- SLK Sarkis Lagunketa taldeak eraiki eta kudeatutako eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez bultzatutako sustapenak 20 milioi eurotik gorako inbertsioa bildu du, eta Euskadin zortzi sustapenetan jada 952 etxebizitza mobilizatzen dituen ereduaren parte da
- Eusko Jaurlaritzak etxebizitzako 45.000 euroko dirulaguntza ematen dio sustatzaileari. Sustatzaileak, horren ordainetan, etxebizitza horiek alokairu eskuragarrira bideratuko ditu gutxienez 50 urtez
- Denis Itxaso sailburuak adierazi duenez, “sektore pribatuak inbertsiorako, lurzorurako, ezagutzarako eta eraikuntzarako ahalmena eskain dezake, baina Administrazioak arauak finkatu behar ditu, ahalegin hori zenbait hamarkadaz etxebizitza eskuragarri bihur dadin, eta ez soluzio koiuntural”
SLK Sarkis Lagunketa taldea Mariturriko hirigunean, Gasteizko Zabalgana auzoan, eraikitzen ari den alokairu eskuragarriko 120 etxebizitza babestuak azken eraikuntza fasean daude, eta udaberrian entregatzea aurreikusten da. Sustapena kokatzen da Giza Eskubideen etorbideko 52, 54 eta 56 zenbakietan eta Mariturriko Bulebarreko 26A, 26B eta 26C zenbakietan, eta 20 milioi eurotik gorako inbertsioa eta 5,4 milioiko finantzaketa publikoa du.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta proiektuaren arduradunek gaur goizean bisitatu dute jarduketa. Izatez, etxebizitza eskuragarrien eskaintza modu iraunkorrean zabaltze aldera, Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren adibide argia da. Gaur egun zortzi sustapen daude eredu horren barruan, horietako bost Gasteizen eta bana Bilbon, Derion eta Barakaldon; guztira 952 etxebizitza dira. Eusko Jaurlaritzak sustapen horietarako 42,8 milioi euroko dirulaguntzak eman ditu, hau da, 45.000 euro etxebizitzako, eta, horren ordainetan, etxebizitzak 50 urtez, gutxienez, alokairu eskuragarrirako izango dira. Errentamendu babestua sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko araudian jasota dago laguntza-eskema hori.
Itxasok, hedabideen aurrean, nabarmendu du horrelako eragiketek etxebizitza babestuko eskaintza handitzea ahalbidetzen dutela, inbertsio-ahalmena eta sustapen pribatua gehituta, betiere helburu soziala bermatuko duten baldintza publikoen mende. “Etxebizitza eskuragarriko eskaintza handiagoa behar da, eta lankidetza modu berriak ere behar dira. Sektore pribatuak inbertsiorako, lurzorurako, ezagutzarako eta eraikuntzarako ahalmena eskain dezake, baina Administrazioak arauak finkatu behar ditu, ahalegin hori zenbait hamarkadaz etxebizitza eskuragarri bihur dadin, eta ez soluzio koiuntural” eman du aditzera.
Sailburuak Zabalganako sustapena kokatu du alokairu-parke eskuragarria handitzeko eta eskari-profil jakin bati erantzuteko estrategia zabalago baten barruan —eskari-profil hori lotzen da zaurgarritasun handieneko egoeran egon gabe merkatu librean etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzten pertsonekin—. “Langile-familiez, gazteez eta etxebizitzaren merkatuan sartzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzten klase ertainez ari gara. Hori dela eta, gure politikak errealitate horri erantzuteko gai izan behar du, eta soluzio egonkorrekin egin behar du; izan ere, urte batzuetan etxebizitza eskuragarria izateak laguntzen du, baina 50 urtez alokairuan egongo den etxebizitza babestu batek erantzun askoz ere sendoagoa ematen dio hiriari”, azaldu du.
