Donostiako AEMETen eraikin zaharra gazteentzako 42 zuzkidura-apartamentu bihurtzeko obrak 2028an abiatuko dira

0

Donostiako Intxaurrondo auzoan dagoen Estatuko Meteorologia Agentziaren (AEMET) eraikin zaharra, Villa Etxaide Borda izenez ezaguna, eraldatzeko obrak 2028an abiatuko dira. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aurreikusten du proiektua idazteko eta lanak gauzatzeko lizitazioa batera egitea. Formula horrek bidea emango du gazteentzako 42 zuzkidura-apartamentu alokairu babestuko araubidean sortzea aurreikusten duen jarduketa garatzeko epeak laburtzeko.

Testuinguru horretan, Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetan Estatuaren titulartasuneko Parada Baserria kaleko 48 zenbakian dagoen higiezinaren doako lagapena onartzeko. Alokabide alokairuaren euskal sozietate publikoak kudeatuko ditu etorkizuneko bizitokiak.

Horrenbestez, baimenak amaiera ematen dio Estatuko Administrazio Orokorraren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-prozesu instituzional bati. Prozesu hori 2018an hasi zen, Saila Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari erabiltzen ez diren Estatuko eraikinei buruzko informazioa eskatzen hasi zenean, eraikin horiek baliatu ahal izateko bizitegi-eginkizun berri bat emanda. Ildo horretatik, Villa Etxaide Bordaren atzitzea Sailak “asko esperotako” operazio bat da, eta orain gauzatuta ikusten du jarduerarik gabe urteak zeramatzan higiezin publiko bat berreskuratzeko eta lehentasunezko premia sozial baten zerbitzura jartzeko aukera: gazteei apartamentu eskuragarri baterako sarbidea erraztea, bizitegi-merkatuak bereziki tentsionatutako hiri batean.

Arloko sailburu Denis Itxasok balioetsi egin du operazio hau ahalbidetzeko egindako lana, eta defendatu du eskuragarri dauden baliabide publiko guztiak mobilizatu behar direla etxebizitza eta bizitoki eskuragarriaren eskaintza handitzeko. “Ezin dugu gutxiegi erabilitako ondare publikoa edo eraikinak izatea onartu hainbeste pertsonak etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean”, adierazi du. Eta Villa Etxaide Borda berreskuratzea helburu hau duen estrategiaren barruan kokatu du: erabilerarik gabeko higiezinak identifikatzea, haien potentziala aztertzea eta bizitegi-baliabide berri bihurtzea.

 

Proiektua eta obra batera lizitatzea, epeak laburtzeko

Egutegiari dagokionez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aurreikusten du higiezina birgaitzeko eta eraldatzeko obrak 2028an abian jar daitezkeela. Horretarako, proiektua idaztea eta obrak gauzatzea batera lizitatuko da. Formula horrek ahalbidetuko du bi faseetan aldi berean aurrera egitea eta administrazio-epeak eta jarduketa garatzeko epeak murriztea. Sailak baditu dagoeneko aurretiazko azterketa bat eta aurreproiektu bat, MID Arquitectura estudioak eginak, eta horiek izango dira esku-hartzea zehazteko abiapuntua. Aurreikuspenen arabera, proiektua eta obra batera lizitaziora ateratzeko behar den dokumentazio teknikoa 2027ko lehen hiruhilekoan egongo da prest.

Proposamenak eraikina birgaitzea eta eraldatzea planteatzen du, duen egitura aprobetxatuta, barruko espazioak berrantolatuta eta bizitoki argitsuak, efizienteak eta goi-mailako bizigarritasun-estandarretakoak sortuta. Bizitegi-programak gela bateko 38 apartamentu eta bi gelako beste lau apartamentu egokitu aurreikusten ditu, baita bizikidetza errazteko espazio komunak ere. Proiektuak, halaber, sotoko aparkalekua berrerabiltzea aurreikusten du. Aparkalekuak 42 plaza izango ditu, eta 44 ere hartu ahal izango ditu. Horrez gain, hiri-baratze komunitariorako 500 metro karratu baino gehiago sortuko dira mendebaldeko fatxadaren aurreko plataforma terrazadunetan. Esku-hartzearen helburua da, hortaz, bizitoki eskuragarria sortzeaz gain, eraikinak auzoarekin duen erlazioa hobetzea eta gaur egun degradatuta dagoen ingurune bat berreskuratzen laguntzea.

Eraldaketa hori ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euroko partida bat sartu du 2027ko aurrekontuan, eraikina birgaitzeko, bizitegi gisa egokitzeko, kanpoko urbanizazioa gauzatzeko eta zuzkidura-apartamentuen baliabide publiko berri bihurtzeko behar diren jarduketak egiteko. Higiezina AEMETi atxikita egon zen eta Estatuko hainbat zerbitzu publiko hartu zituen. Urteak zeramatzan erabili gabe, eta narriadura handia zuen mantentze-lanik ezaren, intrusioen eta haren inguratzaileko arazoen ondorioz. Hala ere, egindako azterketa teknikoek baieztatu zuten haren egitura nagusia berreskuratzea ahalbidetzen duten baldintzetan kontserbatzen dela.

Itxasok nabarmendu duenez, “lagapen honek aukera sozial bihurtzen du hiri-arazo enkistatu bat. Hutsik, narriatuta eta funtzio publikorik gabe denbora gehiegi zeraman eraikin bat berreskuratu dugu eta erantzun zehatz bihurtu dugu beren bizi-proiektua hasteko leku duina, eskuragarria eta denbora baterakoa behar duten gazteentzat”, adierazi du.

