Bergarak alokairu babesturantz bideratuko ditu etorkizuneko bizitegi-garapenak; 739 BOE berri eta etxebizitza tasatu eraikiko ditu

0
  • Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) 1.123 etxebizitza berri aurreikusten ditu guztira; horietatik 291 BOE izango dira eta 448 tasatuak, alokairua lehenesteko. Planak aurreikusten du 790 etxebizitza huts mobilizatzea eta lonjak, baserriak eta tamaina handiko etxebizitzak eskaintza berria sortzeko baliatzea
  • Bergararekin 21 dira jada Euskadin tentsionatuta dauden udalerriak, astearte honetan bertan Sopela eta Urduliz zerrendara batu ostean. Euskal biztanleriaren % 55 baino gehiago da: 1.198.000 pertsona

Bergara etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatu dute, eta horren helburua da etxebizitzarako sarbidea hobetzea eta udalerriko herritarrek —batez ere alokairuko etxebizitza baten bila dabiltzanek— dituzten zailtasunei erantzuna emate. Izendapenari lotutako ekintza-planak neurriak ezartzen ditu 2026-2028 aldian alokairuaren prezioak mugatzeko, eskaintza eskuragarria handitzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko, birgaitzea bultzatzeko eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko. Neurriak BOEn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean; aste honen amaierarako argitaratzea espero da. Bergararekin 21 dira jada Euskadin tentsionatuta dauden udalerriak, astearte honetan bertan Sopela eta Urduliz zerrendara batu ostean. Euskal biztanleriaren % 55 baino gehiago da: 1.198.000 pertsona. Gainera, beste hamalau udalerritan eskaera izapidetzen ari da.

Testuinguru horretan, Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordea Gorka Artola alkatearekin eta Markel Azkargorta Hirigintzako zinegotziarekin bildu zen pasa den astean udalerriko etxebizitza-egoera eta planean jasotako neurriak aztertzeko. Horrez gain, babestutako etxebizitzak eraikitzeko asmoa duten hainbat lursail ere bisitatu zituzten. Izan ere, A17.1 (Artzamendi) udal-partzela —20 BOE hartzeko ahalmena du— lagatzeko eta laster egikaritzeko aukera zehaztu dute. Miguel Altuna institutuaren eraikin berriaren inguruko eremuen aukerak ere baloratu dira, baita Urteaga eta Algodonera zaharraren eremukoak ere, hurrenez hurren.

Gaur egun, Bergaran alokairuaren batez besteko prezioa % 21,5 handitu da azken bost urteetan, eta 470 espediente daude aktibo Etxebiden; horietatik % 86,6 alokairuko etxebizitza bat eskatzen dutenenak dira. Izena eman duten pertsonen % 77,5ek diru-sarrera baxuak edo ertain-baxuak dituzte, eta % 26,8k 36 urte baino gutxiago. Eskaera kopuru handi horri gehitu behar zaio etxebizitza babestu eta publikoen parke txikia, guztizkoaren % 6,4 baita. Horren ondorioz, bizitegi-aukera eskuragarriak zabaltzeko beharra handiagoa da.

Bileraren ostean, De los Toyosek adierazi duenez, tresna publikoak herritarren benetako beharretara egokitzea da erronka. “Eskaintza handitu behar dugu Bergaran, eta alokairuaren benetako eskariari erantzun handiagoa eman”, esan du. Bere iritziz, erantzun hori emateko uztartu egin behar dira etxebizitza babestu berriak eraikitzea, eta aurretik dugun parkea mobilizatu eta gaur egun erabilgarri ez dauden etxebizitzak birgaitzea.

Artolak, bere aldetik, azpimarratu du etxebizitza duin bat eskuratzea dela herritarren kezka nagusietako bat, eta Udalarentzat lehentasuna. “Lan egin behar dugu Bergaran bizi-proiektua garatu nahi dutenek etxebizitza prezio eskuragarrian eskuratzeko benetako aukerak izan ditzaten. Horretarako, ezinbestekoa da administrazio ezberdinen arteko lankidetza eta egungo beharrei, batez ere gazteei eta alokairua eskuratzeko zailtasun handienak dituzten familiei, erantzun zehatzak emateko plangintza bat” adierazi du alkateak.

Etorkizuneko garapenetan etxebizitza babestua eta alokairua lehenestea

Bergarako hirigintza planeamenduan 1.123 etxebizitza berri aurreikusten dira, eta horietatik 739 babestuak izango dira. Egiteke dauden garapenen hirigintza-irizpideak eta babes-araubideak berraztertzea proposatzen du ekintza-planak, etxebizitza babestuaren pisua handitzeko eta eskaintzaren zatirik handiena alokairura bideratzeko. Aurreikusitako jarduketen artean, A-40 lursailaren garapena dago; 36 etxebizitza libre ari dira eraikitzen.

Dokumentuak ez du epe laburrerako bizitegi-hedapen berri bat egitea proposatzen; aitzitik, eskaintza publikoa eta babestua handitzeko dauden aukerak hobeto aprobetxatzea eta administrazioen arteko lankidetza indartzea proposatzen da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin eta Visesarekin akordioak egitea aurreikusten du, batez ere, titulartasun publikoko lursailetan; horrez gain, lurzoru-beharrak eta jarduketak egikaritzeko aukera emango duten lankidetza-formulak aztertzen ditu.

“Tentsionatutako eremu izendatzeak tresnak ematen dizkigu, baina garrantzitsuena da tresna horiek estrategia errealista, koordinatu eta egikarigarri baten barruan erabiltzea”, adierazi du De los Toyosek. Sailburuordeak defendatu duenez, jarduketek plangintza, lurzoruaren erabilgarritasuna eta erakundeen arteko lankidetza uztartu behar dituzte, proiektu bakoitzaren epe eta aukeretara egokitutako helburuekin.