Bestalde, Lauren Arrizabalaga SLK Taldeko Administrazio Kontseiluko presidenteak, BIZI RENTek Gasteizko etxebizitza babestuen parkeari egindako ekarpena eta konpainiak etxebizitza eskuragarrien sustapenarekin duen konpromisoa nabarmendu ditu. “Gure hirian dagoen etxebizitza-premiaren jakitun gara, eta urteak daramatzagu errealitate horri erantzuteko lanean”, adierazi du. Ildo horretan, gogorarazi du SLK Taldeak babes ofizialeko 182 etxebizitza inguru entregatu dituela azken urteotan, eta 2028rako aurreikusten duela, 120 etxebizitza horiez gain, babes ofizialeko beste 166 etxebizitza edukiko dituela salerosketa erregimenean. Arrizabalagak lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia ere azpimarratu du. “Ezinbestekoa da gero eta enpresa gehiagok parte hartzea prozesu horietan eta administrazio-prozedurak etxebizitza eskuragarriaren premiak eskatzen duen bezain arinak izatea”, eman du aditzera.
430 eta 890 eurora arteko errentak
Mariturriko eraikina SLK Taldeko Lagunketa S.A.U. sozietateak eraiki zuen, Bizi Rent Alde-ren bidez, eta proiektua Usandigaza Arquitectura y Urbanismo enpresak egin zuen. Sustapen horrek 120 etxebizitza ditu, eta guztiek garajea eta trastelekua dituzte atxikita. Sustapena sotoko bi solairutan eta zortzi solairuko bost ataritan eta bederatzi solairuko atari batean banatuta dago. Eskaintza bizikidetza-unitate mota desberdinetara egokituta dago: 83 etxebizitzek bi logela dituzte, 23k logela bat eta 14k hiru logela. Guztiek altzariz eta etxetresna elektrikoz hornitutako sukaldea dute. Beheko solairuetan bizikleta-gelak eta instalazioak daude.
Eredu horren berezitasuna da etxebizitzak alokairu eskuragarrian egongo direla gutxienez 50 urtez. Kontratuek, hasiera batean, zazpi urteko iraupena izango dute, eta urtez urte luzatzeko aukera izango da, baina gehienez beste hiru urtez. Ezohiko zaurgarritasun-egoeretan kontratuak luzatzeko aukera izango da, baita araudian jasotako beste kasu batzuetan ere. Alokairuak hilean 430 eta 890 euro artekoak izango dira, etxebizitzaren azaleraren eta bizikidetza-unitateen diru-sarreren arabera, betiere eranskinak barne eta gastuak eta zergak kontuan hartu gabe. Sustatzaileak emandako datuen arabera, errenta horiek merkatu libreko eskaintzaren % 20 eta % 30 artean daude.
Nork eskura ditzake etxebizitza horiek?
Etxebizitza horiek eskuratu ahal izango dituzte Etxebiden izena emanda dauden eta urteko 21.000 euro eta 46.463,29 euro arteko diru-sarrera haztatuak dituztela egiaztatzen duten pertsonek, Adjudikazioa bi mailatan banatuko da: etxebizitzen % 50 izango dira 21.000 eta 35.740,98 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateentzat, eta beste % 50 izango dira 35.740,99 eta 46.463,29 euro arteko diru-sarrerak dituztenentzat. Atalase horiek bat datoz alokairu eskuragarrirako gaur egun ezarritakoekin. Nabarmentzekoa da, kasu honetan, sustatzailea bera jarriko dela harremanetan adjudikaziodunekin, betiere Etxebidek emandako zerrendatik abiatuta. Etxebizitza guztiak erregistroan inskribatutako pertsonekin estaltzen ez badira, sustatzaileak erregistroan inskribatuta ez dauden bizikidetza-unitateei eskaini ahal izango dizkie gainerako etxebizitzak, betiere aurreikusitako baldintzen arabera.
