Eusko Jaurlaritzak Kutxabanki 57 etxebizitza erostea sinatu du, horiek alokairu sozialeko parke publikoan modu iraunkorrean sartzeko

0
  • Alokabide sozietate publikoak 5,7 milioi euroan erosi ditu higiezinak, hiru lurralde historikoetan banatuta, eta bizitegi-ondare publikoan barne hartuko dira
  • Operazioak bermatzen du etxebizitzak alokairu sozialera bideratuko direla, hitzarmenen indarraldiaren mende egon gabe, maizterrei egonkortasuna emateko eta babestutako parke publikoa finkatzeko

Eusko Jaurlaritzak Kutxabanken partaidetza osoa duten bi sozietateren jabetzako 57 etxebizitzaren salerosketa-eskritura formalizatu du ostegun honetan. Etxebizitza hauek Alokabidek kudeatutako ondare publikoan sartuko dira. Operazioaren zenbatekoa 5,7 milioi eurokoa da —100.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko—, eta higiezin libre hauek bizitegi-parke publiko bihurtzea ahalbidetuko du, baita alokairu sozialerako modu iraunkorrean erabiliko direla bermatzea ere, hirugarrenekin adostutako akordio edo hitzarmenen indarraldiak baldintzatuta egon gabe. Horrela, Jaurlaritzak indartu egiten du etxebizitza babestuaren eskaintza zabaltzeko bere ahalmena, eta egonkortasuna ematen die etxe horietan bizi diren pertsonei.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu eta Alokabideko presidente Denis Itxasok, Kutxabankeko Higiezinen Negozioko zuzendari Ibon Imatzek eta banketxe horretako Higiezinen Negozioko arduradun komertzial Iñaki Munduatek sinatu dute salerosketa. Akordioak aurreikusten du Harri Iparra S.A.U.ren jabetzako 20 etxebizitza eta Harri Inmuebles S.A.U.ren jabetzako beste 37 etxebizitza eta, hala dagokionean, horiei atxikitako eranskinak erostea.

Etxebizitza libreak dira eta hiru lurralde historikoetako udalerrietan banatuta daude. Araban, higiezinak herri hauetan daude, besteak beste: Urkabustaiz, Araia, Gasteiz, Oion, Bastida eta Artziniega. Gipuzkoan, udalerri hauetan daude banatuta: Eibar, Elgoibar, Irun, Beasain, Ordizia, Donostia, Errenteria, Arrasate, Azkoitia, Lazkao, Elgeta eta Urretxu. Bizkaian, operazioak Bilbo, Barakaldo, Basauri, Galdakao, Ermua eta Karrantza artean banatzen ditu etxebizitzak.

57 higiezin hauek eskuratuta, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 733 etxebizitza erosi dizkie hainbat entitateri legegintzaldi honetan: 510 Testa-ri Benta Berrin (Donostia), 148 La Caixari Arrasaten eta 18 Jauregizarri Errenterian.

Alokairu sozialeko parke publikoa sendotzeko inbertsioa

Operaziorako adostutako prezio osoa 5.700.000 eurokoa da (zergak kanpo). Kopuru horretatik, 1.605.221 euro Harri Iparra S.A.U.ren 20 etxebizitzei dagozkie, eta gainerako 4.094.779 euroak, berriz, Harri Inmuebles S.A.U.ren 37 etxebizitzei. Batez besteko erosketa-zenbatekoa, beraz, 100.000 euro ingurukoa da etxebizitza bakoitzeko, baina balioak indibidualizatuta daude eta aldatu egiten dira higiezin bakoitzaren eta atxikitako eranskinen ezaugarrien arabera.

57 etxebizitza hauek ondare publikoan sartzea beste urrats bat da titulartasun publikoko bizitegi-parke babestu bat finkatzeko, eta beren eskuragarritasuna ez dago entitate pribatuekiko aldi baterako hitzarmen edo akordioen iraupenaren mende. Horrela, Alokabidek zuzenean kudeatu ahal izango ditu higiezin hauek, eta iraunkorki alokairu sozialera bideratuko direla bermatu ahal izango du. Horri esker, Administrazioak herritarren bizitegi-premiei erantzuteko duen esku hartzeko ahalmen indartzen da.

Operazio honekin, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-parke publikoa handitzeko eta sendotzeko estrategian aurrera egiten jarraitzen du, ez soilik higiezin gehiago sartuta, baita bizitegi-baliabide hauek Euskadiko alokairu sozialeko politika publikoen zerbitzura modu egonkor eta iraunkorrean egongo direla ziurtatuta ere.