Donostiako Udalak Ruandan eta Palestinan egingo diren giza ekintzetan parte hartuko du

0

Lankidetza Atalak larrialdiko eta giza ekintzako hiru proiektutan hartuko du parte, Ruandan eta Palestinako lurralde okupatuetan. Hala onartu du, asteartean, Gobernu Batzarrak; hain zuzen, proiektu horietako bakoitzari 11.630 euro ematea erabaki du.

Lankidetzako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak azaldu duenez, laguntza horiei esker, “batetik, Gurutze Gorriaren proiektu bat finantzatuko da, Rubavun, Ruandan, uholdeek erasandako familientzako etxebizitzak egiten laguntzeko; izan ere, martxoaren 3an, eurite bortitzak izan ziren han, eta, horren ondorioz, Sebeya ibaiak gainezka egin zuen, eta luiziak izan ziren beste eremu batzuetan, zeinetan jendea muino aldapatsuetan bizi baita. 25.000 bat pertsonak (5.000 etxek) jasan zituzten kalteak, eta litekeena da, egunak joan ahala, beste etxebizitza asko erortzea.”

Proiektu honen helburua da 28 familiarentzako (140 pertsona) etxebizitza duinak egitea berriz, eta, hala, pertsona horiei aterpe eta babesleku bat ematea.

Palestinako lurralde okupatuetarako bi proiektuei dagokienez, Duñike Agirrezabalaga zinegotziak adierazi du 1967tik, Israelen okupazioa hasi zenetik, Zisjordanian eta Gazan drastikoki egin dutela behera osasunaren arloko inbertsio publikoek. Hango biztanleek oraindik ere oso zaila dute lehen mailako osasun zerbitzuak eskuratzea, eta zerbitzuok, gainera, kalitate eskasekoak dira.

Hori dela eta, Lankidetza Atalak zuzenean babestu nahi du Palestinako Nablus, Ramallah eta Hebron lurralde okupatuetako biztanleei aurrera egiten laguntzeko proiektua, SODEPAZen bidez. Proiektu honen bitartez, 6 hilabetean, sendagaiak eta tratamendu medikoa eman nahi zaizkie Ramallaheko, Nabluseko eta Hebroneko gobernazioetako landa guneetan bizi diren pertsonei, Palestinako Osasun Sistema Publikoak ez baitu nahikoa zerbitzu ematen han.

Lankidetzako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak azaldu duenez, “bigarren proiektuaren helburua da Gazako zerrendan bizi diren palestinarren egoera eta bizi baldintzak hobetzea, emakumeei eta haurrei laguntza psikosoziala emateko tekniken bitartez. Izan ere, antsietateak eta estresak jota bizi dira etxean, segurtasun falta fisikoa dutelako, iraganeko gatazken trauma dutelako eta zailtasunak dituztelako familien oinarrizko beharrizanak betetzeko, 11 urtean blokeoa eta zenbait eraso militar jasan izanaren ondorioz.

“Gazako Zerrendan dauden eta giza eskubideen urraketen biktima diren emakume eta adingabeei laguntza psikosoziala emateko sistema komunitarioak” izena du proiektuak, eta Mundubat fundazioaren bidez egingo da.