Euskadik astelehenan abian jarriko du COVID-19ko balizko pazienteen baheketa

0

Euskadik, astelehen honetan bertan, lehen fase batean 4.147 pertsonari zuzendutako baheketa selektiboko plan bat jarriko du abian. Plana zuzenduko zaie bere garaian, haien sintomengatik COVID-19 gisa diagnostikatu ziren baina testik egin ez zitzaien pertsonei, eta helburua izango da gaixotasuna zenbat pertsonak gainditu duten eta zenbat dauden immunizatuta egiaztatzea.

Hala iragarri du gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, koronabirusak Euskadin izan duen bilakaeraren berri emateko egindako eguneroko agerraldian. Azaldu duenez, Osasun Kontseilua atzo, asteazkena, hasi zen COVID-19ko balizko pazienteen baheketa-plan horretan borondatez parte hartuko duten pertsonei hitzordua ematen, astelehenetik aurrera dagokien osasun-zentroetan proba egin dakien (odola ateratzea).

Baheketa selektibo hori biztanleria orokorrari zuzentzen zaion seroprebalentzia-azterketarekin batera hasiko da —Carlos III.a Osasun Institutua da azterketa horren buru—. Euskadin Osasun Sailak eta Osakidetzak garatuko dute, astelehenetik aurrera hau ere bai, eta baheketa horretan 5.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte beren borondatez.

Nekane Murgaren hitzetan, biztanleriaren immunitate-maila aztertzeko bi tresna osagarri baliotsu dira. Bi tresna horien bidez, pandemiaren benetako dimentsioa hobeto ezagutzeko aukera izango dugu eta, ondorioz, osasun publikoko neurriak egokitu ahal izango ditugu, pandemiari ahalik eta modurik eraginkorrenean eta seguruenean aurre egiteko.

DATU EGUNERATUAK

Osasun sailburuak jakitera eman duenez, azken orduotan Euskadin 392 positibo berri baieztatu dira, eta guztira 13.436 pertsona kutsatu dira. Horietatik, 838 gure ospitaleetan ospitaleratuta daude. Lurraldeen arabera:

  • ARABAN kutsatuak 3.368 dira, eta horietatik 143 ospitaleratuta daude.
  • BIZKAIAN, kutsatutako pertsonak 7.633 dira, eta horietatik 498 ospitaleratuta daude.
  • GIPUZKOAN, positiboak 2.435 dira eta horietatik 197 ospitaleratuta daude.
Apirilaren 23ra eguneratua Kasu positibo berriak Pertsona ospitaleratuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 44 143 327 3.368
BIZKAIA 305 498 611 7.633
GIPUZKOA 43 197 229 2.435
EUSKADI, GUZTIRA 392 838 1.167 13.436

Atzo, 43 heriotza gehiago erregistratu ziren, eta, hortaz, COVID-19aren ondoriozko heriotzak 1.167 dira Euskadin.

Beste egun batez ere, gora egin du sendatu diren edo senda-agiria jaso duten pertsonen kopuruak, eta atzo jada 8.136 pertsona ziren.

Joan den asteartetik, eguneroko buletinak Osasun Ministerioaren eskakizunen arabera kontabilizatzen ditu probak. Hartara, orain arte 68.325 proba egin dira eta atzo, soilik, 4.339 PCR proba egin ziren eta 3.050 test azkar. Positiboen ehunekoa, egindako probei dagokienez, % 8 da.