- Euskalmetek hilabetea oso-oso lehorra eta oso beroa izan dela adierazi du.
- Batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 2,6 °C altuagoak izan dira; horrenbestez, 2026ko iraila 1970etik izandako hirugarren irailik beroena izan da.
Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, joan den iraila oso-oso lehorra eta oso beroa izan dela adierazi du. Prezipitazioak oso urriak izan dira ia lurralde osoan, eta batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldi normaleko batezbestekoa baino 2,6 °C inguru altuagoak izan dira.
PREZIPITAZIO URRIA
Prezipitazioari dagokionez, iraila mende honetan orain arte izandako hilabeterik lehorrena izan da, gutxienez. Erregistratutako euria, neurri handi batean, zaparrada sakabanatu eta noizbehinkakoekin lotuta egon da, eta lurraldeari oso modu desberdinean eragin dio. Enkarterriko eta Bilbo Handiko zati bat salbu, Euskadiko gainerako eremuetan urte-sasoi honetan espero zitekeenaren erdia baino gutxiago egin du euria; Arabako hegoaldean eta Arabako Lautadaren zati batean, berriz, balioak % 20tik beherakoak izan dira.
Pilatutako kantitateak oso defizitarioak izan dira, eta hainbat estaziotan iraileko serie historikoetako baliorik txikienak erregistratu dira. Erregistro altuenak Bizkaiko mendebaldean kokatu dira, Cueton 69,9 mm eta Arboledan 58,9 mm; eta Gipuzkoako ekialdean, Eskasen 51,2 mm eta Andoainen 47,8 mm. Baliorik txikienak Arabako hegoaldean eta Arabako Lautadan erregistratu dira, 10 mm-tik beherako pilaketekin zenbait estaziotan: Moreda 4 mm, Páganos 4,6 mm, Arkauti 5,1 mm, Abetxuko 5,1 mm, Zambrana 5,4 mm eta Kanpezu 5,8 mm. Puntu horietako batzuetan, hilabete osoan egun bat edo bi besterik ez du euririk egin.
Euri-gertakari nabarmenenak hilaren 8tik 9ra bitartean izan ziren, Kantauri itsasoan kokatutako depresio txiki bati lotutako fronte baten igarotzearekin, eta hilaren 30ean, fronte hotz baten etorrerarekin.
ERREGISTRO TERMIKO ALTUAK
Tenperaturei dagokienez, iraila oso beroa izan da. Batez besteko tenperaturak 19-20 °C ingurukoak izan dira, Arabako Errioxan 21 °C-ak gaindituta, eta 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 2,6 °C inguru altuagoak izan dira. Lurralde osoan, aurtengo iraila 1970etik izandako hirugarren irailik beroena izan da, 1987koaren eta 2023koaren atzetik bakarrik. Zenbait eskualdetan, bereziki barnealdekoetan, serieko irailik beroena ere izan liteke.
Bero-gertakari nabarmenena hilaren 4tik 6ra bitartean izan zen. Hilaren 4an, Afrikako iparraldetik aire-masa bero eta lehor bat iristearekin batera, maximoak 35 eta 40 °C artekoak izan ziren barnealdean. Nabarmentzekoak dira honako erregistro hauek: Espejo 40,4 °C, Ordunte 39,6 °C, Zambrana 39,5 °C, Páganos 39,2 °C, Etura 39 °C, Salvatierra 38,8 °C, Moreda 38,7 °C eta Kanpezu 38,6 °C; horietako asko iraileko tenperatura maximoen efemerideak izan ziren.
Hilaren 6an, hego-osagaiko haizearen ondorioz, maximoen igoera nabarmenagoa izan zen Kantauri isurialdeko barnealdean. Egun horretan erregistratu zen Euskadiko hileko batez besteko tenperatura maximo altuena, 34,6 °C-rekin, bai eta Gipuzkoako eta Kantauri isurialdeko hainbat estaziotako hileko maximo absolutuak ere: Estanda 38,2 °C, Arrasate 37,5 °C, Alegia 37,5 °C, Orozko 36,9 °C eta Ordizia 36,8 °C. Kostaldean ere 30 °C-ak gainditu ziren Behobia, Higer, Zarautz, Santa Clara eta Almike bezalako puntuetan.
MUTURREKO METEOROLOGIA
Muturreko meteorologiari dagokionez, iraila oso hilabete lasaia izan da. Lau abisu hori baino ez dira eman, guztiak muturreko tenperatura altuengatik. Horietako hiru hilaren 4ko, 5eko eta 6ko bero-gertakariarekin lotuta egon ziren, eta laugarrena hilaren 24ko gorakada termikoarekin, Kantauri isurialdeko barnealdean.






