzen lagundu zuen.

Herrian ere gero eta baliabide gehiago daude larrialdi kardiakoei aurre egiteko. Udalak bederatzi desfibriladore jarri ditu Hondarribian zehar, herritarrek zein larrialdi-zerbitzuek behar izanez gero ahalik eta azkarren eskura izan ditzaten. Horrez gain, “Hondarribia, herri kardio-babestua” egitasmoaren baitan, bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiteko prestakuntza jaso duten 100 boluntarioko sare bat ere osatu da.

Aurrerantzean, beraz, larrialdi kardiakoei aurre egiteko beste baliabide bat izango da.