Mediku faltsu bat atxilotu eta bere lokal klandestinoa itxi dute Erriberan

0

Guardia Zibilak gizon bat atxilotu zuen intrusismoa egotzita, lanbide-prestakuntzarik gabe mediku gisa aritzen baitzen. Horrez gain, Nafarroako Erriberan zuen lokal klandestino bat itxi zuen. Lokalean zegokien kontrol sanitarioa pasatu gabeko ukenduak atzeman zituzten agenteek.

Ikerketa Guardia Zibilaren eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Kontseilaritzaren lankidetzari esker burutu zuten. Kortikoideak izan zitzaketen etiketarik gabeko kremak bazirela jakin zuten ikerlariek, eta hari horretatik tiraka, Erriberako lokal batean saltzen zituztela egiaztatu zuten.

Kremak inongo kontrol sanitario barik saltzen zituzten, kortikoidea duten produktuak botika gisa saldu behar badira ere (hortaz, mediku batek agindu behar ditu, eta errezeta behar da erosteko).

Lokalean egindako miaketan dozenaka kristalezko pote atzeman zituzten agenteek, hozkailu batean sartuta. Kremek ez zuten etiketarik. Ukenduak egiteko landareak eta tresnak ere topatu zituzten.

Miaketak egiten ari zirela, ustezko medikuaren hainbat paziente azaldu ziren lokalean. Horri lotuta beste ikerketa lerro bat zabaldu zuen Guardia Zibilak.

Gizonaren etxebizitza miatu zuten gero, eta han ere kremak, kremok egiteko tresna eta produktuak, eta dokumentazio ugari aurkitu zituzten agenteek.

Epilepsia gaixoak artatzen zituen

Bigarren ikerketa lerroari esker egiaztatu ahal izan zutenez, gizonak ez zuen lanbide-prestakuntzarik, eta halere, mediku gisa aritzen zen.

Besteak beste, epilepsiak jotako pertsonak eta emakume antzuak artatzen zituen. Bere sendagaiek osatuko zituela sinestarazten zien.

Horrez gain, miaketetan beste aurkikuntza bat egin zuten agenteek. Hainbat “paziente” topatu zituzten oinak likido batean sartuta nonbait likidoak hartzen zuen koloreak gaixoaren gaitzaren berri ematen zuen.

Bere jardunari sinesgarritasuna emateko hainbat elementu zerabiltzan gizonak. Hala nola, gaixoak artatzen estetoskopio bat eta tentsioa neurtzeko gailu bat zituen, eta gorputzeko anatomiaren hainbat horma-irudi zituen lokalean.