
2026ko irailaren 21ean, Argentinako Abuelas de Plaza de Mayo elkarteak Nafarroako Gobernuaren errekonozimendua jasoko du, Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta. Abuelas de Plaza de Mayo 50 urte daramatzate familietatik erauzi zituzten desagertutakopertsonen ia 500 seme-alabak berreskuratzeko borrokan. Gobernuaren aitorpen honi lotuta, bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok «Memorias compartidas- Memoria partekatuak» argazki erakusketa aurkeztu du gaur goizean, Iruñeko Rozalejo, Memoria eta Bizikidetza gunean. 40 irudiek elkartearen eguneroko lana islatzen dute.
Lehen hamar argazkiek Abuelas de Plaza de Mayo elkartearen borroka testuinguru historikoan kokatzen dute. Era berean, hogei argazkik itzulitako bilobek eta amonekin egindako beste bost topaketek elkarteak egindako bidea adierazten dute, azkenik, Nafarroara iristeko eta 1976an Argentinan Jorge Rafael Videla buru zuten militarrek sortutako indarkeriarekiko harremanak behatzeko. Erakusketan, elkartearen web-orriko edukietara zuzentzen diren QR kodeetatik abiatuta, informazio gehiago jaso daiteke: https://www.abuelas.org.ar/.
Ollo lehendakariordeak nabarmendu duenez, Argentinako diktadurak bahitutako pertsona horiei «familiekin bizitzeko eskubidea ukatzeaz gain, euren nortasuna deuseztatu eta egia eta eskubideak ezagutzea ukatu zitzaien».
«Bi kasuetan, bai 1936ko estatu kolpe militarraren eta ondorengo diktadura frankistaren errepresaliatuen kasuan, bai Argentinako diktadura militarraren kasuan, milaka pertsonak, tartean nafar askok, heriotza, desagerpenak, erbestea eta errepresioa jasan zituzten. Iraganarekin kritikoa den memoria batetik gogoratu nahi izan dugu. Ez ahazteko. Hori da Nafarroako Gobernuak bultzatzen dituen memoria eta bizikidetza politika publikoen ardatza», azpimarratu du Ollok.
Abuelas de Plaza de Mayo Elkartea
1976ko martxoaren 24an, Argentinako Indar Armatuek estatu-kolpea eman zuten, eta, ondoren, terrore-erregimen bat finkatu zuten. Diktadura militarrak 1983. urtearen amaierara arte iraun zuen, eta 30.000 pertsona baino gehiago desagerrarazi zituen, adin eta gizarte-baldintza guztietakoak. Horien artean, ehunka emakume haurdun zeuden, gatibutzan gelditu zirenak, eta gurasoekin batera bahitu zituzten haurrak.
Biktimak bilatzeko, haien senideak epaitegietan, polizia-etxeetan, ospitaleetan, elizetan eta erakunde publikoetan zehar ibili ziren, informazio bila. 1977ko apirilean, Madres de Plaza de Mayo-ko kideak «zirkular» ordena poliziala «ostegunetako erronda» bihurtu zuten, eta beren burua ezagutzeko zapi zuri bat erabiltzen zuten buruan lotuta. Sei hilabete geroago, bilobak bilatzeko kezkarekin, ama batzuek Abuelas de Plaza de Mayo elkartea osatu zuten.
Argentinako diktadurak haurrak bereganatzeko plan sistematiko bat egituratu zuen, amatasun klandestinoak funtzionatu zuten legez kanpoko atxiloketa-zentroekin. Desagertutako pertsonen 500 seme-alaba inguru gatibualdian jaio ziren, edo 1975etik 1980ra bitartean bahitu zituzten gurasoekin batera. Haur batzuk Indar Armatuen edo segurtasun-indarren gertuko familiei entregatu zizkieten; beste batzuk, berriz, hainbat erakundetan abandonatu zituzten. Kasu guztietan, militarrek beren nortasuna deuseztatu zuten eta beren familiekin bizitzeaz, egiaren ezagutzaz, eskubideez eta askatasunaz gabetu zituzten.
Urteen poderioz, Abuelas de Plaza de Mayo elkarteko kideek tresna eta estrategia desberdinak sortu zituzten gaur egun helduak diren haur horiek bilatzeko. Aurrerapenak sustatu zituzten zientzia genetikoan, hala nola aitona-amonen indizearen formulazioa, aita-amarik ez zuten bilobak identifikatzea ahalbidetu zuena. Legerian, Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan identitate-eskubideari buruzko 7., 8. eta 11. artikuluak sartzea bultzatu zuten. Epaiketetan kereila jarri zuten arduradunei zigorra eskatzeko, Memoria, Egia eta Justiziaren zutabeen defentsan; eta zabalkunde- eta kultura-kanpainak egin dituzte, gizarteak egia ezagutzearen balioa uler dezan.
Bilaketak aurrera jarraitzen du, eta, dagoeneko, birbiloben belaunaldia inplikatzen du; izan ere, haien gurasoak bezala, haien familia-jatorria ezagutu gabe bizi dira. 50 urte hauetan, Abuelas de Plaza de Mayo elkarteak 140 pertsonari nortasuna itzultzea lortu du. Oraindik ia 300 aurkitu gabe daude, eta, horregatik, elkarteak transmisio- eta informazio-zereginekin jarraitzen du, bere borrokaren ondarea eraikitzeko eta Argentinako Errepublikan jasandako giza eskubideen urraketa izugarria berriro gerta ez dadin bermatzeko.
50 urte estatu-kolpea Argentinan eta 90 urte, Nafarroan
Beraz, bost hamarkada dira Argentinan estatu-kolpea eman zenetik eta bederatzi Nafarroan 1936ko uztailaren 18an gertatu zenetik. Estatu-kolpe horrek porrot egin zuen, eta errepublikanoen proiektua defendatzen zuten pertsonak sistematikoki akabatzeko plan bati bide eman zion. Memorias compartidas/Memoria partekatuak, 1936/1976/2026 Argentina eta Nafarroa: desagertutako pertsonen bilaketak Argentinako eszenatokian gertatu zen errepresio ideologikoa, desagertutako pertsonen etengabeko bilaketa eta armen indarrez kendutako nortasuna itzultzea azpimarratzen ditu. Memorias compartidas / Memoria partekatuak ere Nafarroako errealitatearekin bat egiten du, Latinoamerikako herrialde horretan errepresioa jasan zuten nafar jatorriko pertsonen hainbat adibideri esker.
Aldi berean, gaur ireki den erakusketak beste erakusketa-proposamen batekin ere bat dator, Objektuen memoria, 1936tik aurrera Nafarroan gertatu zen errepresioari eta eraildako eta desagertutako pertsonen bilaketari buruz historikoki testuinguratutako ibilbidea, azken hamarkadan Foru Komuynitatean egin diren exhumazioetan aurkitu ziren objektuen bidez.
Erakusketa horiei eta Rozalejo, Memoria eta Bizikidetza Gunera egindako bisitei buruzko informazioa https://rozalejo.navarra.es webgunean kontsulta daiteke. 1936ko kolpe militarraren ondorengo errepresioaren biktimei buruzko informazioa Nafarroako Memoriaren Institutuak egindako Hobien Mapan (https://fosas.navarra.es) eta Oroibidea artxibo digitalean (https://oroibidea.es/eu) kontsulta daiteke.





