Araudia betetzen duten patinete elektrikoak garraio publikoan sartzea baimentzea erabaki du Euskadiko Garraio Agintaritzak

0
  • Erregistratu gabe edo manipulatuta dauden mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak debekatuta egongo dira
  • Euskadiko Garraio Agintaritzak adostu du garraio publikoa gehien erabiltzen dutenentzako % 20ko hobariak mantentzea, eta 12 urtera artekoentzat doan izatea 2027tik aurrera, oraingo deskontuak bertan behera geratzen badira

 

Euskadiko Garraio Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoaren administrazio eta operadore nagusien koordinazio-organoaren osoko bilkura egin du ostiral honetan. Bilera horretan, gaur egungo deskontuen etorkizuna jorratu dute, eta tren, tranbia eta autobusetan patinete elektrikoak sartzeko debekuak kentzea adostu.

Estatu mailako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren aldaketen ondorioz, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen arloko eta espazio publikoan ibilgailu horiek erabiltzeko araudiko aldaketen harira azken erabaki hori. Erabiltzaileak araudi berrira egokitzeko trantsizio-aldia amaitzear dagoenez —urtarrilaren 22an amaituko da— eta araudia bete-betean indarrean jarri denez, Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du administrazio eskudunek garraio publikoko operadoreen erabaki-organoei helaraztea araudi hori betetzen duten patinete elektrikoak sartzea baimentzeko erabakia.

Hala, baimendu egingo dira Ibilgailu Pertsonal Arinen Erregistroan izena emanda dauden mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, identifikazio-etiketa daramatenak eta dagozkien ezaugarrien ziurtagiria eta erantzukizun zibileko asegurua indarrean dutenak. Baldintza horiek betetzen ez dituzten patineteak debekatuta egongo dira garraio publikoan, espazio publikoan ibiltzea debekatuta duten bezala. Manipulatu diren edo gorabehera termikoak izateko arriskua duten patineteei ere aplikatuko zaie debeku hori.

“Euskadiko Garraio Agintaritzak onartu egin du Euskadiko garraio publikoko operadoreek, beren erabaki-organoen barruan, araudiak ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen dituzten patinete elektrikoei sarbidea baimentzea, eta, hala, bidaiarien segurtasuna eta ibilgailu mota horiek mugikortasun-sisteman eta intermodalitatean integratzea uztartzea”, azaldu du Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren presidenteak.

Garraio publikorako hobariak 2027an

Euskadiko Garraio Agintaritzak, halaber, garraio publikoaren hobarien akordioa berretsi du. Urteroko errege-dekretuen bidez 2022ko irailetik indarrean dauden deskontuen arabera, aurten, % 50eko hobaria dute gazteek eta 15 urte bete artekoentzat doakoa da —Espainiako Gobernuak ordaintzen du hori du—, eta % 40ko dirulaguntza aplikatzen die herritar guztiei bidaia anitzetako abonu eta tituluetan —Gobernu zentralak % 20 finantzatzen du, Eusko Jaurlaritzak % 10, Euskadiko gainerako operadoreei laguntzen baitie, eta gainerako % 10a operadoreek—.

Deskontu-egitura hori urte honen amaieratik aurrera luzatzen bada, Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkurak egungo finantzaketari eustearen alde egiten du; bertan behera gelditzen badira, berriz, erabaki du EAEko administrazioek ezarritako akordioa aplikatzea: % 20ko deskontu-sistema herritar guztientzat Bat, Barik eta Mugiren bidaia anitzeko abonu eta titulu pertsonalizatuetan, operadore bakoitzak finantzatuta, eta 12 urtera artekoentzat doan izatea.