
Osasun Departamentuak urriaren 19an hasiko du gripearen eta COVIDaren aurkako txertaketa-kanpaina bateratua. Horretarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua SMSak bidaltzen hasi da txertatzeko indikazioa duten pertsonei. Lehentasuna dute adin nagusiko taldeek (80 urte edo gehiagokoak), haurrek (6 eta 59 hilabete artekoek) eta haurdun dauden emakumeek, hitzordua eska dezaten hala dagokienean. Mezuak esteka bat izango du, Osasunaren web orrialdera eramango duena, eta hor hitzorduaren eta txertaketa-tokien inguruko informazio osoa kontsultatu ahalko da.
Kanpaina horren xede nagusia gripeagatiko eta COVIDagatiko morbimortalitatea murriztea da, pertsona zaurgarrienak dituzten taldeei txertoa jarrita, bai eta gripeak osasunean ondorio larriagoak eragin diezazkiekeen horiei ere.
Horiek horrela, osasun-agintariek gripearen eta COVIDaren txertaketa bateratua egitea gomendatzen diete 70 urte edo gehiago dituztenei; 5 urte edo gehiago dituztenei, baldin eta desgaitasuna duten pertsonen zentroetan eta nagusien egoitzetan badaude edo erakunde itxietako egoiliarrak badira; gaixotasun larriak izateko arrisku handiari lotutako egoerak dituztenei (> 6 hilabete): immunoezabatzea (barne daude immunoeskasia primarioak eta GIBak edo farmakoek sortutakoak, bai eta transplanteen hartzaileak, CAR-T zelulak eta konplementuaren eskasia); 12 eta 59 urte arteko pertsonei, balin eta arrisku-talderen batekoak badira, eta haurdun dauden emakumeei, edozein dela ere haien haurduntza-hiruhilekoa.
Horrez gain, gripearen aurkako txertaketa 60 eta 69 urte arteko pertsonei ere gomendatzen zaie, baita 6 eta 59 hilabete arteko haurrei, zentro publiko eta pribatuetako langile sanitario eta soziosanitarioei, beste arrisku-egoera batzuk dituztenei, etxeko zainketak ematen dituztenei edo konplikazio-arrisku handiko jendearekin bizi direnei, zentro sanitarioetan edo soziosanitarioetan praktikak egiten ari diren ikasleei, haur-hezkuntzako ikastetxeetako langileei eta animaliekiko lan-esposizio zuzena dutenei edo abeletxeetan zein beste ustiapen mota batzuetan horien jariakinen eraginpean daudenei.
Kanpaina abenduaren erdi aldera arte luzatuko da, nahiz eta data horren ondoren txertatzen jarraituko den irizpide horiek betetzen dituztenei (berriki haurdun dauden emakumeak, arrisku-faktoreak dituzten paziente berriak, arrisku-taldeetako nazioarteko bidaiariak) edo hasierako epean immunizatu ezin izan zutenei.
Gripearen eta COVIDaren aurkako txertaketa-indikazioa dutenek bi txertoak aldi berean jaso ditzakete. COVIDaren aurkako txertoa eman ahal izango da, baldin eta azkeneko txertoa jaso zenetik edo azkenekoz infekzioa izan zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro badira.
Hitzordua eskatzeko modua
Aurreko urteetan bezala, hitzordua hiru modalitateen bidez eskatu ahalko da: ahal dela, Osasun Karpeta Pertsonalaren bidez, 60 urte edo gehiago dituztenentzat. Pediatria adinekoei dagokienez, haien pediatriako erizainarentzat hitzordua har lezakete modalitate horren bidez, haien osasun-etxearen edo kontsultategiaren aurretiko hitzordua eskatzeko zerbitzura dei lezakete 10:00etatik 15:00etara bitartean edo aurrez aurre eska dezakete haien osasun-etxean edo kontsultategian.
Hitzordua dutenek bi egun lehenago oroigarri bat jasoko dute, zeinean zehaztuko den txertaketaren data, ordua eta tokia.
Gainera, Osasunbideak ezohiko hiru txertaketa-puntu gaituko ditu txertatze-indikazioa duten adin nagusikoek eta pediatria adinekoek txertoa jaso dezaten hitzordurik gabe. Azaroaren 3tik 14ra egongo dira San Martin Doktore Zentroan eta Buztintxuri eta Lizarrako osasun-etxeetan. Astelehenetik ostiralera egongo dira irekita, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 08:30etik 14:30era.
Txertaketaren inguruan zalantzak dituztenek web orrialdearen informazioa kontsulta dezakete, horretarako gaitu baita, eta bertan txertaketa-kanpainaren inguruko informazio esanguratsu osoa eskuragarri dago. Osasun Aholkuaren zerbitzuan ere ebatzi ahalko dira zalantzak. Horretarako, consejosalud@navarra.es helbidea eta 948290290 telefono-zenbakia dituzue, eta egunero lanean ari dira 8:00etatik 22:00etara.
Gripearen aurkako kanpaina Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren langileen sanitarioen artean urriaren 19an hasiko da. Hitzordua eskatzen hasteko osasun-etxeetan, eremuetako puntuetan edo, hala badagokie, dagokien ospitalean, aurretik SMSa jaso beharko dute.