Mariturriko eraikuntzan, gainera, aurrefabrikazioko eta industrializazioko sistemak erabili dira hein handi batean —obraren guztizko kostuaren barruan horrelako soluzioetan ohikoa den ehunekoaren bikoitza, gutxi gorabehera—.Obraz kanpo egin diren eta lursailera muntatzeko prest iritsi diren elementuen artean daude sotoko hormak, eskailerak, igogailuen pantailak eta fatxadak. Indushouse-ko komunak ere moduluetan fabrikatu dira aurretik, eta gero eraikineko instalazio-sareetara konektatu. Sustapenak A kalifikazio energetikoa izango du, emisioei dagokienez zein kontsumoari dagokionez, eta indarrean dauden araudiekin bat datozen efizientzia, erosotasun eta bizigarritasuneko estandarrak hartuko dira aintzat.
Ildo horretan, Itxasok nabarmendu du etxebizitza-politiketan aldaketak egin beharko direla eraikitzeko moduaren inguruan, etxebizitza sortzeko erritmoa handitu ahal izan dadin. “Gehiago eraiki behar dugu, eta beste modu batera eraikitzen ikasi behar dugu. Industrializazioak efizientzia areagotzeko, prozesuak hobetzeko eta eraikuntza arrazionalagorantz aurrera egiteko aukera ematen digu. Alokairu eskuragarriko etxebizitza-parkea nabarmen handitu nahi badugu, baliabide publikoak, inbertsio pribatua eta eraikuntza-sistemen arloko berrikuntzak uztartu beharko ditugu”, eman du aditzera.
Zortzi sustapen eta 952 etxebizitza abian
Asteazken honetan bisitatutako Zabalganako sustapena alokairu eskuragarriko zortzi jarduketako eredu baten parte da. Guztira 952 etxebizitza izango dira, eta egikaritze fase desberdinetan daude. Jarduketa horien artean Derioko 124 etxebizitzen sustapena eta Aretxabaleta-Gardelegi esparruko 101 eta 124 etxebizitzen bi sustapenak amaituta daude. Gainerako jarduketak eraikitzen ari dira, eta Salburuako —Gasteizen ere bai— 173 etxebizitza sustatzeko lanak hasi berri dira.
Eusko Jaurlaritzak etxebizitzako 45.000 euroko laguntza ematen die alokairu eskuragarrian gutxienez 50 urtez egoteko konpromisoa hartzen duten eredu horretako sustapenei. Epe hori amaitutakoan, araudiak aukera ematen du babesa beste hamar urtez luzatzeko, etxebizitzako 18.000 euroko laguntzarekin, edo hogei urtez luzatzeko, etxebizitzako 24.000 euroko laguntzarekin.
Sailburuaren iritziz, formula horri esker, behar besteko iraunkortasun-konpromisoa sortuko litzateke, inbertsio publikoak bizitza-parkean eragin iraunkorra izan dezan. “Giltzarria da diru publikoa baliagarria izatea pertsonen zerbitzura luzaroan egongo den bizitegi-ondarea sortzeko. Horregatik, lotzen dugu laguntza 50 urteko alokairu eskuragarriko konpromisoarekin, eta eskaintzen ditugu epe hori luzatu ahal izateko mekanismoak”, adierazi du.
Ia prest dauden 120 etxebizitzak sartzen dira Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza berri sustatzeko duen helburuaren barruan, hori baita 2025-2027 Etxebizitzaren Gida Planaren ildo nagusietako bat. “Etxebizitza horiek 120 familiarentzako erantzun zehatza dira, baina eskala handiagoko politika baten parte ere badira. Erronka da urtetik urtera gero eta etxebizitza eskuragarri gehiago izatea eta eskaintza hori udalerri gehiagotara eta eskari-profil gehiagotara iristea. Badakigu etxebizitzak ez duela soluzio bakarra, ezta berehalakoa ere, baina eskaria babestea eta eskaintza handitzea uztartuko dituen politika iraunkorrarekin jardun dezakegu”, adierazi du Itxasok.






