Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek lehen aldiz parte hartu dute gaur Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza Gaietarako Kontseiluaren (ECOFIN) Fiskalitateari buruzko Goi Mailako Taldearen bilera batean. Urrats historikoa da Euskadik Europako zerga-arloko politika eta ekimen nagusiak eztabaidatzen eta adosten diren esparruetan duen presentzian.
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2024ko azaroaren 13ko eta 2025eko apirilaren 10eko bilkuretan lortutako akordioen ondorioz parte hartzen du foro honetan Euskal Autonomia Erkidegoak. Izatez, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordio horien helburua da Foru Ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak zerga-eskumenak dituzten nazioarteko erakundeetan duten ikusgarritasuna eta presentzia indartzea.
Nazioarteko parte-hartze hori kudeatze aldera eta foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren arteko koordinazioa antolatze aldera, sortu da Nazioarteko Fiskalitate Batzordea, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan.
Gaur Bruselan egindako bileran, Europako agenda fiskala gidatzen duten ekimen nagusietako batzuk jorratu dituzte. Horien artean Europako Batzordeak bultzatutako zerga-betebeharrak sinplifikatzeko proposamenak nabarmentzen dira, barnean direla Administrazio Lankidetzarako Zuzentarauaren (DAC) eta Omnibus Zuzentarau Fiskala deiturikoaren modernizazioa —zuzentarau horiek administrazio-kargak murriztera eta Europako ekonomiaren lehiakortasuna indartzera bideratzen dira—.
Era berean, parte-hartzaileek nazioarteko fiskalitatearekin lotzen diren beste gai batzuk aztertu dituzte: ekonomia digitalaren eta talde multinazionalen tributazioari buruzko akordioen bilakaera; Nazio Batuen Erakundean —zergen arloko Nazioarteko Lankidetzako Konbentzioaren esparruan— egindako lanen jarraipena; eta G20 / Ekonomia eta Lankidetza Garapenerako Antolakundearen oinarri-zergen eta etekinen transferentziaren (BEPS) esparru inklusiboan egindako lanak, baita, berez zergen arlokoak ez izan arren, zergen arloan ere eragina duten Europako beste legegintza-ekimen batzuk ere.
Javier García Ross Ogasun eta Finantza Saileko nazioarteko fiskalitaterako aholkularia eta Euskadiko Nazioarteko Fiskalitate Batzordeko koordinatzailea izan da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ordezkaria. Foro horretan egotea azken urteetan Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Espainiak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorrarekin garatutako koordinazio instituzionaleko prozesuaren lorpena da.
ECOFIN kontseiluaren lanetan zuzenean parte hartzeari esker, Euskadik arauak eta gidalerroak lantzen diren fasean parte har dezake, ondoren zuzenean eragingo baitute foru-ogasunen zerga-eskumenen erabileran. Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen iritziz, presentzia hori aurrerapauso handia da autogobernu ekonomiko-finantzarioaren garapenean eta Euskadiren interesen defentsan, zehazki Europako zerga-sistemen etorkizuna baldintzatzen duten erabakiak hartzen diren esparruetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek lanean jarraituko dute fiskalitatearen arloko nazioarteko foro nagusietan duten parte-hartzea finkatzeko, Europar Batasunaren esparruan zein Ekonomia eta Lankidetza Garapenerako Antolakundean. Hartara, Ekonomia Itunaren kanpo-proiekzioa indartuko da eta etorkizuneko fiskalitateari buruzko eztabaidetan modu aktiboan parte hartuko da.






