Eusko Jaurlaritzak Altxa Burua eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako “Gaikuntza Digital Estrategikoa: Haurtzaroa, Nerabezaroa eta Familiak” jardunaldiak adin txikikoekin lan egiten ia 200 profesional inguru batu ditu gaur. Horien artean gizarte zerbitzuetako langileak, elkarteetako kideak, hezitzaileak, psikologoak, hezkuntza zentroetako irakasle zein orientatzaileak, administrazioetako ordezkariak… azpimarra litezke. Bost orduko iraupena izan duen topaketan teknologia berriek, sare sozialek eta adimen artifizialak belaunaldi berrien ongizatean eta garapenean duten eragina modu kritikoan ulertzeko eta erronka berrien aurrean gaitasun digitalak indartzeko hausnarketak partekatu dira.
“Adingabeekin lan egiten dugun profesional guztiok dakigu haien ongizatea dela gure lan-motorra; horregatik, beharrezkoa da familiekin eta adingabeekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea. Gure hazkuntza ez dadila izan pantailako orduak kontatu izana, baizik eta denbora, irizpidea eta konfiantza eskaini izana. Zaintzari uko egin gabe esploratu ahal izatea, intimitatea galdu gabe adieraztea eta bakarrik sentitu gabe laguntza eskatzea” azaldu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak. Melgosaren hitzetan konektatzen jakitea ez da babesten jakitea. Horregatik, erantzuna ezin da alarma, debekua edo distantziara mugatu. Presentzia hurbila, koherentea eta konprometitua izan behar du.
Hezkuntzan eta osasun digitalean aditua den Telmo Lazkanok umeek eta nerabeek ingurune digitalean nola bizi eta harremantzen diren ulertzeko, erabileren joerak, aukerak eta arriskuak aztertu ditu. Lazkano Altxa Burua mugimenduaren (Euskadin 200 talde baino gehiago) sortzaileetariko bat da eta argi esan du teknologia ez dela neutroa. “Umeak txikitatik hasten dira pantailen aurrean osasun eremutik ematen diren gomendioetatik kanpo” zehaztu du Lazkanok eta egoerari aurre egiteko erregulazioa, hezkuntza eta gailuekiko kontaktuan adinean atzeratzea proposatu ditu. “Sare sozialetako enpresa handiak ari dira elkarrekin lehiatzen ia nork eskuratzen duen naturaz finitoa den zeozer, gure arreta. Eta lortzen dute, inork ez bezala ezagutzen gaituztelako, gure milaka datu dituztelako” zehaztu du Lazkanok.
Bestalde Lorena Fernandez Alvarezek adimen artifizialari buruzko hitzaldia eman du. Fernandez Deustuko Unibertsitatean Adimen Artifizialari buruzko batzordeko burua da eta gaur adimen artifizialaren garapenak sortutako bazterketak, desberdintasunak eta inpaktu sozialak genero eta etikaren ikuspegitik aztertu ditu. Euskal dibulgatzaileak adimen artifizialean erabiltzen diren algoritmoen eraginez sor daitezkeen arriskuez ohartarazi du eta gaineratu du ezin zaiela enpresa teknologiko handiek iragarri dituzten autoerregulazioei itxaron. Hori heldu aurretik esku hartu beharko litzatekeela gaineratu du.
Gaurko jardunaldiak ongizate digitalaren eremuan Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren saila sortzen ari den bide orriaren beste puntu izan nahi du, orain dela bi aste UNICEF Euskadirekin batera egindakoari jarraituz.