Etxebizitza hutsak mobilizatzea eta dagoen parkea hobeto aprobetxatzea

Planaren arabera, 790 etxebizitza huts identifikatu dira, politika publikoetarako erreferentzia gisa erabilitako udal-erroldaren arabera. Etxebizitza horietako batzuek antzinatasun- edo kontserbazio-arazoak dituzte, eta, beraz, merkatuan sartu ahal izateko, beharrezkoa da birgaitze-lanak egin behar izatea.

Bergaran 62 etxebizitza daude gaur egun Bizigune programan. Etxebizitza gehiago erakartzeko, planaren proposamena da programari lotutako pizgarriak mantentzea eta hutsik dauden etxebizitzekin lotutako neurri fiskalak aztertzea. Horien artean, ohiko bizileku ez diren etxebizitzei aplikatutako OHZren errekargua (gaur egun % 50ean dago) araudiak baimentzen duen gehieneko kopurura igotzeko aukera aztertzea dago.

Birgaitzea da beste jarduteko ildo bat. Dokumentuak proposatzen du bizitegi-parkearen beharrak identifikatzea, eraikinen irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzea, eta lehentasuna ematea esku-hartzeak behar dituzten egoerei, hala nola bizigarritasun-baldintzei, adinekoei edo hutsik dauden etxebizitzei. Halaber, jabekideen erkidegoei laguntzeko ekimenak sustatzea aurreikusten du, Osintxu izanik birgaitzeari eta etxebizitzen mobilizazioari laguntzeko eredu bat garatzeko eremu pilotu posible bat.

“Ez da nahikoa etxebizitza hutsak identifikatzea: jakin behar da zergatik ez diren erabiltzen eta zer behar duten berriz ere bizitegi-funtzioa betetzeko”, azaldu du sailburuordeak. “Birgaitzeak, jabeentzako segurtasunak eta alokairu-programa publikoen arteko lankidetzak erantzun beraren parte izan behar dute”, gaineratu du.

Beste maila batean, Artolak nabarmendu du etxebizitzaren problematikari tokian tokiko errealitatea eta herritarren beharrak ezagutuz heltzeko garrantzia. “Udalak lanean jarraitu behar du, gaur egun erabiltzen ez diren etxebizitzen egoera zein den jakiteko eta alokairuaren merkatuan sartzea zein neurrik erraztu dezaketen identifikatzeko”. Eta gaineratu duenez, “gure helburua da gero eta pertsona gehiagok Bergaran etxebizitza egoki eta eskuragarria aurkitzea, eta horretarako funtsezkoa da ahaleginak batzea eta eskura dauden tresna guztiak aprobetxatzea”.

Aukera berriak sortzea, lurzoru gehiago okupatu gabe

Planak proposatzen du, gainera, bizitegi-eskaintza zabaltzeko eraikita dauden espazioak hobeto aprobetxatzea, hirigintza-garapen berrien mende egon beharrik gabe. Proposatzen dituen aukeren artean daude, baldintza arautuetan, lokalak etxebizitza bihurtzeko erraztasunak ematea, baserri jakin batzuen banaketa aztertzea —nekazaritza-jarduerarekin bateragarria denean—, eta tamaina handiko etxebizitzen segregazioa ahalbidetzea.

Neurri horien ondorioz, beharrezkoa da udal-ordenantza eta prozedurak berraztertzea, etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak aztertzea eta etxebizitza berriek bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztela eta hiri ingurunean egoki integratzen direla bermatzea. Dokumentuak lokalei buruzko araudia eguneratzea, izapideak sinplifikatzea eta bizitegi-erabilerara gehitu litezkeen espazioak aurkitzea proposatzen du.

Eskaerari erantzutea eta erakundeen artean koordinatzea

Etxebizitza bat behar duten pertsonen arreta hobetzeko neurriak ere jasotzen ditu planak. 2024an, gizarte-larrialdietarako laguntzetan udalak egindako gastuaren % 51,32 alokairurako izan zen; 149.300 euro. Laguntza horien kudeaketa etxebizitza.prestazio sistema berrira egokitzea, Etxebiderekin koordinazioa indartzea eta eskuragarri dauden laguntzen tramitazioan herritarrei informazioa eta laguntza ematea proposatzen du dokumentuak.

Era berean, larrialdiko bizileku-baliabideek, egoitza-alternatiba eskuragarririk ez dagoelako, beren okupazioa luzatzen dutenean sortzen diren zailtasunei aurre egitea proposatzen du. Helburua da gizarte-zerbitzuen eta etxebizitza-politiken arteko koordinazioa hobetzea, egoera bakoitzari erantzun egokiak emateko.

Ekintza-planak lau ardatz ditu: bizitegi-eskaintza handitzea eta mobilizatzea; dagoen parkea birgaitzea eta aprobetxatzea; eskariari eta kalteberatasun-egoerei arreta ematea; eta erakundeen arteko koordinazioa eta jarraipena. Bere egutegiak 2026-2028 epealdia hartzen du eta etxebizitza hutsekin, Bizigunearekin, birgaitzearekin, eskariari erantzutearekin eta planaren gobernantzarekin lotuta dauden lehentasunezko jarduketak barne hartzen ditu. Etxebizitza Mahaiak zeregin nagusia izango du udalerriko bizitegi-beharrei buruzko informazioa koordinatu, neurrien jarraipena egin eta eguneratzeko orduan.