Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Euskadin indarkeriaren biktima diren emakumeen datuak azaldu ditu gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Zupiriak Ertzaintzaren urteko lehen bederatzi hilabeteetako datuak xehatu ditu. Horrela, aurtengo urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak indarkeriaren biktima izan diren 4.814 emakume zenbatu ditu. Emakume horien % 68,6 (3.304 emakume) bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeriaren biktima izan dira, % 19,5 familia barruko indarkeriaren biktima eta % 11,8 sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima.
Halaber, Ertzaintzak emakumeen aurkako indarkeriagatiko 6.032 biktimizazio erregistratu ditu 2026ko urtarriletik irailera bitartean. Biktimizazio horien % 72,09 bikotekideek eta bikotekide ohiek eragindako indarkeriaren eremuan gertatu dira. Biktimizazioen % 18,05 familia barruko indarkeriari dagozkio, eta gainerako % 9,8a sexu-askatasunaren aurkako delituen eremuko biktimizazioei.
Lurraldeka, urteko lehen sei hilabeteetan, Bizkaiak 3.044 biktimizazio eta indarkeriaren biktima diren 2.446 emakume erregistratu ditu, Gipuzkoak 1.915 biktimizazio eta 1.550 biktima eta Arabak 1.073 biktimizazio eta 818 biktima.
Gaur egun, Ertzaintzak indarkeriaren biktima diren 6927 emakumeri egiten die jarraipena, eta 7248 espediente aktibo mantentzen ditu. Gainera, gaur egun, 31 emakumek dute eskolta.
Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak gogorarazi du «Ertzaintzaren lanari eta EBA eta VIOGENen arteko interkonexioari esker, 2026an, ez dugula hildako bakar bat ere Euskadin».