Bizitegi-eginkizuna berreskuratuko duten erabilerarik gabeko beste eraikin batzuk

Donostian aurreikusitako jarduketa hau Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hainbat udalerritan sustatu, abian jarri edo aztertzen dituen beste operazio batzuei gehitu behar zaie, lehendik dauden higiezinak berreskuratzeko eta bizitoki eta etxebizitza babestu berri bihurtzeko beste operazio batzuei, hain zuzen. Lan-ildo honek aukera ematen du jarduerarik gabe geratu diren eraikinak aprobetxatzeko, hirigintza-garapen berrien beharra murrizteko eta eraikitako ondaretik abiatuta bizitegi-aukerak sortzeko.

Azpeitian, Esklabak komentu zaharrak 48 zuzkidura-bizitoki ekarri zituen, ondare-balioa duen eraikin bat berreskuratuta, hari bizitegi-erabilera berria emateko. Arrasaten, Sindikatuen Etxea zenak beste 12 zuzkidura-apartamentu hartzen ditu. Gainera, Etxebizitza Saila aztertzen ari da La Merced ikastetxe zaharrean horrelako eragiketa berri bat garatzeko aukera, eta ekimen horren inguruan bilerak egin dira dagoeneko Udalarekin.

Eibarren beste hiru jarduketa garrantzitsu biltzen dira. Lehenak bidea emango du epaitegien eraikin zaharra 19 zuzkidura-apartamentu bihurtzeko. Bigarrena Txontako eremuan dagoen AIBE industria-higiezin zaharrean garatzen da. Bertan 40 bizitoki sortzea aurreikusita dago, Europan 17 lehiaketan hautatutako proposamen arkitektoniko batetik abiatuta. Hirugarren jarduketak, berriz, Lapeira industria-eraikinean (Barrena kalea 34) babes ofizialeko 20 etxebizitza sortzea aurreikusten du, Udalarekin egin beharreko truke-operazio baten bidez.

Gipuzkoan, ekimen horiei beste hiru proiektu gehitu behar zaizkie. Elgoibarren, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du egungo anbulatorioa bizitegi-eraikin bihurtzea, hasiera batean 14 apartamentu har ditzakeena. Tramitatzeke dagoen hitzarmen bat adostuta dago. Orion, bestalde, Nueva Cerámica fabrika zaharrean 40 bizitoki inguru gaitzea dago aztergai. Higiezin hori arkitektura arrazionalistako eraikin industrial bat da, Docomomo-k katalogatua, eta berori berreskuratzeak ahalbidetuko luke bere balio arkitektonikoa mantentzea eta eraikinari bizitegi-eginkizun berri bat ematea. Kasu horretan ere, tramitatzeke dagoen hitzarmen bat adostuta dago.

Donostian, gainera, sei apartamentu aurreikusi dira Villa Ulialden, Ategorrietan dagoen eraikin historikoan. Bestalde, Bizkaian 40 eta 50 zuzkidura-apartamentu artean sortuko dira Telefónicaren egoitza zaharrean, Bilboko Gorte kaleko 23 zenbakian, eta Elorrioko XVII. mendeko ondare-eraikin batean beste 11 apartamentu eraikitzeko hitzarmena sinatuta dago.

Ekimen horiek guztiek logika bera dute: jarduerarik gabe geratu diren eraikinak identifikatzea, haien bizitegi-potentziala aztertzea eta bizitoki publiko berriak sortzeko baliatzea. Estrategia horrek aukera ematen du eskura dagoen ondarea optimizatzeko, balio arkitektonikoa eta historikoa duten higiezinak zaintzeko eta, aldi berean, udalerrien hiri-berroneratzea indartzeko.

2.200 zuzkidura-apartamentu baino gehiago dagoeneko aktibatuta Euskadin

Gaur egun, Euskadik 2.210 zuzkidura-apartamentu ditu lurzoru propioan edo hitzartuan aktibatuta. Horietatik 992 eraikita daude, 255 obretan, 494 proiektu-fasean eta beste 469 aztergai. Ahalmen horri hamaika udalerritan atzitzeke dauden 900 bizitoki gehitu behar zaizkio, baita jasoduren estrategiari lotutako beste 2.000 apartamenturen potentziala ere, bizitegi-eraikin jakin batzuen hazkunde-ahalmena aprobetxatzeko, solairu berrien bidez. Oro har, 5.100 zuzkidura-apartamentu baino gehiago proiektatzeko aukera ematen dute jarduketa-ildo horiek.

Donostian, zehazki, AEMETeko 42 apartamenduez gain, Etxebizitzak beste 600 apartamentu inguru eraikiko ditu Loiolako Erriberako (83+176), Morlanseko (180), Eliseoko Zelaietako (93) eta Txomin-Enea IIko (40 inguru) hainbat sustapenetan, azken horiek gaur egun Martuteneko espetxeak hartzen dituen lurretan. Guztira, 614.

Zifra horretan sartzen da, halaber, etxebizitzako udal-erakundeen ekarpena. Horien artean nabarmentzen dira Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak kudeatutako 86 bizitokiak, Donostian Donostiako Etxegintzak kudeatutako 452 bizitokiak eta Irunvik Irunen sustatutako adineko pertsonentzako 16 apartamentuak.